Ostiralean, apirilaren 20an hasiko da ofizialki Donostiako zinemaldi garrantzitsua bilakatu den hitzordua: Giza Eskubideen Zinemaldiaren 16. edizioa, aste honetan jada atariko batzuk izango baditu ere. Ostiralean Petra Volpe-ren “El Ordén Divino” filmak zabalduko du 30 luze eta 23 labur izango dituen zinemaldia. Lau erakusketa, hainbat hitzaldi eta ezbai izango dira gainera. Zinemaldia ixteko Laurent Cantet-en “El Taller de Escritura” emango dute. Zinegile frantziarrak hartuko du aurtengo Giza Eskubideen sari berezia. Ondoren gomendio batzuk.
Sinestezina badirudi ere emakume suitzarrek boto eskubidea 1971ean lortu zuten. Suitza osoko hauteskundeetan boza emateko eskubidea. Europan azkenak. Etxekoandre batek abiatutako mugimenduak lortu zuen eskubidea onartzea. Eta hori erretratatzen du “El Orden Divino“ filmak. Suitzak zituen beste iluntasun batzuk ere agertzen dira filmea. Hain aurreratua dirudien Europako bihotzean dagoen herrialde horretan, garai horretan Espainian bezala, emakumeak senarra edo aitaren baimena behar zuen lanean hasteko. Petra Volpe gidoilariak eta zuzendariak artxibo lan eskerga egin zuen filma idazteko eta gidoia historialari bati eman zion zehaztasunaren bila. Suitzan martxoaren 8a, emakumeen eskubideen egunean, estreinatu zen eta gero Oscar sarietarako Suitzaren hautagaia bilakatu zen. Esan bezala, gure Giza Eskubideen Zinemaldia zabaltzen du, borroka feminista inoiz baino indartsuago den unean.
Ijito herriaren gizarteratzea eta errekonozimendua egiteko “A Ciambra“ filma hautatu du Zinemaldiak. Jonas Carpignano zuzendari italo-amerikarraren bigarren luzea ederra da. Aurreko filmean, “Mediterranea”n pertsonaietako bat zuen Pio Amato nerabea protagonista nagusi bihurtu du hemen. Bera eta bere familia. Hasi anaietatik eta amaraino. Ez dira aktore profesionalak, hainbat uneetan harritzekoa bada ere. Mafiaren erreinua den Calabria txiroan bizi den ijito familia bat da Amato familia. Filma Canneseko “Zuzendarien Astean” estrenatu eta saritu zuten. Amato familiak Canneseko ikusleen bihotza harrapatu zuen. Italiako Goya moduko sarietan zuzendari onenaren saria eskuratu zuen Carpignanok. “Mediterranea”n erakutsi zuen bezala, zuzendariak marginalitatea tentuz erretratzen du. Nabaritzan zaio gainera zuzendariari musiko familia batetik datorrela.
Maite Alberdi zuzendari txiletarra asko maite dut. Gizarte gaiei gustoz eta maitasunez heltzen baitio. “Yo no soy de aquí” dokumental labur zoragarria aurretik “La Once” luze ederra zuzendu zuen. Bertan amonaren eskolako lagunek hilabetero egiten zuten askari-bilera jarraitu zuen. Hamarkadez egiten zuten bilera. Orain amona horrekin bizi zen Down sindromea duen izeba eta horien lagunak jarraitzen ditu “Los Niños“ filmean. Alberdik dioen bezala “Down sindromea zuen izeba batekin bizi izan nintzen beti, eta nire amonaren kezkarik handiena zera zen, zer gertatuko zen alabarekin bera hiltzean“. Horrela 40 urtez izebaren ikastetxea izan denera joango da. Horko ikasleek helduak balira bezala tratatzea eskatzen dute, ez haurrak balira bezala. “Los Niños” dokumentalen zinemaldi garrantzitsuenean estrenatu eta saritu dute. Eta Alberdik berak Txilen Down sindromenduek duten erregimen legala aldatzeko ekimena abiatu du.
“Alma Mater” (Insyriated) filmak iazko Berlinalen Panorama sailean aurkeztu eta publikoaren saria eskuratu zuen. Belgikako zine akademiaren sarietan, sei izendapen zituen eta seiak irabazi zituen, markak hautsiz. Hiam Abbas zoragarria du protagonista nagusi. Berau Damaskoko emakume bat da, gerra kanpoan dagoela, familia baturik eta eusteko eta babesteko ahalegina egiten duena. Philippe Van Leeuw belgiarrak kamara modura du eskarmentua. Bere lehen filma “El Día Que Dios Se Fué de Viaje“, Ruandako genozidioari buruz, 2010eko Giza Eskubideen zinemaldian eman zuten. Hainbat zinemalditan saria jaso zuen.
“Beauty and the Dogs“ filma iazko Canneseko “Un Certain Regard” sailean lehiatu zen. Kaouther Ben Hania tunisiarraren hirugarren film luzea ikasleen festa batetik abiatzen da. Mariam ikaslea (Mariam Al Ferjani) Youssef gizon misteriotsuarekin alde egingo du. Horrela gau luze bat abiatuko du. Bere eskubide eta duintasunaren aldeko borroka luzea abiatu beharko du. Emakumeek jasaten duten indarkeria, non eta islamiar herria den Tunisian, islatzen du filma.
Baina ez da emakumeem aurkako indarkeria gai duen film bakarra. Kanadan filmatu dute Lawrence Jackmanek eta Attiya Khanek “A Better Man“ dokumentala. Duela 22 urte, orain zuzendari dugun Attiyak Steve mutil lagungandik ihes egin zuen. Duela gutxi, berriz elkartu, kamara jarri eta zergatik kolpatzen zuen galdekatu dio. Steven baimenaz egindako lehen grabazio hark balioko dio Attiyari bere berreskurapen prozesua abiatzeko. Gizonek euren bortxakeriak egindako mina onartzen dutenean biktimentzat oso baliogarri izan daitekeela aditzera eman nahi du filmak.
Eta agian aurtengo Giza Eskubideen saria jasoko duelako Laurent Canteten azkena gomendatu nahi dizuet. Cantetek 2008an Canneseko Urrezko Palma irabazi zuen “Entre les murs” (La Clase) zoragarriarekin. Aurretik 1999an Donostiako Zinemaldian Zuzendari Berrien saria eskuratu zuen berak idatzi eta zuzendu zuen “Ressources Humaines” (Recursos Humanos) bigarren film luzearekin. Giza Eskubidea itxiko duen “L’Atelier“ (El taller de Escritura) filmean, “Entre les murs”en hain ondo atera zitzaion lankidetza errepikatu du. Robin Campillo du gidoilari lagun. Biek Marsella inguruan dagoen La Ciotat hiri industrial ohian kokatu dute istorioa. Marginalizazio arriskuan dauden nerabeak laguntzeko idazketa tailer bat martxan jarriko dute. Iragan industrial horrekin lotura duen eta nobela beltzaren elementuak dituen ipuina idatzi behar dute idazle ezagun (Marina Fois) baten gidaritzapean. Krimen anitzak egindako hiltzailearen inguruan idazten duen gaztetxoa nabarmentzen da. Canneseko “Un Certain Régard” sailean lehiatu zen. Eta beste filmek zuten mailera iristen ez bada guztiz gomendagarria.
Please comment with your real name using good manners.