Donostiako film laburren lehen zinemaldiko antolatzaileekin zita egin eta larrituta datoz elkarrizketara. “Azken orduko arazo logistiko bat sortu zaigu” diote Donosskino zinemaldiko antolatzaileek. “Zinemaldia hasi eta bi egunera” gehitzen dute garratz. Hala ere, Pantaila Handian-erako tartea eskaini digute Kristonkino taldeko bi kidek, euren proiektuaren beharraz sinistuta. “Donostian zine eskaintza zabala dago baina film laburrak oso tarteka azaltzen dira. Euren lekua behar zuten” dio Laura Rodriguez Bauzak. “Geratzeko etorri gara” gaineratzen du Rubén Sainzek.
Orain arte izandako erantzunarekin oso pozik. Zinemaldia aurrera ateratzeko “crowfunding” modukoa egin zuten, Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarritako sistema bati esker. Eta berehala lortu zuten euren muga. 167 finantziakideek 8.000 euro baino gehiago eman zituzten. Hiriko hainbat elkartetik etorritako babesa ere pozgarria da. “Kutxa, Donostia Kultura edota SADE bezalako erakundeen babesa izatea, proiektua maite dutela eta laguntzako prest daudela jakitea harro egoteko da baina aldi berean errespetua ematen du” dio Rodriguez Bauzak. “Sortutako babesaren mailan egon behar da. Kontutan izanda gainera hirian zine ekitaldietara ohituta gaudela” gehitzen du.
Sortutako ikusmina ere jasotako film laburren kopuruann nabaritu daiteke. “350 film espainiar jaso ditugu, 641 nazioartekoak eta 213 haurrentzat. Horietatik lehian 12 espainiar egongo dira“. Lehiaketa espainiarrak osatzen baitute. Nazioartekokoak erakusgai jarriko dira bakarrik. “Pena bat da, bi bakarrik jartzeko aukera baitugu” diote. Umeen filmeetan animazioa onartu badute, helduetan ez. Dokumentalak eta esperimentalak ere ez dituzte onartu. “Fizkziozko film laburrak izatea eskatzen genuen” argitzen dute. Ostegunean Sail Ofizialeko hiruna film jarriko dira zazpitan eta bederatzitan egingo diren emanaldietan. Gauza bera ostiralean. Horiei erakusgai jarriko diren nazioarteko biak gehitu behar zaie.

Hortaz gain, eta zinemaldi giroa gehiago hedatu nahiez, umeentzako saioak antolatu dituzte, ostegunean eta ostiralean, arratsaldeko bostetan. “Umeen saila sortu dugu umeak film laburren munduan sartzeko” dio Sainzek. Hortaz gain, urtero ikaskuntza edukia izatea nahi dute. Film laburreko mundutik jendea etortzea irakastera. Horrela larunbatean, zinemaldiko azken egunean, Ismael Martin Madrileko ECAM eskolako banatzaileak emango du masterclass bat. “Banakuntzan makina da gizon hau. Duen bloga erreferente da laburrak mugitzeko” dio Sainzek, berak zuzentzen dituen filmak banatzen eskarmentua duen Sainzek.

Sail Ofiziala epaitzeko Miren Aperribay banatzailea, Menó Martín ESCIVIko irakaslea eta Jon Paul Arroyo eta Iñaki Ortiz zinezaleak izango dira. Film onena, emakumezko aktore onena, gizonezko aktore onena, gidoi onena eta argazki onena erabakiko dute. Hortaz gain, larunbatean egingo den galan, publikoaren saria banatuko da. Ohorezko lehen garaikurra Paco Sagarzazu aktorearentzat izango da, film laburren alorrean egindako ekarpenagatik. Eta “Hemen Here” ikurra ere emango da, Lierni Izagirre arte sailean egindako lanagatik. Sari askoetan beste elkarteren parte hartzea lortu dute. “Ikusentzunezko mundutik jende asko sartu nahi dugu, hiriak behar duen film laburren zinemaldia izateko” dio Rubén Sainzek. Donosskinok osteguna eta ostiralean egingo da, Tabakalera alboko plaza batean; larunbatean berriz Principe zinearetoetan.
Please comment with your real name using good manners.