Hogeitahiru urte egin ditu talde feministek animatuta emakumeek filmatutako pelikulak ezagutzera emateko mostrak. Zinemakumeak Garak jada Bilbon urrian tartetxoa hartuta du. Gainera gero eta erakunde gehiagorekin lankidetzan ari dira. Horrela Euskadiko Filmategiarekin batera, iraganeko zine zuzendariak berreskuratzeari ekin diote, besteak beste. Aurten amodioa izango dute gaitzat.
Zine mostra honetako une garrantzitsu bat ostiralean ematen den “Simone de Beauvoir” saria da. Ángeles González-Sinde, Maite Ruiz de Austri, Icíar Bollaín, Núria Vidal edo Isa Campo saritu ondoren, aurten Patricia Ferreira madrildarrak jasoko du ikur hori. Kazetaritza ikasi ondoren, zine kritiko ibili zen Patricia, telebistan gidoilari eta errealizadore modura eskarmentua izan aurretik. Estilo desberdineko filmak egin ditu, esaterako Malagan film onenaren saria jaso zuen “Los Niños Salvajes” pelikula. Beste emakume batek idatzitako “Thi Mai: rumbo a Vietnam“ zuzendu zuen. Vietnamen adoptatzeko bidean zegoen emakume bat hiltzen da eta honen ama (Carmen Machi) biloba izan behar duenaren bila joango da bere lagunekin. Adin bateko emakumeak dira protagonistak. Saria eman aurretik film hau jarriko dute antolatzaileek.
Ostiralean berriz iraganari botako diote begirada. Euskadiko Filmategiarekin batera, Arantxa Lazkano zarauztarraren bi pelikula emango dituzte. 1989an zuzendu zuen “Maider“ laburra eta hiru urte beranduago egin zuen lehen luzea, egindako luze bakarra. “Urte ilunak“ filma Barbara Goenagaren lehen filma ere izan zen. Barbara Itziar zen, 1940eneko hamarkadan familia nazionalista eta eskola errepesio erdian bizi den haurra. Ondoren, Donostia Zinemaldian atzerabegirakoa izan zuen Muriel Box britaniarraren lana ezagutzeko aukera izango dugu. “Simon and Laura“ filma emango dute. 1950eneko hamarkadan BBCeko ekoizle batek seriea egin nahi du zoriontsu diren aktore bikote baten familia filmatuz. Hautatako bikotea, Foster bikotea, baina bikote zoriontsu izatetik urrun dago.

Astelehenean hasi zuten mostran osotara emakumeek zuzendutako zortzi luze eta hamazazpi labur emango dituzte. Tartean, igandean, euskal zinegileek egindako batzuk: “Plunge” (Alba Lozano), “I am awake now” (Itziar Orbegozo), “Lehen Jaunartzea” (Leire Egaña), “Calas para Eva” (Ilune Díaz) eta “Algunas aves vuelan solas” (Andrea Jaurrieta). Hortaz gain, hainbat hitzaldi egon da.
Emakumeen zinea barra barra Bilbon egunotan.
Please comment with your real name using good manners.