Aktore profesionalen ordez, dantzariak. Euskal dantzen antzezlariak. Naturaren poema dantzatua, erretratu filmikoa osatzeko. Juan Antonio Urbeltz eta Koldoika Jauregi bezalako sortzaileak bidelagun, Telmo Esnal (Zarautz 1966) menperatzen dituen komediaren pausuetatik urruntzen da proiektu pertsonaletakoari heltzeko. “Dantza”, bizitzaren zikloa erakusten duen fikziozko film musikala osatzen ari da. Proiektua bukatzear, Leitzan grabatu zutela elkarrizketatu genuen Esnal.
– Zer da “Dantza”? Zer aurkituko du filma ikustera joango denak?
“Istorio zikliko bat kontatu nahi dut. Bizitzaren zikloa euskal dantzaren bitartez. Euskal dantzen sinbologia erabili errepikatzen den istorioa kontatzeko. Urtaroek bereziko garrantzia dute. Jendeak landatzen du lurra, lurrak fruitua ematen du, fruitutik festa dator eta bertan amodioa sortzen da. Horregatik lehorretik, Bardeetik hasi dugu“.
– Beraz euskal dantzaren inguruko filma dela esatea gutxi esatea da, ezta?
“Pelikula unibertsala da. Euskal dantzak gure dantzak dira, baina Europa osoan gure dantza bezalakoak daude, zintak, makil dantzak, etab kultura askotan daude. Horregatik uste du hemendik kanpo berdin berdin ulertuko dela. Proiektu bisual bat da, musikal bat. Euskal zinean ez da sekula egin. Beti dantza ikusi dugu ikuskizunetan baina ez istorioa batean, pelikula batean kontatua“.
– Dantzaria izandako zara, horrek markatu zaitu pelikulari heltzerakoan?
“Madrilera ikastera joan arte, dantza egin nuen. Nire bizitzako bi pasioak dira dantza eta zinea. Egoera horregatik asko ukitzen nau. Proiektua oso pertsonala da, bai. Baina aldi berean, nirea bezain beste Urbeltzena eta Jauregirena da. Juan Antonio Urbeltzek dantzen inguruan, jatorri eta sinbologien inguruan aztertutakoa hartu eta gidoia osatu dut, sei urte ibili gara Urbeltz eta biok, bere hipotesiei forma eman nahiez. Eta Koldobika Jauregiren mundu estetikoa eta bisualak berebiziko garrantzia du. Hiruren proiektua da“.
– Luze doan proiektua izaten ari da. Zergatik?
“Batetik dantzarien agenden arabera. Dantzariek lanbideak dituzte eta ondorioz, libratzen direnean, asteburuetan eta oporretan grabatzen ari gara. Eta bestetik, urtaroen ¨dantza¨ kontatu nahi dugu, negutik hasi udaberria, uda eta udazkena islatu nahi dugu. Horregatik zatika egiten ari gara. Pelikula dantzatua denez, istorioa kontatzeko dekoratuak eta lokalizazioak behar dira, kontatu nahi duguna, lurraren eboluzio hori kontatzeko“.
– Dantzariak dira beraz aktoreak. Nola joatean ari da?
“Asko errepikatu behar da eta ez daude ohituta. Batzuk interpretatu behar dute. Batzuk protagonistagoak dira besteak baino, lan handia egiten ari gara horiekin. Baina osotara oso gustura nago. 250 bat dantzarik parte hartzen dute. “Argia” donostiar taldekoak daude muinean baina taldean ez daude hainbeste. Ondorioz Eibar, Elgoibar, Añorga, Iruña eta Iparraldetik datoz besteak. Bestalde, Gipuzkoako Dantza 2017 sariduna den Judith Argomaniz dantzari garaikidea izan dugu mugimendu berezi bat egiteko, arbol batetik ateratzeko. Bi koreografia puntualetan parte hartu du“.

– Leitzan eta Hendaian aritu zarete, adibidez …
“Leitzan bi asteburuetan egon gara. Batetik festaren hasiera eta udaren hasiera filmatu dugu. Soka dantza bat, 50 dantzariekin. Hurrengoan, festaren amaiera filmatu genuen, 100 bat lagun, hiru dantza eginez: Iturengo soka dantza, gobaleta (basoaren dantza) eta galaiena (esku dantza, neska eta mutilen arteko gorteatze dantza). Hendaian berriz, Gaztelu Zahar frontoia urez bete genuen, ezpatadantzariak insektuak balira dantza jarri ditugu. Postprodukzioan hura aintzira emango du“.
– Noizko izango dugu ikustea?
“Oraindik ez dugu ziur noiz bukatuko ditugun grabazio guztiak. Ekainean pieza bat filmatu behar dugu, uztailean beste bat. Beste bi pieza grabatzea geratzen da. Ea urrirako filmatzen bukatzen dugu. Gero postproduzio luzea du, beraz, datorren urteko erdirarterate agian ez dago bukatuta“.
Dantzen bitartez gai unibertsal asko jorratzen dira filmean: besteak beste, bizirautea, sinesmena, festa, maitasuna, heriotzaren kontrako etengabeko borroka. Talde teknikoan, Telmoaren ohiko kide batzuk: Javier Agirre Erauso argazki zuzendaria, Laurent Dufreche muntaian, Ander Sistiaga ekoizle zuzendari, Lola Lopez eta Iciar Arrieta makillaje eta ileapaindegi buru eta Arantza Ezkerro jantzitegiaren arduraduna. Eta Marian Fernandez Pascal eta Asier Altuna ekoizle buru dira.
Please comment with your real name using good manners.