Hainbat zinemaldietan zeresana eman duten filmak eskainiko ditu Kresala Zineklubak datozen bi hilabetetan

Kresala Zineklubak berriz zine on eskaintza prestatu du otsaila eta martxorako. Eta tartean, emakume pertsonai ederrez zipriztindutako filmak programatu. Hainbat zinemalditatik pasa eta saria jasotako pelikulak gehienbat. Hementxe eskaintza.

Eta gaur hasteko Donostiako Zinemaldiko lagun zaharra den Stéphan Brizéren azken lana emango dute. Guy de Maupassant idazle frantziar handiaren liburu batean oinarrituta, Une Vie” (El Jardín de Jeannette) filmatu du. Luzemetraia XIX. mendearen hasieran kokatzen da, Normandian. Eskola bukatuta Jeanne etxera itzuliko da, inozentzia eta haurtzaroko ametsez betea. Bertako bizkonde batekin ezkonduko dute. Julien de Lamare bizkondea gizon desleial eta ziztrina izango da. Eta Jeannen ilusioak pixkanaka itzaltzen joango dira. Veneziako Zinemaldian estrenatu zuten eta FIPRESCI saria poltsikoratu zuen. Eta paper honegatik Judith Chemla aktorea 2016ko César sarietara (Frantziako Goyak) izendatu emakumezko aktore onenerako, baita jantziteria ere. Kresalako kidea den Nacho Rodriguezek aurkeztuko du saioa. Ohi bezala Trueba zinematan 19:30tik aurrera.

Datorren astelehenean zinea eta arkitektura nahasten dituen filma emango dute. Kogonadak zuzendutako Columbus luzea Sundancen estrenatu zuten eta gero Europako indie zinemaldian den Rotterdamen. Hego Koreako arkitektura irakasle ezagun bat gaixotzen da Indianako Columbus hiri unibertsitarioan. Koman dagoela semea dator Asiako herrialde horretatik. Aita zaintzen duen bitartean emakume gazte bat ezagutuko du. Gaztea drogarenpetik ateratzen ari den ama zaintzen ari da. Herrian geratu nahi du, ez beste gazteek bezala.

“Columbus”. Zuzendaria: Kogonada

Otsailaren 26an hainbestek maite duten Hong Sangsoo Hego Koreako zinegilearen beste film emango dute. Bamui Haebyunaeseo Honja (En la playa, sola de noche) filmak iazko Berlinalen emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Hartza eskuratzeko balio izan zion Kim Min-hee aktoreari. “La Doncella”ko protagonistak Hong Sangsooren bikotea eta musa bihurtu da. Iaz, film hau aurkezten ari zirela eman zuten erlazio ezagutzera. Eta askok oinarri biografikoak ikusi dituzte film honetan. Hain zuzen, luzeak kontatzen du nola ezkondutako gizon batekin harremana eten ondoren, Hego Koreako aktore bat Hamburgora doa. Baina ezin du atzean utzitakoa ahaztu.

Martxoaren 5ean, Emakumearen Egunaren inguruan, Jericó, el infinito vuelo de los días dokumental fikzioa eskainiko dute. Catalina Mesa zuzendari kolonbiarrak Colombiako Antiquia eskualdean kokatutako herriko emakumeen barne-erretratu bat egin du. Musikaz eta sentsibilitatez jositako filmean,adin eta maila sozial desberdinetako emakume hauen arteko topaketa eta elkarrizketen lekuko egiten digu. “El Círculo del Fotograma” webguneako arduraduna eta feminista den Amaia Garciak aurkeztuko du filma.

Martxoaren 12ean, berriz, Canneseko “Un Certain Régard” sailean aurkeztutako Tesnota (Demasiado Cerca) film errusiarra emango dute. Kantemir Balagov zinegileak 1998, Nalchik, iparraldeko Kaukaso, Errusia kokatzen du historioa. Ilana 24 urteko gazte bat da eta aitaren garajean lan egiten du. Anai txikiak ezkon-hitza ematen duenean bilera egingo dute, hori ospatzeko. Gau horretan bertan, bikote gaztea bahituko dute. Ez dute polizia sartu nahi da. Donostiako Zinemaldian Zabaltegi-Tabakalera sailean emakumezko aktore onenaren aipamena lortu zuen Darya Zhoyner aktoreak.

Eta denboraldi hau ixteko, martxoaren 19an, Cuori Puri” (Corazón Puro) emango dute. Roberto de Paolis zinegile italiarraren filma Sevillako Zinemaldian eman zuten eta bertan Selene Caramazza aktoreak emakumezko aktore onenaren saria eskuratu zuen. Selenek 17 urteko neskato kristaua jokatzen du, Agnese. Amarekin bakarrik bizi da eta berareki batera elizan etorkinak eta ijitoak laguntzen ditu. Egun batean, 25 urteko Stefano ezagutuko du. Berau etorkinen zentro batetik gertu dagoen denda bateko aparkalekuko zaindaria da. Iragan iluna du. Bion arteko harremana sendotzen ikusiko dugu. Egun Italian dagoen etorkinen aurkako xenofobia agerian uzten du filmak. Diario Vascoko kritikariak, Mikel Gurpeguik aurkeztuko du saioa.

Article written by

Kristina Zorita Arratibel

Please comment with your real name using good manners.

Leave a Reply

Confianza online