Donostiako Intxaurrondon Larrotxene kultur etxea duela 31 urte zabaldu zuten. Urtera kultur etxe honen ildo nagusia izango zenari heldu zioten. Garai hartan bideo tailerra jarri zuten martxan. Ikusentzunezkoa izango baitzen euren espezializazioa. Ikastaro horretako lehen piezak duela 30 urte eman ziren estreinekoz data hauetan. Lehen bideoaldia osatu zuten. Hori gogoratzeko eta aurtengo uzta aurkezteko bideoaldi berezia prestatu dute.
Berezia bikoitza izango delako. Gaur eta hurrengo ostiralean erdibituta. Eta gaur gainera, estreinekoz, gala izango da. Alazne Etxeberriak eta Eñaut Gantxegik aurkeztuko dute gala, Antzoki Zaharrean gaueko 20:00tik aurrera. Bertan aurten ekoiztu diren 16 piezatik batzuk aurkeztuko dituzte. Eta gero DZ dj-az girotuta jaia Intxaurrondon. Aurtengo uzta hain izan da oparoa non bigarren emanaldi bat antolatu dute datorren ostiralerako Intxaurrondo Kultur Etxean. Bertan emango dira besteak beste, aurten Larrotxenek lagundu dituen 20 koprodukzio gorakoetik batzuk. Eta horiez gain, gaurko saioan, Bideoaldiaren 30. urteurrena ospatzeko bideo berezia prestatu dute, LB30 izenarekin eta distopiekin jolatuz.
Teaser horretan ikusten duzue Larrotxenetik pasatako irakasle eta ikasle batzuk. Izan ere, egun puri-purian diren zinegileen harrobia izan da Larrotxene. Esaterako Borja Cobeaga eta Luiso Berdejo Intaurrondotik pasatakoak dira. 450 ekoizpenetik gora egin dira 30 urte hauetan. Jon Insausti kultura zinegotziak prentsaurrekoan gogoratzen zuenez “Larrotxene erreferente bilakatu da formazioan, aurkezpenean eta lankidetzan“.
Gaur emango diren film laburren zerrenda, irakasleen izenekin, hauxe:
1. Ze pena Robin (Zuzendaria: Xabier Larzabal). Gidoigintza hastapena, Andoni de Carlos.
2. Ongi etorri (Zuzendaria: Cesare Maglioni). Gidoigintza aurreratua, Michel Gaztambide.
3. Aurtengo lanen aurrerapena. Dokumentalgintza, Oskar Tejedor.
4. El nuevo vecino (Zuzendaria: Suso Martinez Sanchez). Zine zuzendaritza, Pablo Malo.
5. Zaldiak hegazkinari, hegazkinak haurrari (Zuzendaritza kolektiboa). Zinema berriak, María Elorza.
6. Tximeletaren hegaldia (Zuzendaria: Amaia San Sebastian). Ez fikzioa, ez dirua, Ander Iriarte.
Datorren ostiralean aurten ekoiztu diren beste hamar film labur erakutsiko dira Intxaurrondon, koprodukzio batzuekin batera. Bi saioetarako sarrera doan da. Gaurko Antzoki Zaharrean bertan hartu behar da.
Please comment with your real name using good manners.