Duela hamar urte zine eta musika zale batzuek Donostian beste zine jaialdi baterako lekua zegoela iritzi zioten. Horrela sortu zuten “Dock of the Bay“, dokumental musikalen zinemaldia. “Ilusioz baina hasiberrien ezjakintasunarekin” aitortzen digu sortzaileetako batek, Dock of the Bayren zuzendaria den Eva Riverak. Egun zinezaleen eta musikazaleen finkatutako hitzordua da. Filmez gain, mintegia, kontzertuak eta festetarako lekua duena. Larunbaten hasiko da 10. edizioa eta hori aitzaki Eva Riverarekin mintzatu gara.
– Hamar urte jada, berritasuntzako tarterik?
“Bai, alde batetik izen baten aldaketa dugu. Orain arte lehiaz kanpo eta Sail Ofiziala izan dugu. Aurten hasita, lehiaz kanpo dagoen hori “Perfect Day“ deituko da. Bertan aurten nazioartean aurkeztu diren hainbat film ikusteko gai izango gara. Besteak beste, Blur, Rolling Stones eta The Everly Brothers taldeen inguruko dokumentalak eskainiko dituena”
– Hirugarren sail baduzue gainera …
“Hori da. “Paint it black“ saila sortu dugu, atzerabegirakoa izango dena. Dokumental klasikoa oso interesgarria delako. Hiru film emango ditugu aurten bertan. Batetik, iparamerikar poeteei omenaldi bi eta bestetik, “Who: The Kids are Alright“ filma jarriko ditugu. Taldea maite dugulako eta egungo brit pop taldeekin, esaterako Supersonicekin, lotura egiteko balio digulako“.

– Iparamerikako poeta biri omenaldia …
“Bob Dylani Literatura Nobel saria eman diotenez “Don’t Look Back“ jarriko dugu. 1967an D. A. Pennebakerrek egindako dokumental klasikoa da. Eta “Bird On Wire“, film bitxia dena, izan ere Leonard Cohenen 1969ko biran filmatu zuen Tony Palmerrek eta 2009rarte editatu ezin izan zuena, kantariarekin arazoak tarteko“.
– Gainera Tony Palmer bera izango duzue Donostian, ezta?
“Bai, guretzako izugarri garrantzitsua da. Filma jartzea utzi digu eta aldi berean, berau aurkeztu eta publikoarekin eztabaidatu nahi zuen. Leonardekin izan zituen arazoak eta gero izan duten erlazioaz galdetzea izango du igandean Antzoki Zaharrera hurbilduko den jendeak“.
– Zure ustez zein da sail ausartena?
“Sail Ofizialean daude agian formato eta gai ausartena. Lengoai desberdina du esaterako “When the Earth seems to be light“ skate mugimenduaren inguruko film georgiarra edo “
El Charro de Toluquilla“ film mexikarra. Fikzio eta ez fikzioaren mugetan dabil “All These Sleepless Nights“ zinta poloniarra, Sundancen Zuzendari Onenaren saria lortu zuena. Planteamendu berria du “Geometria del Esplendor“, izen bereko talde madrildarraren inguruko filmak, ….”
– Eva, hamar urte betetzen dituzue aurten. Noiz bertigo gehien orain edo orduan?
“Orain. Hasten zarenean hasiberriaren ezjakintasuna duzu, ilusioa. Orain eta batez ere, 2013tik, kultur munduak jasandako murrizketatik. Orain zailago da. Ez dakit bertigoa den hitza, baina orain badakit zein zailtasun izan ditzake zinemaldi bat abiaraztea”
– Zer lortu duzue?
“Gauza asko. Batetik zinemaldia sendotzea, ezagutzera eman eta sarea sortu dugu, aingura txikiak bota ditugu. Gainera espainiar filmeek estrenaldia egin nahi dute gurean. Eta nazioarteko batzuk ere ate joka datoz. Hiriari dagokionez, publiko leial bat dugu, hitzordua bilakatu da eurentzat zinemaldia“.
– Eta zein izan daiteke garapena?
“Hazi beharko luke. Astebete nahikoa da egia esan, eta egun gutxiagoarekin ere aurrera egin dezakegu. Baina zinemaldi batean bezala, film bera saio desberdinetan jartzea nahiko nuke. Eta dirua izatea estrenaldi gehiago ekartzeko. Azoketara ere joan beharko genuke zuzendariekin topo egiteko. Eta zine lengoaietan ausartago izatea“.
– Hamar urte honetako pelikula mitikoa zein izan daiteke?
“Ezbairik gabe “Searching for Sugar Man“. Ez bakarrik hemen izan ondoren, Oscar sarietan izandako ibilbideagatik. Baizik eta musika dokumentalean izandako garrantziagatik. Nire ustez, film honek zabaldu zuen bidea musika dokumentalak zine aretoera iristeko. Hor ditugu azken urteetan “Amy“, “Janis Joplin“, “Omega“ edo “Gimme Danger“ bezalako dokumentalak zine areto komertzialetan. Gainera oso dokumental berezia zen, thriller modukoa. Bai, zalantzarik gabe hori da.”
Please comment with your real name using good manners.