CANNESetik
Aurtengo Sail Ofizialeko epaimahaiaren buru den Cate Blanchett aktore australiarrak eta Martin Scorcesse zuzendari-maisu estatubatuarrak “le 71ème festival du Cannes est ouvert”, frantsesezko esaldiarekin irekita jo zuten aurtengo Canneseko zinemaldiko edizioa. Aldaketez betetako edizioa. Zinemaldiarekin paraleloan egiten den “Zuzendarien Astea” entzutetsuaren Urrezko Karroza jasoko du Scorcesek. Jada programan integratua dagoen “Quinzaine des Réalisateurs” sail honek gainera 50 urte betetzen ditu aurten.

Eta edizioak aldaketez beteta datorrela diot, besteak beste, pelikula baten estrenaldi ofizialen aurretik ezingo baitugu zine kritikari eta kazetariek filma ikusi. Horrela saihestu nahi da duela bi urte Sean Penn-en “The Last Face” film eskasak jasandako kritika gogorrak. Horien itzalpean egin zuen pelikularen lan taldea alfonbra gorritik gorako ibilaldia. Hori ekiditzeko aurten izarrez beteriko estrenaldiarekin batera edo hurrengo egunean ikusiko dugu kazetari akreditatuek filma. Gauzak horrela, aurten Irekiera egiten zen bitartean ikusi behar izango dugu Lehian zegoen lehen pelikula, gala eta guzti ikustera behartu gaituztela.

Horrela kazetari honek ikusi duenez beltza izan da emakumezko izar askoren kolorea gala horretan. Agian Oscar sarietan gertatu zen moduan, #MeToo eta #Time’sUp mugimendueekin bat eginez, Sari Ofizialaren epaimahaiaren burua den Cate Blanchett aktoreak beltzez jantzi du, sorbalda biluzik zeramala. Beltzez ere, epaimahaiean dagoen Kristen Stewart aktorea. Azpimarratu behar da aurten estreinekoz Urrezko Palma erabakiko duen epaimahaiean emakumeen gehiengoa dagoela. Blanchett barne bost emakume dira: aipatutatako Stewart eta Léa Seydoux aktore frantziarra, Ava DuVernay zuzendari estatubatuarra eta Khadja Nin Burundiko konpositorea dago. Horiekin batera, lau gizon: Chang Chen Taiwaneko aktorea, Robert Guédiguian zuzendari frantziarra, Andreï Zviaguintsev zuzendari errusiarra eta Denis Villeneuve zuzendari kanadiarra arituko dira.
Beltzez ere joan da Penélope Cruz. Duela gutxi Frantziako Zine Akademiaren Ohorezko César saria jasotako aktorea atzoko alfonbra gorriko izarra izan zen. Inaugurazio filmaren, “Todos los saben“ pelikularen lantaldearen buru bezala egin zuen eskaileratik gora. Asfgar Farhadi irandarrak bere jaioterrik kanpo egiten duen bigarren pelikula da lehian ari den filma. Gaztelako herri batera, bere herrira itzultzen da Laura (Penélope Cruz). Alaba eta semearekin etorriko da ahizparen (Inma Cuesta) ezkontzarako. Zoriontasunez beteriko une hori belztuko da. Lauraren alaba bahituko dute. Argentinatik etorriko da Lauraren senarra, Alejandro (Ricardo Darín). Bera eta Paco mutil lagun zaharraren (Javier Bardem) artean banatuko da Laura. Eta horren zelatari, Bea, Pacoren emaztea (Bárbara Lennie).

Farhadik Gaztelan, espainolez egin duen filmean, hain ohikoa duen drama burutzen du. Sekretu eta gezurrez beteriko drama familiarra. Aktoreek ohi duten erregistroari heldu dio. Tartean, gure Ramón Barea, Lauraren aita zahar, mozkor eta umore txarreko egiten. Cruz neurtua dago. Eta bera badago kreditu tituluetan buru, pelikularen pisua Bardemen gainean dago. Ohi bezala testoteronaz eta samurtasunez beteriko gizona burutuz. Aipatzekoak ere Elvira Minguez eta Eduard Fernandezen lana antzeztaldeko aktore lanetan. Dulmaren musika – Las Grecasen kanta hori entzuten dela – eta argazkia, Almodovarren ohikoa den José Luis Alcaine kamararena aipatzekoa da. Geruzaz beteriko filma da, tartean herri batzuetako inbidiak eta esamenak eta diruak sorturiko hika-mikak erakusten dituena. Baina Iranen hain ondo funtzionatzen dion formula, ez daki espainiar giroan uztartzen. Korrektoa, baina Farhadin espero dudan miresmena sortu ez didana.

Asteazkenean “Yomedimme“ egipziarra eta “Leto“ errusiarra dira Lehian.
Azken hau hurrengo egunean ikusiko du prentsak. Bitartean, Lehiaketako bigarren saila jotzen den “Un Certain Regard” zabalduko du Sergei Loznitsa ukraniarrak “Donbass“ filmarekin. Ciro Guerraren film berria “Pajaros de verano“, Cristina Gallegorekin batera egindako filmak zabalduko du “Zuzendarien Astea”. Eta gero eta sendoago den “Kritikarien Astea” zabaltzeko Paul Dano aktorearen lehen filmea, “Wildlife” emango dute.
Please comment with your real name using good manners.