Argentinako bidean harrapatu dugu Igor Legarreta (Bilbo 1973). Buenos Airesen da egunotan, datorren astean, “Cuando Dejes De Quererme” filmaren zati argentinarra filmatzeko. Besteak beste, “Automata” eta “Zipi eta Zape” filmeetan bigarren unitatearen zuzendari ibili ondoren, Legarretak zuzentzen duen lehen luzea da honako hau, lurrak baldintzatzen duen thriller hau. Euskal aktore desberdinen partehartzearekin, Florencia Torrente eta Eduardo Blanco aktore argentinarrak eta Miki Esparbé katalana ditu antzezle nagusi. Euskal Herrian bost astez ibili ondoren, Buenos Airesen azken astea filmatzear mintzatu da Legarretarekin PANTAILA HANDIA.
Nola sortu zen proiektua?
“Duela bost-sei bat urte jaso nuen gidoia. Javier Echániz, Asier Guerricaechevarria eta Jon Iriartek sinatutako gidoia. Lagunak dira. Gidoia pasa eta asko gustatu zitzaidan. Eta ekoizlearekin hasi nintzen prestatzen. Centuria Filmseko burua, Belén Bernuy, atera ez zen beste proiektu batetik ezagutzen nuen. Gidoia bidali nion, irakurri eta gustatu zitzaion eta horrela ekin genion“.
Istoriaren parte bat Argentinan filmatuko duzue. Amerikako herrialdea hasieratik zegoen gidoian?
“Bai. Historiaren bukaera eta hasiera da. Laura (Florencia Torrente) da protagonista. Durangaldean jaio zen, baina 2 urte zituela amarekin Buenos Airesera bizitzera joan zen, aitak beste emakume batengatik utzi omen zituelako. Orain Fredo aitaordearekin (Eduardo Blanco) bizi da Buenos Airesen. Baina egun batean, deia jasoko du Euskaditik, aitaren gorpuzkina aurkitu dute baso batean. Aita duela 30 urte hil zuten buruan tiro emanda. Euskal Herrira itzuliko da aita lurperatzeko eta amaren errautsak eramateko, jaioterrian, Euskal Herrian aireratzeko. Fredok lagunduko du“.
Beraz Laura aitaorde eta aitaren tartean dugu?
“Bai, Laura bizi izan da pentsatzen aita okerra zela. Suminduta dago. Eta bapatean buelta eman behar dio ideia horri eta jakiteko mina sortzen zaio. Aita biologikoaren (Eneko Sagardoy) inguruan biltzen da trama. Berau flashback batzuen bitartez agertzen zaigu. Aitordearen historiak ere garrantzia du traman. Gainera Laura lagunduko du aitari zer gertatu zen jakiten. Horretan Miki Espargék jokatzen duen aseguru saltzaile batek lagunduko ditu. Lauraren izenean dagoen asegurua dagoela esanez hurbiltzen da neskarengana eta gutxinaka amodio historia sortzen da“.
Duela 30 urte tiroz hildako lagun bat Euskal Herrian bizi izan dugu egoerarekin … Garrantzia al du hori traman?
“Thriller bat egin dugu, ez pelikula politikoa. Pelikula eraikitzeko “lurraldeko materialak erabili ditugu” bai. Testuinguru soziopolitikoa hondoan dago, bai. Baina ez da hain esanguratsua“.
Filmatzeko tokiak al dira esanguratsuak orduan?
“Protagonistaren itzulerak markatzen du historia. Lekuak oso garrantzitsuak dira. Egia esan Laura Durangaldean jaio zen baina ez gara bertan geratu. Lokalizazio potenteen bila aritu gara. Gehiena Gipuzkoan errodatu dugu, Bizkaian, baita Araban eta Nafarroan ere. Gidoilariek esaten dute moduan “rigor vs vigor”, alegia, nahiago leku potententeak. Ondorioz Nafarrora joan gara lekua gustatu zaigulako, besterik ez“.
– Antzeztaldea nazioartekoa duzu: bi aktore argentinarrak, Espargé katalana, … Nola izan da esperientzia?
“Blanco oso ospetsua da Argentinan. Campanellarekin egin ditu film pilo bat. Europan ere eskarmentua du. Espainian film batzuk eta serieren bat egin du. Esperientzia handia eta oso profesionala da. Florencia ez nuen ezagutzen. Baina oso ondo ari da, sentsibilitate handia dauka, zerbait berezia du, pelikulan ikusiko dena. Gainera aktore oso profesional eta emakume jatorra da. Miki oso aktore ona da komedian zein draman. Pertsonaia egiteko primeran etorri zaigu. Egozkue bere pertsonaiak enkanto berezia du eta aldi berean nahiko arrunta. Oso guapoa baina galan izan gabe“.
– Eta nola moldatu zarete Argentinarekin koprodukzioan?
“Gogorra piska bat. Hemen grabatzen ari ginela hangoa prestatzen aritu baikara. Errodajean genuen bitartean Buenos Airesekoa ikuskatzen aritu naiz. Orain astebete izango dugu Argentinan azken prestaketak egiteko eta datorren astean azken errodaje asteari ekingo diogu“.
– Igor, hau zure lehen luzea da. Nola moldatu zara?
“Inoiz ez dakizu nola egongo zara zure lehenengo pelikulan. Nahiko eroso sentitu naiz. Laguntza asko izan baitut, bai aktoreen partetik eta baita taldearen partetik. Oso talde ona izateak errazten du eta gainera ondo prestatzen baduzu, hori beste gailu bat izan da, oso prestaketa ona egin dugu. Mikik beti dio nire bigarren edo hirugarren filma dirudiela”.
Eta noiz ikusiko dugu proiektua bukatuta zine aretoetan?
“Bukatu eta montajeari ekingo diogu. Baina pelikulak esango digu noiz arte berarekin. Pelikula da nagusia, erabakiak hartzen baditut ez da nahi dudalako, pelikulak behar duelako. Espero dut abuztuaren bukaerarako edo irailerako izatea“.
Centuria Films-ez gain, Argentinako CEPA Audiovisual ekoizetxeak ekoiztu dute filma. Euskal aktoreen artean, Eneko Sagardoyz gain, Josean Bengoetxea, Itziar Aizpuru, Kandido Uranga eta Gotzon Sanchez daude. .
Please comment with your real name using good manners.