Kolaborazioa izango dute hurrengo bi hilabeteko hitza Kresala Zineklubean. Egun “sinergiak” deritzan horretan Tabakalerarekin egindako batek hasiko du hurrengo egitaraua. Gero Bartzelonako Egile Zinemaldiarekin abiatuko duten kolaborazio bati helduko diote. Eta azkenik jada klasikoa bihurtu den publikoarekin hartuemana, publikoak bozkatutako filmak bi hilabete hauetako egitaraua bukatu eta ikastaroa amaituko du.

Ostiralean Tabakaleran hasi zuten Kresala zineklubarekin hartuemana. Orduan eman zuten gaur ikusiko dugun pelikulan garrantzia izan zuen “Ikarie XB-“ txekiar filma. Gaur ardatz horren bigarren muturra. 1968an Stanley Kubrick britaniarrak Zientzia Fikziozko agian film adierazgarriena emango dute. “2001, A Space Odyssey“ filmean Kubrickek Arthur C. Clarke idazle ezagunaren eleberria ematen du irudietan. Hal makinaren menpean geratzen dira espazio ontzi baten astronauta batzuek. Filmaren hasiera oroimen kolektiboan dago, gizakiaren aintzadariak diren simioen arteko borroka hura eta hezur aireratzea Straussen “Así habló Zaratrusta”ren hasteko musikarekin. Tabakalerako zinema arduraduna Víctor Iriartek aukeztuko du saioa.
Apirilaren 24ean, duela bi urte Ramón Alós zuzendariak filmatutako dokumental bat emango dute. “El Hombre Que Quiso Ser Segundo“ espainiar zinemaren aintzindaria izan zen Segundo de Chomón (Teruel, 1871- Pais 1929) zinegilearen bizitza eta obra kontatuko digu. Eta aldi berean, anai bikia zuen Primo de Chomónekin zuen erlazioa. Chomón zinema mutuan eta animazioan izan zen aintzindari. Maisua izan zen trukajeekin eta maketen erabileran, travelling-aren erabileran eta kolorezko zineman aintzindaria ere izan zen. Ramón Langa aktoreak jokatzen du Chomónen papera. Ramón Alós berak aurkeztuko du saioa.
Maiatzaren 15ean iaz Amat Escalante mexikarrari Veneziako Zinemaldiako Zuzendari onenaren saria eskuratu zion pelikula emango da. Zientzia fikzioa eta draman artean mugitzen da “La Región Salvaje“ filma. Sexua eta maitasuna hauskorrak izan daitezke lurralde jakin batzuetan, non oraindik badiren familia-balio indartsuak, zurikeria, homofobia eta matxismoa. Emakume gazte misteriotsu bat ziur da naturaz gaindiko zerbait bere arazo guztien erantzuna izan litekeela… Saioa Bartzelonako Cinema D’Autor zinemaldiarekin hartuemanean prestatu dute eta Begoña del Teso kritikariak aurkeztuko du.
Maiatzaren 22an euskal zinegile batek zuzendutako film labur bat ekarriko digute. Estibalitz Urresola Solaguren gazteak duela 4 urte filmatu zuen “Adri“, hilerokoa lehen aldiz datorkion neskato bati buruz. Igeriketa entrenamendu gogorrekin urteak eman ondoren, eskualdeko txapelketan parte hartzekotan, neskak odola isurtzen du lehen aldiz. Filmak hainbat sari lortu ditu. Zuzendaria mintzatuko da filmaz eta ondoren, “Bella y Perdida” (Bella e Perduta) italiar luzea emango dute. Pietro Marcello zuzendariak bidai bat proposatzen digu. Vesubio Menditik Campaniara morroi batek Tommaso artzainaren azken nahiak betetzeko egingo duena.

Eta ikastaroa amaitzeko, zineklubera joan ohi direnei galdetu zitzaien John Forden zein pelikula ikusi nahi zuten. Publiko horrek gehien bozkatu zuen “¡Qué Verde Era Mi Valle”“ (How Green Was My Valley) filma. Maiatzaren 29an jarriko dute Fordek 1941ean egindako hau. Forden ohiko den Maureen O´Hara dago antzeztaldearen buru. Galeseko mehatzari herri batean Morgan familia bizi da. Denak mehatzariak izateaz harro dira, eta tradizioen eta familiaren elkartasunaren lagun. Hala eta guztiz ere, soldata jaitsierak liskarra eragingo du aita eta semeen artean. Semeek langileen sindikatuaren elkartasuna jabeari aurre egiteko bide bakartzat jotzen badute, aitak ez du ez sindikatuez ezta sozialismoaz ere ezer jakin nahi. Richard Llewellyn idazlearen eleberrian oinarritua. Oscar sarietako 10 izendapen izan zituen eta 5 eskuratu zituen. Besteak beste, film onenari eta zuzendari onenari. Diego Soto gidoilariak eta TCMko komunikazio arduradunak saioa aurkeztuko du.
Please comment with your real name using good manners.