“Perlak” saila beste zinemaldietan sari jasotako edo kritikak txalotutako filmak emateko sortu zen. Azken bi urteetan gainera horietako batzuk moldatutako Zabaltegi-Tabakalera sailean sartu dituzte, esaterako aurten Canneseko sari nagusia, Urrezko Palma jasotako “The Square” filma. Nire “perlen” artean aurten “Made In Spain” sailean sartutako bi jarri nahi nituzke. Gure karteldegian galdu badituzue, hor duzue aukera eta berriz ez hutsegiteko gomendatu nahi dizuet.

Robin Campilloren lehen ogibidea gidoilariarena da. Berak idatzi zuen esaterako Laurent Cantetek zuzendu eta Urrezko Palma irabazi zuen “La Clase” filma. Campillok zuzendutako hirugarren filma, “120 battements par minute”, Canneseko Sail Ofizialean lehiatu da eta sari multzoa jaso: FIPRESCI, Epaimahaiaren saria eta Queer saria. Campillok honetan HIESAren borrokan Frantzian berebiziko garrantzia izan zuen ACT-UP mugimenduaren erretratua egin digu. 1990 hamarkadaren hasieran, gaisotasunak 10 urtez hiltzen du jada, eta Pariseko ACT-UP plataformako ekintzaileek euren ekintzak ugaltzen dituzte gizartean (politiko, botika enpresa, LGTB komunitatean bertan) dagoen ekintza falta borrokatzeko. Taldera iritsi berri da Nathan (Arnaud Vilois). Berau aspaldi kutsatuta dagoen Seanek (Nahuel Pérez Biscayart) duen jarrera iraultzailearekin txundituta geratuko da.
Bi ordu eta hogei minutuko filmak taldearen bilerak eta ekintzak tartekatzen ditu eta nola ez poetikoak suertatzen diren festak eta une musikalak. Ederki egituratuta, denbora konturatu gabe pasatzen da. Baten baino gehiagori “Philadelphia” ekarriko dio gogora, baina hori gainditzen du. Filmaren aktoreak ere izugarri daude. Karrera sendotzan ari den Adèle Haenel baina batez ere, nik ezagutzen ez nuen Nahuel Pérez Biscayart. Orain “Perlak” sailean ikusteko aukera dago. Galtzen baduzue, abenduaren 1rako du estrenaldi data Espainiako zine aretoetan.
Maite dut Ruben Östlund suediarraren zinema. 2014ean Cannesen jada aurkeztu zuen “The Turist” luzeak txundituta utzi nindun. Horregatik agian gehiago itxaroten nuen Cannesen aurten aurkeztutako azken filmaz. Oso gai indartsua eta zine une zoragarriak ditu “The Square“. Ukaezina da. Eta horregatik, Sail Ofizialean estrainekoz lehiatu ondoren, Östlundek Urrezko Palma, Canneseko sari nagusia hartu zuen. Baina nire luzeegia gertatu zitzaidan egungo suediar gizarte perfektua arrakalaz beterik dagoela aurkezten digun film hau. Agian merkatu konkretu batera iristeko arrotz gertatzen diren bi pertsonai sartu dituelako. Horiek “Mad Men” eta “Handsmaid’s tale” telesailetako Elisabeth Moss estatubatuarra eta Dominic West britaniarrek jokatzen dute.

Filmaren protagonista, dibortziatutako aita eta arte garaikideko museo bateko kontserbatzailea den Christian (Claes Bang danimarkarra) dugu. Ingurugiroarekin kezkatua, gizarte erakunde hainbatetan kolaboratzailea da. Filmaren hasieran “The Square” erakusketa prestatzen ari da. Bertan bisitariei gonbitea egiten zaie: urkoarekiko betekizunak gogoratzeko. Baina telefonoa eta dirua lapurtzen diotenean bere erreakzioa elkartasunetik urrun dago. Gainera komunikazioa kanpaina batek barregarri utziko du. Gizartearen erretratu krudela, erreflexiorako behartzen zaituen horietakoa da filma. Bi ordu eta hogei minutuekin luzeegia egin zitzaidan. Baina aukera berria emango diot Zabaltegi-Tabakalera saila zabalduko duen film honi. Orain ez bada, azaroaren 10ean areto komertzialetan estrenatzen dutenean.
