Ez dira makal hasten, ez, Zine-Klub Gernikakoak. Ikasturte honetako bigarren zatiari ekiteko kritikarien kiniela guztietan eta hainbat sari jasotzeko apustutzat jotzen den “Get Out” filma hitzartuta dute. Gerora, otsailean, Berlinaleko Urrezko Hartza eta Canneseko Urrezko Palma jasotako filmak izango dira.

Errege bezperan oparitxoa ekarri digute Gernikakoek. Estatu Batuetatan eta kanpoan gidoi onenaren saria irabazi eta irabazi ari den “Get Out“ (Déjame salir) jarriko dute. Gazte afroamerikar batek (Daniel Kaluuya) neskalaguna zuriaren familia ezagutu behar du. Etxean zerbitzariak beltzak dira eta bitxi, oso bitxi ari dira. Berez beldurrezko filma bezala saldu dute baina barruan arrazakeriaren inguruko kritika satirikoa dago. Jordan Peele komedia gizonak zuzentzen duen lehen luzea da. Eta jada 66 sari jaso ditu. Orain pottoloen bila doa. Urrezko Globoetan komedia onena eta komedia batean aktore onenarako izendatua dago. Orain Oscar sarietarako izendapenen bila lehiatuko da.
Canneseko zuzendaria, Thierry Frémauxek, iaz abentura berri bati ekin zion. Zinearen aintzindariei, Lumière anaiei eskeinitako dokumental baten bidez, zineari omenaldia egin. Horrela sortu zuen “Lumière! L’aventure commènce“ (¡Lumière! La aventura comienza), berriztatutako 108 filmeen zatiekin osotutako filma. Gernikan datorren asteko barikuan emango dute. Eta hilabetea bukatzeko Steven Soderbergh ospetsuak egindako azkena: “Lucky Logan“ (“La Suerte de los Logan”). Nascar auto lasterketan lapurketa egin nahi dute bi anaik, Channing Tatum eta Adam Driver izar berriak antzeztutako anaiek. Antzeztaldean aipatzekoa azken James Bond-a, Daniel Craig preso bitxi bat gorpuzten.
Otsailean zinemaldi garrantzitsuneetan irabazitako biak. Otsailaren 2an, Canneseko irabazlea eta Europako Zine Akademiaren sarien irabazle nagusia: “The Square“. Ruben Östlund suediarrak gaur egungo gizartearen kritika bortitza egin du, dirudun den gizarte baten moral bikoitzari kritika. Otsailaren 16an berriz maitasun istorio bitxi bat ikusteko aukera izango dugu. “On body and Soul“ (“En Cuerpo y Alma”) filmean Ildiko Enyedi hungariarrak bi ezgaien maitasun istorio bat erretratatu du abereen hiltegi batean. Berlineko Urrezko Hartza jaso zuen filmak.
Please comment with your real name using good manners.