Urtero gauza bera. Zinemaldia hurbiltzear, sarrerak erostekotan dauden askok “zer gomendatzen didazu?” galdera egiten didate. Hainbat zinemalditik pasa diren pelikula batzuk ikusi baititut. Gustuak gustu, hauek dira niri gehien gustatu zaizkidinak eta ez galtzea gomendatuko nizueke.
Hungariatik poesia eta umorea nahasten duen amodio istorioa datorkigu. “Perlak” sailetan ikusiko den “Teströl és lélekröl” (On Body and Soul) filmak azken Berlinaleko sari nagusia, Urrezko Hartza jaso zuen. Ildikó Enyedi zuzendari hungariar beteranoak Budapesteko abereen hiltegi bat aukeratu du normatik ateratzen diren bi lagunen arteko amodio istoria kokatzeko. María kalitate kontrolatzaile zorrotza ez da gai gizarte harremanetan. Endre, nagusia, hildako besoa duen bakarti bat da. Ametsen bidez, konektatuko dute. Cannesen zuzendari berrien Urrezko Kamara irabazi zuen 1989an zuzendariak. Ondoren zortzi film sinatu ditu. Emakume zuzendari honen azkenak ez nindun guztiz harrapatu; zeozer falta zitzaion borobila izateko. Baina oso gustura ikusten den horietako da, une oniriko, zine metafora eta umore bitxiko dosiekin. Errepikatuko nuke. Urriaren 25an estreinatuko da Iparraldeko zine aretoetan.
Cannes ixtear zegoela, ia denboraz kanpo hautatua izateko, iritsi zen Lynne Ramsay zuzendari eskoziarraren harribitxi hau. “You Were Never Really Here“ zinemaldiaren azken aurreko egunean eman zuten, eta orduezkeroztik edizio horretako faboritoen artean sartu zen Joaquin Phoenix protagonista duen filma. 2011ean Cannesen “We need to talk about Kevin” zoragarria aurkeztu ondoren, Ramsay eskoziarra jarraitu beharreko zuzendaria bihurtu zen. Eta horrela berretsi du. Honetan Jonathan Amesen izenbereko eleberria moldatu du, heldu eta umeen arteko erlazio ilunak ukitzeko. Joe (Joaquin Phoenix) gerra beterano bat da. Politikari baten alaba bilatzeko kontratatzen dute eta ustelkeri sare batean murgilduko da. Flashbacken bidez, hitzen beharrik gabe, Joe pertsona torturatua izatea zerk bihurtu duen agertzen zaigu. Filma biolentoa, mingarria da baina tentu handiz egin du emakume zuzendari honek. Askori “Drive” eta “Taxi Driver” gogora ekarri die filmak. Joaquin Phoenixek gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra jaso zuen. Gidoi onenaren saria hartu zuen luzeak. Zinemaldian ikusteko aukera ez baduzue, Frantzian urriaren 8an estreinatuko da, Espainian azaroaren 24ean.

Canneseko beste harribitxia da “Nelyubov“ (Maitasun Eza). Duela sei urte, “Elena” zoragarriarekin “Un Certain Régard” saileko epaimahaiaren saria jaso ondoren eta duela hiru edizio Sail Nagusiko gidoi onenaren saria eskuratu ondoren “Leviathan” itzelarekin, Andrey Zvyagintsevek hirugarrenez parte hartzen zuen Cannesen. Eta berriz saria eraman zuen etxera. Epaimahaiaren saria jaso Errusiaren erretratu burutsua eta indartsu, Putinen Errusiaren erretratu lazgarri honegatik. Boris y Zhenya dibortziatzeko bidean daude. Elkarrekin duten apartamendua saldu nahi dute berehala, dituzten egungo erlazioekin jarraitzeko. Ez dira ohartzen Aliocha, hamabi urtetako semearen beharrez. Ahaztuta dute desagertzen den arte. Ohi bezala izoztutako paisaien erdian, detaileak oso esanguratsuak dira. Egunotan, asteotan gogoratzen diren eskenak ditu. Frantziako areto komertzialetan irailaren 20an estreinatuko da.
Sundancen kritikaren txaloak jaso ondoren, Berlinen itxoiten zen filmeetako zen “Call Me By Your Name“. Eta ez zuen hutsegin. Luca Guadagnino (“Cegados por el sol”) italiarrak sentsualitatez, erotismoz filmatu du lehen maitasun homosexual baten ipuina. 1983an Italiako Iparraldean ikasle estatubatuar bat italo-amerikar irakasleen familia batera iritsiko da. Bertan familiaren mutikoa maiteminduko du. “Maurice”, “Howard’s End” eta “Una Habitación con Vistas” filmak sortu zituen James Ivoryk moldatu du gidoia, André Aciman-en eleberri batetik. Zer esanik Ivoryren kutsua oso nabarmen dela. Zoragarria benetan. Aukera galdu ezkero, urtarrilaren 10ean iritsiko da pantaila frantzesetara.
Harribitxiak ere beste sailetan aurkitu daitezke. “Horizontes Latinos”en lehiatuko diren bi aipatu nahi nuke. Berlinen Teddy Bear, sari gay-a, jaso zuen “Una Mujer Fantástica“ luzeak. Sebastián Leliok zuzendutako filmak Donostia Zinemaldiko Sebastiane saria ere hartuko du, “Horizontes Latinos” saila zabaldu ondoren. Daniela Vega Marina da, klub batean kantari eta klase ertaineko gizon baten neskalaguna. Gizona hiltzen denean, Marina kaleratzen du gizonaren familiak. Kaleratu, transexual bat denez. Frantzian uztailean heldu bazen areto komertzialetara, Espainian urriaren 12an izango da.
Canneseko “Un Certain Regard” sailean saritu zuten “La Novia del Desierto“ lehen film maitagarria. Paulina Garcia aktore txiletar ezaguna Teresa da. 54 urteko emakumea Buenos Aireseko familia batean, semea zaintzen, urteak eman dituena. Behin umea gizonduta, Teresari beste lan bat aurkituko diote. Hiriburutik urrun, probintziako hiri batean. Hara joateko Argentinako basamortutik bidaia egingo du. Bizitza berri bat izan behar duenari hasiera berria jarriko dio. Cecilia Atán eta Valeria Pivato zuzendarien lehen luzea da. Hauek urteetan Pablo Trapero eta Juan Jose Campanellarekin, besteak beste, lan egin dute. Arrisku pittin bat duen eszeneratzearekin emakume adinetuen eta zinezaleen gusturako izango da filma. Garciarekin batera, Claudio Risi aktore argentinar ezaguna ere antzeztaldean ari da. Aktore itzelak biak. Istoria arras ezaguna, ederki eramaten duten zuzendariek.
Please comment with your real name using good manners.