Filmategiaren webgunean eta karteldegian diotenez, Kip Thorne astrofisikari eta 2017ko Fisikako Nobel saridunak “Interstellar” filmean aholkuari lana hartu zuen. Hori egitea erabaki omen zuen “gazteei zientziarekiko interesa pizteko“. Agian horregatik Euskadiko Filmategiak, Azkuna Zentroak eta Donostia International Physics Center-ek ostegunean martxan jartzen duen zikloa 2014ean Christopher Nolanek zuzendu zuen film horrekin hasiko da.
Aspaldiko partez gainera Donostian eta jarraian Bilbon emango da zikloa. Eta emanaldi bakoitza euskal zientzilari esanguratsuek aurkeztuko dituzte. Horrela ostegun honetan, zikloaren hasieran, Donostia International Physis Center (DIPC)-eko zuzendariak Pedro Miguel Etxenikek aurkeztuko du “Interstellar“ filma Donostiako Tabakaleran. Lurrean bizia itzaltzen ari dela, Cooper (Matthew McConaughey) pilotua eta Amelia (Anne Hathaway) zientzilaria buru dituen misio garrantzitsua ekiten dute: gure galaxiaz haraindi bidaiatuko dira, giza arrazaren etorkizuna berma dezakeen beste galaxia baten bila. Filmean “Call me by your name” filmeko protagonista gaztea, Timothée Chalamet ikusteko aukera dugu, bere lehenengoetako paper baten. Filma otsailaren 14ean, asteazkenean, emango dute berriz, Bilboko Azkuna Zentroan. Bertan Etxenike bera ere izango da aurkezle. Eta bietan jatorrizko bertsioan gaztelerazko azpitituluekin emango dute.

Datorren ostegunean Donostian, eta otsailaren 28an Bilbon, 1951ean Robert Wisek egindako fizkiozko pelikula emango dute. Espainolez “Ultimátum a la Tierra“ jarriko dute. “The Day The Earth Stood Still“ filmaren hasieran ontzi estralurtar bat iritsiko da Washingtonera. Bertatik gizaki itxura duen estralurtar bat aterako da, Klaatu. Eskaera bat du munduko agintarientzat. Hauek ezezkoa ematen diotenean, lurran geratzea erabakiko du gizakien bizimodua ulertzen saiatzeko. Geratuko da mutiko baten eta haren amaren etxean. Donostian Marian Iriarte UPV/EHUko Kimika Fakultateko dekanoa arituko da aurkezpen lanetan. Bilbon berriz Amaia Eskisabel farmazia teknologia ikertzailea eta Eusko Jaurlaritzako ikerketaren zuzendaria.

Metro Goldwyn Maierren ekoizpen bat jarriko dute Donostian urtarrilaren 25ean, beste saio guztietan bezala, 19:00tik aurrera. Fred McLeod Wilcoxek 1956an zuzendu zuen “Forbidden Planet“ (Planeta Prohibido). Zientzilariak bakarrik bizi diren planeta batera bidaliko dute Adams eta bere taldea. Bertako isiltasuna ikertzera. Iristerakoan zientzilari guztiak Morbius doktorea eta alaba izan ezik hil direla jakingo dute. Morbius doktoreak zerbait aurkitu du, inorri kontatu ez nahi duen zerbait. Filma espainolezko azpitituluekin emango da. Eta ez du saiorik izango Bilbon. Donostian, Juan Ignacio Cirac fisikoa eta Optika Kuantikoko Max Planck institutuko zuzendariak aurkeztuko du.
Otsailaren 1ean Donostian emango duten “Arrival“ filma Bilbon otsailaren 21ean programatu dute. Denis Villeneuvek 2016an Ted Chiangen zientzi fikziozko ipuin bat irudietan eman zuen, pelikula ederra osatzeko. Ontzi estralurtar batzuk Lurreko hainbat puntutan agertuko dira. Louise Banks linguista bat (Amy Adams) ekarriko du armadak estralurtarrekin komunikatzeko. Gutxinaka lortuko du Ian Donnelly (Jeremy Renner) fisikoarekin batera. Estralurtarrekin komunikatzen duten heinean bikotearen harremana sakotzen da. 2016ko film onenen artean jo zuten pelikula. Jóhann Jóhannssonen musika zoragarria dauka. Bilboko eta Donostiako saioak Itziar Laka UPV/EHUko linguista katedradunak aurkeztuko ditu.
Otsailaren 11ean eta martxoaren 22an Donostian, eta martxoaren 7an Bilbon, txikitan gure bihotza harrapatu zuen “E.T., Lurretik kanpokoa” filma ikusteko aukera izango dugu. Gainera zikloan euskarazko azpitituluak izango dituen bi filmeetako bat da. Steven Spielbergerrek 1982an zuzendutako filman beste planeta bateko izaki bat ahaztuta uzten du haren ontziak Lurretik alde egiten duenean. Mutiko batek eta bere arrebak etxean gordetzen dute. ET etxerarekin komunikatzen saiatzen da. Gerora oso ezaguna egin zen Drew Barrymore ikusteko lehenengoetako aukera izan genuen. Otsailearen 11ean goizeko 11tan aurkeztuko du CSICeko ikerlari den Javier Aizpurua fisikariak. Bilbo eta Donostiako martxoko saioak arratsaldeko 19tan izango dira. Eta Rutz Lazkoz kosmologoak Bilbon eta Rafael Yuste neurobiologoa eta Columbia Unibertsitateko Zientzia Biologiko eta Neurozientzia irakasleak Donostian aurkeztuko dute “ET”.
Zikloa martxoa bukararte iraungo du. “Invason of the Body Snatchers“, “Alien“ eta “Gravity“ bezalako altxorrak ikusteko eta euskal zientzilari onenen azalpenak, ikasgela batean ez, baizik eta zine areto batean entzuteko aukera paregabea ematen du “Hor Kanpoan” zikloak.
Please comment with your real name using good manners.