Euskal Herrian mendiari zaion zaletasuna ikusita harritzekoa zen mendiari buruzko pelikulak emango zituen zinemaldia ez izatea. Behar horri erantzuna emanez, Jabi Baraiazarra eta Eduardo Martinezek gidatuko taldeak abiatu zuen horrelako zinemaldi baten lehen edizioa 2008an Gasteizen. Gero Bilbora mugitu zuten egoitza eta bertan sustraitu dira. 10. urteurrenean, pausu berria eman dute. Estreinekoz, Euskalduna Jauregian egingo dute hasiera ekitaldia. Gainera aurtengo edizioan emakumeak izango dira protagonistak.
Gaur hasi eta datorren asteko iganderarte, hilak 17rarte, mundu osoko filmak erakutsiko ditu zinemaldiak. Zabaltzeko Australiatik datorren bat. Australiako Ganbara Orkestrak enkargua eman zion Jennifer Peedom zuzendari ezagunari. Eurek musikatu zezaketen filma sortzea. Horrela jaio zen “Mountain“ deritzan pelikula, Donostiako Zinemaldian, Savage Cinema atalean ikusteko aukera izan zena, Mendi Film Festival-arekin lankidetzari esker. Arratsaldeko zazpi terdietan izango da hasiera ekitaldia.
Bihartik Sail Ofiziala abiatuko da. Bertan 51 film lehiatzen dira. Gehientsuenak, bederatzi, Ameriketako Estatu Batuetatik datoz. Kanadak zazpi film bidali ditu. Austriak, Alemaniak eta Erresuma Batuak launa pelikula ekarri dituzte. Australiatik eta Frantziatik hiruna luzemetrai iritsi dira eta Italiatik bi. Gainera Argentina, Bulgaria, Txina, Eslovakia, Polonia eta Suizako luze bana ikusiko dira.
Horiei zortzi espainiar film batuko zaizkie. Tartean, euskal zinegileek egindako lau. Mikel Peñak zuzendutako “Aurrera“, Luis Arrietaren “Bizi II” film laburra eta Iker Elorrietak filmatutako “Mr. Ibex“. Laugarren zinta, “Zortzi Yukon“, Mattin Zeberio gazte tolosarrak burutu du Alaskan beste zazpi menturazaleekin egindako bidaian.
Horiek epaitzen arituko dira Jack Tackle mendizalea; Kanadako Banffeko Zinemaldiako zuzendaria, Deb Smythe; New Yorkeko Wild Film Festivelako zuzendaria, Nancy Rosenthal; Jesus Mari Lazkano margolari eta nabigatzailea eta Paul Urkijo zine zuzendaria.
Edizio honetan emakumeek izango duten garrantzia ikusiko da adibidez zinemaldia zabaltzen duen filma emakume batek, Jennifer Pendomek, zuzendu duela. Eta hamar egunotan izango diren hitzaldi gehienak emakumeek emango dituztela. Horrela bihar bertan BBK aretoan egingo den “Panel Talk. Women at the top“ solasaldian, marka hautsik dituzten mendizaleak izango dira. Esaterako 1980 hamarkadako eskalatzaile onenak, Lynn Hill eta Catherine Destivelle; 14 zortzimilak lortu zituen lehen emakumea, Edurne Pasaban eta 9o lortu zuen lehen eskalatzailea Josune Bereziartua. Lynn Hillek eta Catherine Destivelle bakoitzak hitzaldi bana emango dute gainera. Igandean berriz, kazetaritza mundutik edo zine mundutik mendia kontatu dituztenek hartuko dute hitza, tartean, Lara Izagirre zinegile bizkaitarrak.

Zinemaldiak gainera Peter Habeler austriarra omenduko du. Berau Reinhold Messnerrekin batera Everesten oxigenorik gabe gailur egin zuen lehena izan zen. 75 urte dituela Habeler prestatzen ari da Eiger mendia, iparraldeko maldatik igotzeko. “The Walk On Project“ saria jasoko du eta Juanjo San Sebastiánekin hitzaldia izango du. Litekeena da berau aurten berritasuna den ekitaldi batean agurtzeko aukera izatea. Aurten “Meet & Greet” topaketak antolatu baitituzte goizero. Bertaratzen direnek gonbidatuak ezagutzeko aukera izango dute. Gailurra jo duen zinemaldia da Bilbao Mendi Film Festival hau.
Please comment with your real name using good manners.