1947an New Yorken jaio bazen ere zen Eugène Green zinegileak uko egin dio Europan ingelesa egiteari. 1960enetik Frantzian bizi da eta duela 40 urte frantziarra nazionalizatu zen. Pantaila Handiak Sevillan elkarrizketatu du, Europako Zinemaldiko Sail Ofizialean “Le Fils de Joseph“ eta batez ere, sail paralelo batean “Hitz Egin“ dokumentala aurkeztu ondoren. Luzea euskaraz filmatu du, Iparralde eta Hegoaldeko hainbat herritan. Euskararekiko eta euskal kulturarekiko lau gazteren (hiru lapurdikoak, bat gipuzkoarra) burutazioak jasotzen ditu. Filmean Maddi Oihenart eta Kalakan ikusi ditzakegu besteak beste. Larunbatean Donostian, Tabakaleran emango dute 20:00tan.
– Nola ezagutu zenuen Euskal Herria eta euskara?
“Kasualitatez ia. Europan gutxitutako hizkuntzak nola tratatzen dituen beti interesatu nau. 2002an “Le Monde Vivant“ filmearen zati handi bat Maulen filmatu genuen. Eta inpresionatu ninduen paisaiaren edertasunak eta bertako herriak. Bi eleberri idatzi ditut jada Euskal Herrian girotzen direnak. Lehena “La Bataille de Roncevaux” da. Hirugarren bat aterako da urtarrilean, lehenengoaren jarraipena dena. Oporretan askotan noa. Jada lagunak ditut. Egun Parisen pasa behar dut denbora gehiena, baina bigarren etxe bat edukitzeko aukera izango banu, Euskal Herrian izango nuke“.
– Eta zergait euskararen inguruan dokumental bat egiteko beharra?
“Hizkuntzarekin txundituta nago. Ikasten ere saiatu naiz. Nire ustez hizkuntza gizakiengan nola sortu zenaren lekuko da. Gainera bidezkoa ez den egoera politiko bat dago. Euskaldunek ez baitute euren eskubideak onartuak. Film politikoa egin nahi nuen baina ez agitazio, dogmatikoa den filma. Film poetikoa, mezu politikoa duen film poetikoa egin nahi nuen“.
– Eskubideak ez daude onartuak diozu. Baina egoera desberdina da Iparraldean eta Hegoaldean. Hori islatzeko aukera izan duzu?
“Jakina. Hegoaldean egoera ez da guztiz normala, baina gutxienez, lurralde, politikan eta hizkuntz onarpen bat dute, euskara ko-ofiziala da lau probintzietan. Frantziak ordea ez ditu euskaldunak bereizten, herritarrak dira beste Frantziako biztanleak bezala.
Desberdintasun hori irudikatzeko Hegoaldeko bi gazte eta Iparraldeko bi gazte nahi nituen. Baina ez nituen lortu. Hegoaldeko gazte bakarra dut filmean. Gauza bera neska eta mutilekin, neska protagonista bakarra agertzen zaigu filmean. Eta filmaren zati gehiena bai Iparraldean filmatutakoa da“.
– Filma publikoaren aurrean aurkeztu zenuenean esan zenuen euskal kultura Europako kontra-eredua izan zitekeela. Zer esan nahi zenuen?
“Idatzi nuen entsegu batean, “La Parole Basque” entseguan, euskal kultura proposatzen nuen Europako zibilizazioak bizi duen gainbeherari aurre egiteko eredutzat. Egun dagoen eredu bakarra zibilizazio eza da, Artolokeriatik etorritakoa (horrela deitzen du berak AEB). Europar zibilizazioaren gakoa aniztasunean datza, eta dituen herrien aniztasuna onartu beharko luke. Euskaldunen espiritualitatea maite dut (Dokumentalean une batean, pastoral aurreko meza bat agertzen da). Lurra hondatzeko bidean gaude. Eta euskaldunak ekologistak dira natura errespetatzen baitute, natura sakratua da eurentzat“.

– “Hitz Egin” filmera itzuliz, atentzioa ematen du Joseba Sarrionandiaren ahotsa entzutea, berak idatzitako testua entzutea. Nola lortu zenuen?
“Nire laguntzailearen bitartez lortu nuen. Posta elektronikoa erabiltzen du, baina ez ohiko posta. Hirugarren bati bidalita, eskuz idatzitako gutuna igorri nion nire lehen liburuaren kopia eta azken filmaren, “La Religieuse Portugaise” filmaren kopia banarekin. Korreo elektronikoz esan zidan ikusi eta irakurri zituela eta asko maite zituela. Orduan eskatu nion filmatzea. Onartu zuen filmean parte hartzea, baina irudirik ez hartzeko eskatu zidan, ahotsa bakarrik. Harremana jarraitu dugu eta duela gutxi bere idatzien inguruan egingo den 12 zuzendarien film anitz batean parte hartzeko eskatu dit. Plazer handia da niretzat“.
– Beste proiketu bat duzu eskuartean?
“Hurrengoa fikzioa bat da euskaraz udan edo irailean filmatu nahiko nukeena. Atarrabi eta Mikelatz mitoaren inguruan da. Ea lortzen dudan dirua. Euskal Herriarekin koprodukzio bat oso ona litzateke“.
Please comment with your real name using good manners.