20 urte eman ditu Malagako Zinemaldia Espainian egiten den zinemaren erakustelehioa izaten. Hirugarren hamarkadari heldu behar dion honetan espainolez egiten zinemara zabaldu da, hots, Hegoamerikako filmak ere lehiatuko dira datorren asteko iganderarte egingo den zinemaldian. Zortzi iberioamerikar eta bederatzi espainiar izango dira esaterako Sail Ofizialean. Osotara bederatzi egun hauetan, 1585 film, luze eta laburren artean ikusteko aukera izango da gaur hasiko den zinemaldian.
Hasiera ekitaldiaren ondoren, Alex de la Iglesia bilbotarraren azken filma, “El Bar“ emango da. Berlinalen lehiaz kanpo estrenatu ondoren, espainiar estrenaldia Malagako zinemaldi honetan izango da Sail Ofizialean lehiaz kanpo ere. Datorren ostiralean iritsiko da zine areto komertzialeetara. De la Iglesiaren asteburu jo dezakegu hau, larunbatean, “El Dia de la Bestia”, Álexen bigarren luzea omentzen duen dokumental bat emango baitute. “Herederos de la Bestia“ dokumentala Sitgesen estrenatu zen eta besteak beste, Álex de la Iglesia bera eta honen gidoilaria den Jorge Guerricaechevarria elkarrizketatzen ditu.
Malagako Zinemaldiaren Sail Ofizialean lehian izango da Iñaki Dorronsoro gasteiztarraren bigarren luzea. 2006an “La Distancia” aurkeztu eta ia hamaika urte beranduago Dorronsorok idatzi eta zuzendu du “Plan de fuga“ thriller hau. Besteak beste, Bilbon filmatu den luzemetrai honetan Goya saria jasotako Luis Tosar eta Javier Gutierrez dira aktore nagusi. Europako Ekialdeko lapur arriskutsuen munduan sartzen da lapur berri bat eta horren inguruan dabil filma. Dokumental sailean, berriki Punto de Vista zinemaldian saritu duen David Arratibelen “Converso” filma lehiatuko da. Lehiaz kanpo, Zonazine deritzan sail batean, Gaztelan bizi baina Donostian jaio zen Pedro Aguileraren “Demonios tus ojos“ filma eta “Focus Sitges” sailean Haritz Zubillagaren “El ataúd de cristal“ filmak ikusteko aukera izango da.
Film laburren lehiaketa ofizialean ere hainbat euskal filma izango da. Besteak beste aurtengo Kimuak aukeraketan dauden Asier Urbietaren “False Flag“, Alejandro Diaz Castañoren “Ihesa” eta Las Chicas de Pasaik kolektiboaren “Gure Hormek“, azken hau film labur dokumentalen lehiaketan. Fikziozko lehiaketan ere Lander Camarero bizkaitarraren “Nuestro viejo (y el mar)“ eta Velasco Broca arabarraren “Our Friend the Moon“ izango dira.
Hortaz gain, animaziozko filmen lehiaketa dago “Animazine” deritzan sailean. Bertan hiru euskal film izango dira. “Kimuak”en aurtengo aukeraketan dagoen “Beti bezperako koplak“ film kolektiboa, Alberto Vázquez galiziarrak, Bilboko Uniko etxearen “Decorado“ eta Javier Prietoren “Nunca pasa nada” lehiatuko dira.

“8 Apellidos Vascos“ filmearen zuzendaria, Emilio Mártinez Lázaro izango da epaimahaiaren buru. Zinemaldiak Antonio Banderas aktoreari emango dio Ohorezko Biznaga, ohorezko saria. Leonardo Sbaraglia aktore argentinarrak edizio honetako Ohorezko Sari nagusia, Malaga-Sur saria jasoko du.
Please comment with your real name using good manners.