CANNESetik
Zuribeltzeko “Ida” filmak Oscar saria jaso ondoren, Pawel Pawlikowski poloniarrari Cannesen ateak zabaldu zaizkio. Gerra Hotzan kokatutako amodio istorioa ekarri du lehiara. Christophe Honoréren laugarren partehartzeak ikutu autobiografikoa du. Horiek Sail Ofizialari dagokionez. “Kritikarien Astea” zabaldu zuen Paul Danoren lehen filma eta Canneseko kuttuna den Jaime Rosalesen azken proposameneei buruz hitzegiteko parada dut gaur.
2013an kasualidadez iritsi nintzen Londresen ikasi baina Parisen bizi den zuzendari poloniar baten bosgarren fikziozko luzera. Zuribeltzean filmatutako “Ida”, Komunismoan Poloniako juduen historia ezkutua azalaratzen duen filmak txundituta utzi nindun. Horregatik gaur izugarrizko gogoa nuen “Zimna Wojna” (Gerra Hotza), zuribeltzean filmatutako bere hurrengo filma ikusteko. “Ida” bezala zuribeltzean eta 3/4tan filmatua, komunismoari kargu hartzen dio eta musika, jazz musikak zeresan handia du. Aurrekoak bezala harrapatu nau baina agian, ustekabea ez zegoelako, lehenak sortutako irrikia pittin bat apaldu zait.

Gerra Hotzaren erdian, Poloniako kultura ministeritzak kantu eta dantza tradizionalen taldea osatuko du, herri poloniarraren folklorea barreiatzeko. Horrela ezagutzen duten elkar Wiktor (Tomasz Kot) pianistak eta konpositoreak eta Zula (Joanna Kuli) kantariak. 13 urtez eta Polonia, Paris, eta Yugoslavia tartean mugitzen den maitasun istorio trajikoa izango dute. Amodioak berez dituen zuribeltzen poderioz eta diktadura baten erdian girotzen delako. Antigualeko amodio istorio sendoa, ederra. Antzeztaldean “Ida”n paper itzela zuen Agata Kulesza eta Cedric Kahn eta Jeanne Balibar aktore frantziar indartsuak daude. Eta kuriositate bat: Wroclawen, Donostiarekin Europako Hiriburu Kulturala izan zenean, filmatu dute ere.
Christophe Honoré horrela laburbiltzen du Lehian duen “Plaire, Aimer et Courir Vite” (Gustatu, Maitatu eta Korrika egin) filma: “Lehen maitasun istorio bat, azken maitasun istorioa”. Iaz Canneseko Zinemaldian Hiesaren inguruan egindako “120 BPM” film ederrak saria jaso ondoren, antzeko filma dakarkigu Honorék. 1990. hamarkadan, Arthur (Vincent Lacoste) ikasle bretoiak Jacques (Pierre Deladonchamps), oraindik gazte baina gaiso eta hiltzear dagoen idazlea ezagutuko du. Arthurrentzat lehen amodio istorioa izango da.

Honorék bere iragana, bere eskarmentua jarri du film honetan. Parisen zine ikastera iritsi zen gazte bretoia izan zen berau 1990.eneko hamarkadan. Ihesaren izu bizi zuen Paris batean murgildu zen. Eta garai hartako bere musika, jantziak eta irakurketak ezagutzera eman zien aktoreei errodajean. Alde horretatik errelista bilakatu du filma. Zoritxarrez lehen amodio hori erretatzen duen “Call Me By Your Name” edota Hiesaren aurkako borroka kronikatzen duen “120 BPM” gertu, gertuegi daude, nire memorian freskoegi, konparazioak sahiesteko. Eta bi horien aldean, eskasagoa iruditu zait Honoréren film autobiografiko hau.
Jaime Rosales Espainian dagoen zuzendari interesenteena da, ezbairik gabe. Horrela ez da harritzekoa filmatu duen guztiak, sail batean edo bestean, Cannesen izan duela estrenaldia. “Petra” berrian trajedia greko bat burutu du, fosen gaia atzean duen trajedia familiarra. Iragana ezkutatzeak trajedia ekarri dezake? Edo iragan hori azalaratzeak burutu dezake hondamendia? Dilema hori planteatzen digu guztiz sendoak den aktore talde batekin. Petra (Barbara Lennie) Jaume artista entzutetsuaren (Joan Botey) etxera doa egonaldi artistiko bat egitera. Hori aitzaki besterik ez da, iraganeko kontu bat baitu eskuartean. Etxean Jaumeren semea, Lucas (Alex Brendemühl) ezagutuko du. Berau Gerra Zibileko fosen inguruan lan bat egiten ari den argazkilaria da. Eta honen ama, artistaren emakume kosmopolita Marisa Paredesek antzezten duena. Artistak morroiak merkantzia modura erabiltzen ditu. Ingurukoak ertaroko edo greziar errege baten modura. Gauza bat eta guzti lotuta trajedia sortuko da. “Petra”ren gidoia Michel Gaztambidek sinatzen du besteak beste. Eta tartean, Paco Etxeberria ikusteko aukera izango dugu.

Sundancen gustu ona utzi zuen “Little Miss Sunshine” pelikularekin ezaguna egin zen Paul Dano aktoreak zuzendutako lehen luzeak. “Wildlife“ filmak orain Canneseko kritika harrapatu du. 14 urteko Joeren begiradatik familiaren desegiraketa erretatzen du filmak. Jerry golf jokalari profesionalak (Jake Gyllenhaal) estatu batetik bestera darama familia lanpostu batetik bestera. Jeannette emazteak (Carey Mulligan) semea hezitzen pasatzen du eguna. Jerryri babesa emango dio senarrari, nekatu, lanean hasi eta ihes egiten duen arte. Tentuz erretatzen du Danok familiaren desegituraketa eta belaunaldi baten erretratua.
Zinemaldiaren laugarren egunean Kanaki Films ekoizetxe donostiarraren “Beste Egun Bat Bizirik” (Another Day of Life) filmearen estrenaldira adi egongo naiz. Sail Ofizialean Lehiaz kanpo aritzen da. Horrekin batera Jean-Luc Godarden azkena izango dut hizpide.
Please comment with your real name using good manners.