Duela lau urte, zine kazetari batzuek amets bat bete zuten. Espainiar “Urrezko Globoak” sortzea. Hollywooden atzerriko prentsak zinegileak saritzen baditu, eurek zinema espainiarra sarituko zuten. Jada industriak itxoiten dituen sariak dira. Eta haunditzen doaz. Astelehenean laugarren edizioko Feroz Sariak banatuko ditu. Aurten telebista seriak ere sarituko dituzte. Sei sailetan banatutako sariak. Eta estrainekoz ere, dokumental onenari ikurra emango diote.
Fikziozko 107 luze eta 37 serie lehiatzen ziren edizio honetan. Lehen bozketa baten ondoren, prentsak hamar izendapen eman zizkion Alberto Rodriguezek zuzendutako “El Hombre de las Mil Caras” filmari. Ondoren bederatzi izendapen lortu zituen Pedro Almodovarren “Julieta“k eta zortzi “Tarde Para la Ira”k, Raúl Arevalok filmatu duen lehen pelikulak. Serietan, zortzi izendapen ditu TVEren “El Ministerio del Tiempo” draman eta Antena 3ko “Vis a Vis” komedian.
Izendatuen zerrenda osoa, esteka honetan aurkitu dezakezu.
Zine, antzerki eta telebistako gidoilari eta zuzendariak, Chicho Ibañez Serradorrek jasoko du aurtengo Ohorezko Feroz saria. Besteak beste, “Un, Dos, Tres” eta “Historias para No Dormir” ezagunen sortzaileak bizitza oso bati eskaintzen zaion iruditxoa hartuko du. Zine prentsak Mauro Hercek zuzendu duen lehen dokumental luzea, “Dead Slow Ahead” dokumentala eta Albert Serraren “La Mort de Louis XIV” filma sarituko ditu. Azken honek, merezi baino gutxiago lortu duen film bati ematen zaion Feroz Berezia hartuko du.
Telesailen sariak gehitu direnez, aurten, bikoizten da gonbidatuen kopurua. Eta horrela alfonbra gorritik pasako dira, besteak beste, Eduard Fernández, José Sacristán, Emma Suárez, Adriana Ugarte, Jose Coronado, Paula Echevarría, Paco León, Raúl Árevalo, Ruth Díaz, María León, Alex García, Bárbara Lennie, Hugo Silva, Aura Garrido, Natalia de Molina, Roberto Álamo, Cayetana Guillén Cuervo, …
Estreinekoz, gizon batek aurkeztuko du gala. Antonio de la Torre aktoreak (bera ere izendatua dago) erronkari gustura hartu dio. Gala umore ganberroz eta ironiaz bete nahi dute. Horregatik, Antonio de la Torrek antzeztuko duen gidoia idazteko Diego San José, José A. Pérez Lledó eta Borja Echevarría kontratatu dituzte. “Vaya Semanita” edo “El Intermedio” telebistako programen edota “Ocho Apellidos Vascos” filmearen arduradunak dira.
Please comment with your real name using good manners.