Donostia Zinemaldiko 66. edizioko Sail Ofizialean arituko diren hainbat izen iragarri zituztenean, gorriz markatu nituen. Film horietako batzuk Toronton mundu estrenaldian izan dituzten kritikak ikusita are gehiago azpimarratu nahi ditut.
HIGH LIFE. Zuzendari erreferentziala da Claire Denis fantziarra. Kritikaren txaloak jaso dituzten “Chocolat” eta “Beau Travail” bezalako filmak zuzendu ditu. Iaz “Un sol interior” filmarekin dozenaka zinemaldi bisitatu zituen. Horretan Juliette Binochek maitasunaren bila ari den emakume dibortziatu bat maisuki egiten zuen. Binoche berriz Denisen alboan izango da Sail Ofizialean ikusiko dugun honetan. Denisek ingelesez egiten duen lehen filma ustez zientzia fiziozkoa da.
Binoche erreproduzio doktorea da. Espazio ontzi batean dauden gizonei hazi kendu eta emakumeei jartzen diena. Denek boluntarioko egiten omen dute, Robert Pattinsonek jokatzen duen Monte ezik. Eta hori obsesioa bilakatzen da doktorearentzat. Amatasunaren inguruan hainbat afera puri-puri dauden honetan, gaiak erakartzen nau. Are gehiago irakurri dudanean “Solaris”-en antza gehiago duela “Star Wars”-ena baino. Torontoko publikoa multzoka atera zen zinetik, filma bukatu gabe, baina kritikarien ustez, hausnartu behar den film horietakoa da.
Donostiatik Sitgesera joango da filma. Gero, azaroaren 7an estreinatuko da Frantziako zine aretoetan.
VISION. Juliette Binoche bitan ikusiko dugu Sail Ofizialean eta bietan emakume zuzendarien gidaritzapean. Oraingoan Naomi Kawase japoniarrearen aginduetara. Canneseko ohiko lehiakidea, zinemaldiaren adiskide dugu Kawase. Honen azken filmak, “Una pastelería en Tokio” eta batez ere, “Hacia La Luz” maitatu ondoren, Kawaseren azken hau azpimarratu ditudan horietakoa da.
Juliette Binoche honetan Jeanne entsailaria da. Japoniarra, Nara erregiora doa belar baten bila. 997 urtero agertzen den belar bitxi horrek bizi makaltasuna eta agonia kentzen die hartzen duteneei. Bertan, Tomo, basoan bizi den gizon misteriotsua (Masatoshi Nagase) aurkituko du. Kulturalki desberdin badira eta hizkuntza muga bada ere, Jeanne eta Tomo bat bestera hurbiltzeko beharra izango dute.
Frantzian azaroaren 28an emango da zine aretoetan. Espainian ere banatzailea du baina oraindik ez du datarik finkatu.
BEAUTIFUL BOY. 2014ean Belgikatik Oscar hautagaia izan zen Felix Van Groeningen zuzendariaren “The Broken Circle Breakdown“. Espainian “Alabama Monroe” izenburuarekin kaleratu zen filmean belgikar batzuen Estatu Batuetakoei maitasuna ikusten zen. Agian horregatik hautatu dute berau gorabehera asko izan dituen film honen ekoizpen etxeak. Tartean, Brad Pitt dago Amazon Studios egindako film honen ekoizpenean.
Bere ingelesezko lehen luzean, Van Groeningenek liburu bitan oinarritutako film biografikoa zuzendu du. Filmak kontatzen du metanfetamineei adikzioa. David Sheffek (Steve Carell) ikusten du Nic semea (Timothée Chalamet) drogetan sartzen dela. Drogamenpekotasunetik nola ateratzen duen ere kontatzen du filmak. Tartean, amaren paperean, “Urgencias” seriean famatu egin zen Maura Tierney aktorea. Hiruon papera txalotu du Toronton filma ikusi duten kritikoek.
Gogoratu Chalamet iaz Oscarretarako hautagai izan zela, “Call Me By Your Name” filmari esker. Denis Villeneuve prestatzen ari den “Dune” bertsio berrian aurreikusita dago eta “Mujercitas”en bertsio berrian ere. Carell ere duela hiru urte Oscarretako hautagai izan zen, “Foxcatcher” filmagatik.
Urteberriarekin batera, urtarrilaren 1ean estreinatuko da Espainiako zine aretoetan. Frantzian otsailean izango da.
DANTZA. “Agur Etxebeste” filmatzen ari dela, Telmo Esnal-ek bukatu du bere proiektu pertsonalena. Sail Ofizialean lehiaz kanpo ikusiko den luzea mimoz egin du Esnalek, dantzaria izandakoak. Urtebetez bizitzaren zikloa kontatu nahi izan du, oso berezia den musikal baten bidez. Dantzen bidez, aktoreek ez, dantzariek urtebete hori irudikatzen dute. Hazi botatzen denetik uzta jasotzen den arte, tartean, amodioa, festa, borroka egongo direla.
Gaia, ikusitako irudiek eta Sail Ofizialean, lehiaz kanpo bada, hautatu izanak interesa piztu didate.
Gabonak bueltan jarriko ditu dantzan gainontzeko ikusleak. Filma abenduren 21ean, Santamasetan, estreinatuko da areto komertzialetan.
VIAJE AL CUARTO DE UNA MADRE. Eta “New Directors” sailean pare bat aipatzeagatik, emakumeen istorio bat eta gizonezkoena aipatu nahi nituzteke. Celia Rico Clavellino zuzendari andaluziarrak duela sei urte kritikaren txaloak jaso zituen bere “Luisa No Está En Casa” filma laburragatik. Emakume eta gizonen erlazio kutsakukorrak salatzen zuen filmagatik. Orain lehen fikziozko luzea egin du eta Donostian eta Londreseko Zinemaldian Lehen edo Bigarren lanak saritzeko sortutako sariagatik lehiakide izango da.
Leonor (Anna Castillo) galduta, aspertuta dabil. Aita galdu berria, ama duen Estrellari (Lola Dueñas) etxetik joango dela esango dio. Londresera alde egingo du, bere bizitzari ekiteko. Ama noraezean geldituko da. Ama-alaba erdian jartzen dituen filmek deitzen didate. Beraz gogoz ikusiko du bi aktore itzel horiek duen filma.
OREINA. Kimuak-en sartutako hainbat film labur egin ondoren, duela bi urte, lehen film luzea osatu zuen Koldo Almandozek. Zinemaldian Zabaltegi-Tabakaleran sartu zuten “Sipo Phantasma” ez-fizkio hura. Orain bere fikziozko lehen luzearekin dator, bi anaien arteko istorioa kontatzera.
José Ramon (Patxi Bisquert) eta Martin (Ramón Agirre) etxe berean, baina bakoitza albo batean bizi dira. Elkarri ez diote hitzegiten, etxearen zati bat zainduta, bestea utzita. Bien artean agertzen da Khalil (Laulad Ahmed Saleh) gaztea. Aipatzekoa Goya irabazitako Javi Agirrek egin du argazki zuzendaritza eta Elena Setién donostiarrak musika.
Almandozen laburrak eta “Sipo Phantasma” maite ditut eta gogoz ikusiko dut berria.
MURIEL BOX. Aukera banu, gidoilari eta zuzendari britaniar ahaztu honen edozein film berreskuratuko nuke. 1945 eta 1964 urte artean, prostituzio, umeen abusua, abortoa, nerabeen arteko sexoa eta ezkontzetik kanpo izandako umeen gaiak, tabu gaiak zirenak pantailaratu zituen.
Please comment with your real name using good manners.