Norberaren eta herri ezberdinen identitateetara bidaiak izan dira garaile Iruñean ospatzen den Punto de Vista zinemaldiaren XI. edizio honetan. Alain Fleischer, Vivi Tellas, Aleksandr Balagura, Toby Lee eta Daniele Dottorinik osatu duten epaimahaiak “The Host“ britaniarrari eman diote zinemaldiko sari nagusia. Publikoak berriz David Arratibel nafarrak egindako “Converso” saritu du.
Miranda Pennell britaniarraren gurasoek Iranen lan egin zuten British Petroleum konpainiarako. Argazki albumen batetik tiraka oroimen pertsonala eta kolektiboa osatu du zuzendariak “Petroleo, Inperioa eta Nire familia: dokumental entsaioa” deitu duen horretan. “The Host” izenburuko filmeari 10.000 euroko saria ematea erabaki du epaimahaiak “norberaren gunetik politikora bidai zinematografiko bat egitetik, egun baldintzatzen duen historia kolonial bat aztertzeagatik. Artxiboaren erabilerak eta zehaztasun formalak gaurko zineari bultzada ematen baitio“. Sail Ofizialean zeuden 9 filmeetatik bi ziren emakumeek zuzendatuta eta hau da horietako bat.
Eric Pauwles zinegile belgiarrak iaz hildako amari maitasun gutun filmikoa egin dio “La Deuxième Nuit” filmean. Eta horri Jean Vigo, zuzendari onenaren saria eman dio epaimahaiak. Euren esanetan “estilo eta material desberdinak unitate batean lan egiteagatik. Memoria, hitza eta zine irudiak harremanetan jartzeagatik askatasun poetiko moduan“. 5.000 euro jasoko ditu Pauwlesek.

Film laburretan sari nagusia Tunizia aldera joan da. Frantziarekin koprodukzioan Ismaïl Bahrik egin duen “Foyer” filmak jasoko ditu 3.000 euro. Epaimahaiak filmearen minimalismoa saritu du “errekurtsoen ekonomian eta sinpletasunean elegantea baita, bere minimalismoak keinu egiten baitio geopolitikari eta zineak duen gizartea mugitzeko potentzialari“.
Iruñean Punto de Vistan ibili den publikoak David Arratibelen bigarren luzeari eman diote saria. “Converso“ filmean bere familiak bizitako kristautatzea arakatu du nafarrak eta aldi berean bere bizitzan horrek izan duen eragina. 1.500 euroko saria du publikoaren erabakiak. 1.500 euroko dirua saria du baita Epaimahai Gazteak emandako saria. Eta berau Martin Kollar eslobakiarraren “5 October” filmeari eman diote. Hiltzear dagoen gizon bat ihesean joan eta naturan murgiltzen da azken egunak bertan pasatzeko. Azkenik, proietu berriei eskainitako “X Films Proiektu“ deritzan sailean Sevillako María Cañas saritu dute.

Gogoratu hau Oskar Alegriaren zuzendaritzapean egiten zen azken edizioa zela. Orain zuzendari berri bat hautatu behar dute, 12. edizioa osatzeko.
Please comment with your real name using good manners.