Harribitxi hauen artean, aurten “Made in Spain” mamitsua datozen beste bi filme gomendatuko nahiko nituzke. Bata luze gomendatutako titulu bat. “Estiu 1993” (Verano 1993) filmarekin Berlinalen, estrenaldian ikusi nuenetik maitemindu nintzen. Carla Simon Pipol zuzendari katalan gazteak bere bizitzatik ateratako pasadizo bat hautatu zuen bere lehen filme luzea egiteko. Sei urteko neskato batek ama galdu berritan, familia berriarekin pasatzen duen lehen uda. Laia Artigas eta aizparena egiten duen Paula Robles zoragarri daude. Joko bat bezala bizi izan zuten filma. David Verdaguer eta Bruna Cusíren laguntzaz Berlineko publikoaren bihotza harrapatu zuten eta gero hainbatena. Berlinen Generation K, gazteen sailaren epaimahaiaren saria eta Lehen Film bati Berlinalen ematen den saria jaso zuen. Eta gero Malagan sari nagusia. Orain Espainiak Oscar bidean jarri du. Eta ziurrenik Goya sarietan ere zeresana emango du. Donostian luze egon zen baina orain aukera berria duzue. Eta harrapatu mesedez.
Beste filma ere gustatu zitzaidan iaz Sevilla Europako zinemaldian estrenaldian ikusi ninduenetik. Isaac Rosa idazlearen “La Mano Invisible” eleberri “konplikatua” moldatu eta pantailan eman du David Maciánek luzeetan estreinatzeko. Ogibide ezberdineko langile batzuei euren lana industria gune batean publikoaren aurrean antzezteko eskatzen zaie. Lan baldintzak aldatu ala tentsioak areagotuko dira. Lehen luze indartsua burutu du Macianek. Antzezle ezagun eta ezezagunek kooperatiba erregimenean egin dute lan, tartean Josean Bengoetxea donostiarrak. Donostiako Giza Eskubideen zinemaldian eman ondoren, labur izan zen gure zine aretoetan. Orain Espainian urte honetan egin eta estreinatu diren sailean ikusteko aukera dago. Bi horiez gain, ikusi gabe baina kritika onak jasotako beste batzuk gomendatuko nituzke.
Izango da zinemaldiek sortzen duten nekearen poderioz. Edota ni “white trash” (Ameriketako Estatu Batuetan zuri txiroei esaten zaien ezizena) erretratzen duten filmeek ez nautela harrapatzen. Baina aitortu ezin dena aitormena egin behar dut: “The Florida Project“ filma uste baino gutxiago gustatu zitzaidan. Eta aitortu ezin dena aitortzen dudala diot, kritiko guztien aburuz, hau Canneseko pelikula onena bait zen eta Urrezko Palmaren lehian izan behar bait zuen. Sean Baker (“Tangerine”) zuzendari independiente estatubatuarra ibilbide polita osatzen ari da. Hemen amarekin motel batean bizi den Moonee (Brooklynn Prince) sei urteko neskato bat jarraituko du. Ama langabe, nekez, Willem Dafoek jokatzen duen moteleko langilearen laguntzaz, eutsiko diote motelean. Bitartean neskatoa, bera bezala txiro, motelean bizi diren lagunekin pasako du uda, Disneyworlden atarian dagoen hiri batean. Bigarren aukera bat eman nahi diot, ziur bait naiz merezi duela. Eta Dafoe eta Prince umea bera ere izugarri bait daude. Orain galtzen baduzue aukera, datorren urteko otsailerarte itxoin beharko duzue. Orduan estreinatuko da Espainiako merkatal aretoetan.
Please comment with your real name using good manners.