Urtarrila hilabeterik egokiena eritzi dio Nafarroako Filmategiak garapen zinematografikoa gogoratzeko. Eta halaxe duela 75, 50 eta 25 urte egindako hiru filma programatu ditu Zinemaren Urteurrena deitu duen zikloaren barnean. Horiei duela 100 urte egindako bi film ertain gehitzen zaizkie Ezinbesteko Zinema deituriko sailean emango dena. Eurek dioten bezala “24 fotograma segundoko zinema analogikoaren etorkizuna ez dago batere argi, baina hedabide audiobisualak, instrumentu narratibo gisa, aldaketa asko jasan ditu eboluzio teknologikoaren eskutik“. Horiei errepaso egingo diete, zinema analogikoaren errepasoa egingo diete, bost filme horien bidez.

XX. mendearen bueltan, zinematografoa oraindik jaio berritan, Charlot zen izar handienetakoa. Benetan, Charles Chaplin deitzen zenak 1917an “El Aventurero“ (The Adventurer) antzeztu eta zuzendu zuen. Filmean Charlot kartzelatik itsasora botata ihes egin duen preso bat da. Hondartzarantz igerian doan bitartean portutik erori den dama itota hiltzeaz salbatzen du. Emakumeetan Mary Pickford aktorea zen izarra. Urte berean, Pickford aktore nagusi duen “Pobre niña rica” (The Poor Little Rich Girl) emango dute. Familia aberats batean jaio, baina gurasoek jaramonik egin ez eta zerbitzarien esku utzitako neskato baten istorioa kontatzen du filmak. Maurice Tourneur zuzendaria, zuzendaritza artistikoari garrantzia eman zion Hollywoodeko lehendabiziko zuzendarietariko bat izan zen. Bi filmak asteazkenean, urtarrilaren 4ean emango dira, arratsaldeko 6tik aurrera eta mutuak direnez, Josetxo Fernández de Ortegaren pianoaren laguntzaz.
Aurretik, asteartean, 1942an Cecil B. De Millek zuzendutako klasiko bat emango dute, 75 urteurrenaren adibide gisa. “Piratas del Mar Caribe” (Reap The Wild Wind). Besteak beste, antzeztaldean Ray Milland, John Wayne eta Paulette Goddard dituen film hau pirata onen eta gaiztoen mentura filma da. Filmategitik gogoratzen digutenez, “Cecil B. De Mille zuzendaria zinemaren garai klasikoko film-espektakuluaren pelikularik handienen egile gisa historiara pasatu da. De Mille, ikuslea ezin zela inolaz ere aspertu eta filma lurrikara batekin hasi eta horrekin gora joan behar zela esaten zuena, emozioz beteriko istorioa aurkezten du eta gainera pertsonaia guztiz liluragarriek garrantzi ikaragarria jasotzen dute, aktore ezin hobeek antzeztuta“. Familia giroan ikusteko filma eritzi diote eta ondorioz, arratsaldeko seiretan emango dute.
Hurrengo asteko ostiralean, duela 50 urte filmatutako zinta dagokigu. 1967an Richard Brooksek zuzendutako “A Sangre Fría“ (In Cold Blood). Truman Capotek idatzitako eleberriaren moldaketa da. Kansaseko langile zintzo batek bizitza lasaia darama emaztea eta bi semeekin, burutik eginda dauden bi preso ohien bisita jasotzen duen arte. Txuri-beltzean filmatutakoa, gertaera gertatu zen eszenatokietan filmatuta eta istorioko pertsonaiak ikusi zuten argi berberarekin, heriotza-zigorrari buruzko hausnarketa interesgarriarekin batera. Oscarretan lau hautagaitza lortu zituen (Zuzendaria, Moldatutako Gidoia, Argazkiak, Musika). Gaueko 8tan emango dute.
Eta duela 25 egindako filma da “Drácula de Bram Stoker“. 1890.an Transilvaniara joaten da Jonathan Harker abokatu gaztea. Bertan Drakula kontea ezagutuko du. Konteak abokatuaren neskalagunaren erretratu bat ikusi eta 1462.an galdutako amodioa gogoratzen du. Ondorioz, Inglaterrara joango da abokatuaren neskalaguna ezagutzeko. Nobelaren moldaketarik hoberenetzat joatzen da Francis Ford Coppolak zuzendutako hau. Inoiz ikusitako berrikuntzak saru zituen eta urte horretako film ikusinetarikoa izan zen. Zuzendariak bizi zuen krisi ekonomiko eta profesionala gainditu zituen film honi esker. Besteak beste, Gary Oldman, Winona Ryder, Anthony Hopkins eta Keanu Reeves antzezle dituen filmak 3 Oscar sariak lortu zituen (janzkera hoberena, makillajea eta soinu efektuak). Urtarrilaren 27an, ostiralean, emango dute, gaueko 8tan.
Please comment with your real name using good manners.