Ondorego filmek ez ninduten harrapatu baina kritikoek txalotu zuten eta horregatik zuen arreta merezi dute. Beste batzuk Veneziatik pasa berriak dira. Zale amorratuentzat bi dokumental proposatu nahiko nituzke. Eta gomendioak borobiltzeko oraindik ikusteke dauden Sail Ofizialeko proposamen batzuk .
Cannesen “Wonderstruck“ filmaren lehen planoetan David Bowieren “Space Oddity” entzun nuenean, zine aretoko aulkian gozo uzkurtu nintzen. Todd Haynesek disfrutatzen ahalbideratuko zidan. Filma bukatu eta argiak piztu zirenenean berriz gazi-gozoa zen sentsazioa. Filma formalki oso arriskutsua da – bi historia paralelo kontatuz, bata zuribeltzean eta mutua, bestea koloreetan. Baina hondoa konbentzionala, konbentzionalegia. Brian Selznicen nobela bat moldatu du Haynesek. 1970ko hamarkadan bizi den Ben mutikoak ezagutu ez duen aitaren inguruan galdetzen dio amari. Hau (Michele Williams) hiltzen denean, aitarengana eraman dezakeen aztarna topatuko du eta Estatu Batuetako erdialdetik New Yorkera bidaiatuko da. Bitartean, 1930eneko hamarkadan bizi den Rose neskatoak aktore bat (Julianne Moore) miresten du. New Yorken antzerkian izango dela jakiterakoan, hirira New Jerseytik joatea erabakitzen du. Bilaketa simetrian garatuko da. Todd Haynes zuzendaria Donostiara dator eta litekeena zuk ikusiko duzun saioa aurkeztea. Beraz horregatik besterik merezi du pena.
Michael Hanekeren zale naizela aitortu behar dut. Beraz ikusminez espero nuen “Happy End“, Cannesen aurkeztu zuen lana. Nik eta bertan geuden prentsako kide askok. Hirugarren Urrezko Palma jasotzea espero zuten askok. Batzuei gustatu bazitzaien, gehienontzat dezepzio txikia izan zen. Filmean Hanekeren aurreko luze batzuren erreferentziak izango ditugu. Esaterako “Benny’s video” eta “Amour”. Ohiko gaiak ere jorratuko ditu: normalak ez diren familiak, errua zapuzteak dakarren mina, belaunaldien arteko mendekua. Lehen filmeko bideo zintak hemen iphonez nerabe batek filmatutako irudiak bihurtu ditu: youtube eta sare sozialen fenomenoa ere arakatu ditu 75 urteko zinegileak. “Happy End” hau Europako goi mailako burgesiaren erretratu bortitza da. Errefuxiatuen afera sartuta, aberatsa den gure europear gizartearen erretratua. Itzel hori bai bere aktore fetitxe bihurtu diren Isabelle Huppert eta Jean-Louis Trintignant. Calaiseko eraikuntza eta garraio enpresa garrantzitsu baten burua da Huppert. Trintignat, horren aita. Familiako beste kideez ingurutatu bizi dira etxalde batean. Horiengatik bakarrik merezi du “Happy End” hau ikustea. Zinemaldia bukatu eta berehala, urriaren 4ean, estreinatuko da Frantziako aretoetan. Espainian ere banaketa du.
Horizontes Latinosen aurkeztuko den “Las Hijas de Abril“ filmean Michael Francok hainbeste maite duen gaiari heldu dio: puskatutako familiak. Hemen Emma Suárez yoga irakasle eta aldedutako ama da, leun baino irmoki kontrolatzen ditu Mexikon aita desberdinetatik izandako bi alabak. Zaharrena lodikotea, itsusi samar, kopiadenda batean egiten du lan. Gazteena berriz, nerabe oraindik, haurdun dago. Neska mutil lagunarekin aizpa biak bizi diren etxean jartzen dira bizitzen. Emma Suarezek jokatutako amak baina beste plan batzuk ditu. Filma ondo garatua dago, erridikuluak izan zitezken uneak sineskor bilakatuta, antzez lanak oso baliogarriak. Baina ez nindun guztiz harrapatu, nahiko hotz utzi nindun. Canneseko “Un Certain Régard” saileko epaimahaiaren saria hartu zuen baina.
Venezian polemika sortu berri du Darren Aronofsky estatubatuarrak. Bere azken lanak, “Mother!” filmak, prentsa eta kritikoen txaloak eta txistuak jaso ditu, aldiberean. Jennifer Lawrence buru duen filma izu psikologikoko thriller bat da, bibliako erreferentziaz beteta, egungo indarkeria erretratatu nahi duena. Lawrence idazle baten emazte gaztea da. Idazlea Javier Bardemek jokatzen du. Bere menpe dago. Gauzak aldatzen dira Ed Harrisek eta Michelle Pfeifferek osatzen duten bikotea bisitan datorrenean. Nik behintzat kuriositatea dut. Dena den egia esan zinemaldia bukatu eta berehala, irailaren 29an emango dute merkatal zine aretoetan.
David Arratibel iruindarrak “Punto de Vista”n aurkeztu zuen bere azken dokumentala. “Converso“ filmean bere familia Katolizismoara bihurtu izana aztertzen du. Nola pasa ziren ateo izatetik katoliko izatera. Hori galdetzen die Arratibelek ama eta arrebei. “Punto de Vista”n Publikoaren saria jaso zuen, ondoren Malagan, Bartzelonako D’A eta Filmadrid-etik igaro da filma. Ordubeteko filma “Zinemira” sailan emango dute. Eta familiez ari garenez, Txekiar Errepublikako Karlovy Vary zinemaldi ezagunean, dokumental onenaren saria jaso zuen Gustavo Salmerón aktoreak. Saria jaso amaren historia jasotzen duen “Muchos hijos, un castillo y un mono“ dokumentala 14 urtez filmatzeagatik. Beraren bitartez, Espainiako 40 urte ere kontatzen ditu. Txekian arrakasta izan ondoren, berriki Toronton txalo artean hartu dute. Zabaltegi-Tabakalera sailean lehiatuko da. Gogo haundia dut ikusteko.
Eta hiru ataletan kontatutakoa gutxi balitz, gogo handiz itxoiten dut Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako “Handia“ eta Manuel Martín Cuencak sinatutako “El autor“. Biak Sail Ofizialean lehiatuko dira. Adi ere Fernando Francok egindako “Morir“ film berrira, Sail Ofizialean lehiaz kanpo aurkeztuko da. Eta orain zuen nahien, txintxo txintxo erosi datorren igandean, orduan jartzen dituzte salgai Donostia Zinemaldiko 65. edizioko sarrerak.
Please comment with your real name using good manners.