Telebistaz elikatzen diren askorentzat sumindutako gizona zen Fernando Fernán Gómez. Aktore, zuzendari eta gidoilari espainiar edadetua bere onetik ateratzen baitzuten kazetari batzuek. Baina zuribeltzezko Frankismoa igaro zuten askorentzat Fernando “Botón de Ancla” bezalako filmeko galai zen edo beste pelikula batzuetako nobio traketsa. Koloreetako Transizioan berriz berak zuzendutako “Mambrú se fue a la guerra” edota “El Viaje a Ninguna Parte” zoragarriak utzi zizkigun. Iaz 1976an zuzendu zuen “¡Bruja, más que bruja!” filmaren berriz karteldegietan jarri zutelako gogora ekarri ziguten. Real Academia Españolaren akademikoa ere izan zela zendu zela hamar urte betetzen dira aurten. Azaroan hamarkada izango da Fernando Fernán Gómezek (Lima, 1921‐Madril, 2007) utzi gintuenetik. Horregatik Euskadiko Filmategiak aurrea hartu eta maiatza eta ekainean Fernán Gómezek zuzendutako hainbat film proiektatuko ditu.
Horrela gaur bertan Fernando Trueba, David Trueba, Luis Alegre eta Jesús Angulo partaide izango duen mahai-ingurua izango da 18:00tik aurrera. Filmategiko Zuzendariak Joxean Fernándezek gidatuko du. Ondoren, 20:00tan, “La Silla de Fernando“, 2006an David Truebak eta Luis Alegrek zuzendutako dokumentala emango dute. Bertan Fernán Gómez zendu baino urte bat lehenago biek egin zioten elkarrizketa luze bat jasotzen da. Publikoan aurkezten zuen sumindutako alderdi hortik urrun, urbiltasunez kontatu zien bizitzarekiko ikuspuntu ezkorra eta gautxori menturak.

Maiatzaren 11ean, Luis María Delgadok eta Fernando Fernán Gómezek 1953an zuzendutako “Manicomio“ emango dute. Carlosek bere emaztegai Juana bisitatu ohi du hark lan egiten duen zoroetxean. Han, uneoro arpa jotzen duen iloba eta Carlosek esaten duena hitzez hitz errepikatzen duen erizaina aurkeztuko dizkio zuzendariak. Maiatzaren 18an berriz Pedro Muñoz Secok idatzitako “La Venganza de Don Mendo“ren egokitzapena emango da. Maitale izan zuen Magdalaren ohorea ez zikintzeko Don Mendok lapurtzat aitortzen du bere burua. Magdalenak Don Mendo hil dezaten eskatuko duenez, gartzelatik atera eta Magdalenataz mendekatzea erabakiko du Don Mendok. Fernán Goméz bera da aktore protagonista. Eta besteak beste, Juanjo Menéndez eta Antonio Garisa aktore ezagunak ditu antzeztaldean.
Maiatzaren 25ean, 1963an Fernán Gomézek zuzendutako “El Mundo Sigue“ proiektatuko dute. Eloísa emazte bihozbera eta ama eraginkorra da. Bere senarrarekin bizi da, etxean kalean baino zorrotzagoa den eta batzuetan eskua astintzen duen udaltzainarekin, hain zuzen. Haien semea seminariotik apaiz bihurtu baino zertxobait lehenago atera zen mutil dohatsua da. Alabak, berriz, aberastasunarekin itsututa dauden bi ahizpa dira eta elkarrekiko izugarrizko gorrotoa dute. Ekainaren batean, 1956an zuzendu zuen “El Malvado Carabel“ eskainiko dute. Carabel gaztea ezkontzear dago eta higiezinen agentzia batean lan egiten du. Soldata igoera eskatu die nagusiei, baina kaleratua izatea baino ez du lortu. Orduan ohartuko da zintzotasunak eraman duela langabeziara, eta ondorioz, bizimoduz aldatu eta legez kanpo bizitzea erabakiko du.

Ekainaren 8an, 1964ean, zuribeltzean filmatu zuen “El Extraño Viaje” ikusteko aukera izango da. Carlos Larrañaga protagonista duen filma hiriburutik gertu dagoen probintziako herri txiki batean kokatzen da. Hiru anai-arrebek osatutako familia bat bizi da: Ignacia menderatzailea eta zorrotza, eta Paquita eta Venancio lotsati eta uzkurrak. Herriko egunerokotasuna larunbatetan bakarrik hausten da, Madrilgo musika talde batek asteburua abestiz alaitzen duenean. Larunbat horietako batean, ekaitzak eztanda egingo du. Beldurtiak diren Paquita eta Venancio zaratak entzuten hasiko dira eta Ignaciaren babes bila joango dira haren logelara. Han norbait ikusiko dute, baina Ignaciak gertaera guztiz ukatuko du. Ekainaren 15ean azken urteetako emaztea izan zuen Emma Cohenekin antzeztu zuen “¡Bruja, más que bruja!“. Herri txiki batean, morroi gazte batek bere osaba hil nahi du haren alargun gazteaz gozatzeko. Baina, bere zoritxarrerako, sorgin gezurti batekin topo egingo du.
Ekainaren 22an “Mambrú se fue a la guerra“ itzela emango dute. Francoren heriotzaren albisteak oihartzun berezia izan du Florentinak, haren alaba Encarnak, suhi Hilariok eta biloba Juanitak eta Manolinek osatutako familian. Une berean, Florentinak gainerako familiartekoei diktadorearen heriotza baino garrantzitsuagoa den albistea jakinaraziko die: bere senar Emiliano, gerra zibilean hiltzat eman zutena, bizirik dago. Frankismoan familiaren etxean bertan ezkutatuta biziraun zuen. Eta zikloa bukatzeko, herriz herri antzezten Espainian bidaiatzen ziren aktoreen omenaldia den “El Viaje a Ninguna Parte“. Frankismoa, 40. hamarkada. Herriz herri ibili ohi den komiko konpainia batean, senitartekoak dira gehienak. Maitasun eta gorroto istorioak biziko dituzte elkarrekin. Eta banaketa mingarriak eta topaketa zoriontsuak jasango dituzte: lana maitasunarekin nahastuko da, arazo ekonomikoak familiartekoekin eta gosea, berriz, arrakasta lortzeko ametsarekin.

Lehen egunean ezik, film guztiak arratsaldeko zazpietatik emango dira. 3, 5 euroren truke, Tabakalerako Zinema aretoan.
Please comment with your real name using good manners.