Iparralden ikusentzunezkoan egiten den zinemaldirik garrantzitsuena hastear doa. Batez ere Frantziako baina baita nazioarteko ikusentzunezko sormenean ere berriena ekartzen duen FIPA hasiko da asteartean Biarritzen. FIPAren 30. edizioak ohi bezala lehiaketan sei sail izango ditu eta lehiaz kanpo erakustaldia. Azken urteeotan, horiei gehitu zaie, gero eta garrrantzi gehiago duen Smart Fipa (sail teknologikoena) eta sortzaile gazteen lehioa. Aurten fokoa Kanadako sorkuntzan jarriko dute. Eta Ohorezko EuroFipa Hanka Kastelikova dokumental ekoizleari emango diote. Hungariarrak egun hain indartsu den HBO Europe katearen garapenean zeresana izan du.
Asteartean, 19:30tik aurrera, Gare du Midin egingo den ekitaldi batez hasiko da sei eguneko zinemaldia. Ondoren, Gilles Portek zuzendutako “Tantale“ film interaktiboa emango dute. Aurtengo irailean girotutako filma da. Olinpiar Jokoak hartzeko Frantziak izendatuko duen hiria erabaki behar du. Erabakian publikoak ere parte hartuko du. Izan ere, Radio Francek eta France Télévisions Nouvelles Écrituresek ekoiztutako filma etorkizuneko telebistaren adibide bat da, non ikusleek parte hartzen duten. Fipan berria den SmartFipa saileko adibide da jaialdia zabaltzeko hautatutako filma.

Hasierako film hau urte batzuk baino ez dituen Smart Fipa sailean lehiatuko da beste 10 ekoizpenekin batera Urrezko Fiparen bila. Aipatzekoa epaimahaia emakumez osatua dela. Ohikoak diren beste lehiaketan ere emakumeak gehiago. Fikzio sailean telebistarako egindako filmak eta miniseriak epaituko dituzte. 11 osotara, gehientsuenak europearrak, Australia eta Keniatik etorriko direnez gain. Serietan 10 produktu izango dira ikusgai, Japonia, Txile, Estatu Batuak, Kanada eta Europako hainbat herritik etorritakoak. Bi sail hauetan zuzendari onena, emakumezko aktore eta gizonezko aktore onena, gidoi eta musika onena sarituko dira.
Musika eta ikuskizuna sailean ere 11 dokumental ikusteko aukera izango ditu, Afrikako musikatik, rockere, blusetik Danubio Urdina valsera. Telebistarako egiten ohi diren salaketa dokumental sailean, FIPAk Grande Réportage deritzan sailean 12 ekoizpen emango dira. Tartean, unibertsitateen merkantilismoa, asiar neskameen egoera eta Charlie Hebdoko sarraskitik libratu zen kazetari marokiarren patua ezagutzeko aukera izango da. Sormen dokumental sailean 12 film ikusteko aukera izango da. Bertan lehiatuko da Hego Afrikan lurrak okupatzen ari direnenen errealitatea islatzen duen “Noma“ dokumentala. Filma Pablo Pinedo Bóveda gasteiztarrak zuzendu du.
Ez da euskal ekoizpen bakarra izango. DSS2016rako Xuban Intxaustik zuzendutako “Mensajes de Frontera“, Donostiako Giza Eskubidean estrenatutako dokumentala aurkeztuko dute Sormen Panorama lehiaz kanpoko sailean. Bertan 19 sorkuntza lan ikusiko ditugu, izan ospital bateko urgentziak jarraituz edo Irango Sharen urteak. Interesgarria izango da BBC britaniarrak egindako apostua – Europara etortzen saiatzen ari direnei bideoa dueten sakeleko telefonoak eman diete, euren bidaia dokumenta dezaten. “Exodus – Our Journey to Europe“ deituriko lana da. Horiekin batera, Gazte Sormena sailean, mundu osoko 7 film eskoletan egindako 29 film labur eskainiko dira.

Aurten Kanadako ikusentzunezkoan jarriko dute fokua gainera. Bertako zortzi ekoizpen ikusteko aukera izango dira, bost lehian, beste hiru lehiaz kanpo. Ikusentzunezkoaz gain, aurtengo Goncourt saridunaren, Leïla Slimanirenn eta Guillaume Galienne aktorearen hitzaldiak izango dira egunotan. Jaialdia ixteko “Raving Iran”, Teherango rave mundua irudikatuz Susana Regina Meures suitzarrak zuzendutako filma emango dute. Sarrera bakoitza euro bat balio du, baina egun osoko txartelak daude 10 euroren truke. Jaialdirako osorako 28 euro dira. Lagun batekin joan ezkero, 40 euro ordaindu beharko dira. Ikusgai izango diren film eta programa guztien informazioa esteka honetan dago.
Please comment with your real name using good manners.