56 urterekin Xixoneko Zinemaldia munduan dauden zaharrenen artean dago. 2012raino, zazpi urtez José Luis Cienfuegos astuariarra zuzendari izan zela, Xixoneko zinemaldiak nazioarteko panoraman lekua hartu zuen eta publikoaren arrakasta lortu. Zine independientearen agertokia bilakatu zen. Berarekin programazioan estu lan eginez aritu zen Alejandro Diaz Castaño. Biak Sevillan tartetxoa egin ondoren, iaz Díaz Castaño itzuli zen Xixonera. Zuzendari izatera. Bost hilabetetan atera zuten edizio hori. Aurten urtebeteko lasaitasunez, eta Xixonen lortutako prestigioaz, edizio desiragarria bildu du. Zinemaldi nagusietan harribitxiak jasoz. Ostiraletik datorren asteko larunbaterarte hori frogatzeko aukera izango da.
Beste zinemaldietan arrantzatutako harribitxien artean, zinemaldia zabalduko duen“La Favorita“ filmak. Egungo zinegile greziar garrantzitsuenak, Yorgos Lanthimosek, XVIII. mendera egin du salto, Anne britaniar erreginaren agintaldiari begiratua emateko. Drama historikoaren itxuraz, ohikoa duen botere mekanismoak erretratatzen ditu. Veneziako Zinemaldian aurkeztu eta bertan emakumezko aktore onenaren saria jaso zuen Olivia Colmanek. Filmean jada “Langosta”n Lanthimosekin aritutako Rachel Weiszek eta Emma Stonek ere parte hartzen dute. Berlinetik berriz Epaimahaiaren Sari Nagusia jaso zuen “Mug“ filma lehiatuko da Xixoneko Sail Ofizialean. Malgorzata Szumowska poloniarrak bere herriko kontraesanak agerian utzi ditu, lan istripu batean aurpegia hondatu eta ospetsu egiten den gizon baten erretratuan. Jarraitu beharreko emakume zuzendaria da poloniarra.

Berlinetik baina lehiaz kanpo proiektatuko duten Hong Sang-sooen azken aurrekoa,“Grass“. Hegokorearrak partaidetza bikoitza izango du, Sail Ofizialean lehiatzen den“Hotel by the River“ filma ere izango baita Xixonen. Bertan zuzendariaren alter egoa izan daiteken gizon adinetu batek familia bildu nahi du hotel batean. Gaixo dagoela esateko. Gizon zaharrena egiten duen Ki Joo-bong-ek gizonezko aktore onenaren saria lortu zuen. Andra Guti errumaniarrak berriz emakumezko aktore onenaren saria eskuratu zuen “Alice T.“ filmagatik. Ama baten eta alaba baten arteko erlazio korapilotsua aztertzen du Radu Muntean zuzendariak. Locarnoko aurtengo zuzendaritza onena jaso zuen, “Tarde para morir joven“ filma ere izango da Xixonen. Bertan Dominga Sotomayor zuzendari txiletarrak haurtzarotik gaztarora hippien komuna batean filmatu du.Aipatzekoa da emakumeen lana ikusatarazi nahi dituztela eta horrela Sail Ofizialean lehiatuko diren hamazazpi izenburuetatik bost emakumeek zuzendu dituztela. Jada aipatu ditugun Szumowska eta Sotomayorrez gain, Canneseko Kritikaren Astean, kritikoen FIPRESCI saria jaso zuen Zsófia Szilágyi hungarriaren “One Day“ dugu. Nik galdu nuen baina harribitxia dela esan didate. Hortaz gain, Sundancen lehiatu ziren “Madeline’s Madeline“ erretatu psikolologikoa, oso bitxia, Josephine Deckerren eskutik edota Sara Colangeloren “La Profesora de Parvulario“. Israelgo film ezagun baten bertsioa da, baina ondo girotuta omen dago Estatu Batuetako kontestura eta Maggie Gyllenhaal izugarri omen dago talentu apartekoa duen ikasle baten alde egiten duen irakaslearen paperean.
“The Kindengarden Teacher”. Zuzendaria: Sara Colangelo
Azkenik aipatu nahi nuke 26 urte ondoren, Asturiasen egindako zinea berriro itzuliko dela Xixoneko Zinemaldiaren Sail Ofizialera. Formatua aldatu zutenetik, lehen aldiz Sail Ofizialean lehiatzen da Ramón Lluís Bande Xixoneko idazleak eta zuzendariak. 1934ko urriko iraultza erretratu du, nola armada errepublikarrak Astuariaseko nekazari eta langileen iraultza zapaldu zuen. Horretarako iraultza izan zen lekuetara itzuliko da Nacho Vegas kantariaren laguntzaz. Iraultzako zortzi kanta abesten ditu Vegasek.“Cantares de una revolución“ filma mundu estrenaldia izango du Xixonen.
Please comment with your real name using good manners.