BilboKO FAS zinekluba bestela eskuragarri izaten ez den zinema ekartzeko sekulako ahalegina egiten du. Datozen bi hilabeetan areto komertzialetik kanpo geratu ohi diren dokumental pare bat, euskal film labur eta luzeak eta harribitxi bat, klasiko zoragarri bat, dakartzate zorroan.
Duela gutxi esan zidan lagun batek, “La Passion de Jeanne D’Arc“ ikusi eta txundituta geratu zela. 1928an filmatutako lan horrek zuen planoen erabilpenarekin mirestuta. Carl Theodor Dreyer daniarrak Frantziako ekoizetxe baten enkargua jaso zuen. Frantziarren heroi nazionala, Jeanne D’Arc, erretratzeko. Zuzendariak ez zien ez zehaztasun historikoei ez xehetasun bitxiei erreparatu. Joanaren arimaren drama psikologikoari jarri zion arreta. Makillajerik gabe eta argi naturalarekin, lehen planoari benetako erabilpen dramatikoa eman zion zuzendariak. Astearte honetan emango dute, saioa Joseba Lopezortega, ikus-entzunezkoen adituak aurkeztuko duela.
Azaroaren 15ean PreZinebirekin elkarlanean egiten ohi duten saio horietako bat burutuko dute. Ohiko egoitzetik kanpo, Campos Antzokian, Cúpula aretoan, Euskadin bizi den Ben Sharrock zuzendari eskoziarrak iaz egindako “Pikadero“ filma emango dute. Joseba Usabiagak eta Barbara Goenagak gorpuzten duten bikoteak arazoak ditu txortan egoteko. Ez baitu leku propiorik. Bikotearen ibilbidea kontatutko digute. Aurretik “Un viaje a ninguna parte“ 15 minutuko antzerki obra ikusteko aukera izango da. Saioa aurkezteko Joseba Usabiaga bera eta Lander Otaola eta Itziar Lazkano, antzeztaldeko kideak ere izango dira.
Zinemaldietako kuttuna da Ulrich Seidl austriarra. Bere azken lana “Safari” Sevillan erakutsiko du. Eta aurrekoan “Im keller” (Sotoan) aurkeztu zuen Venezian, Sail Ofizialean, lehiaketaz kanpo. Zuzendaria jendearen sotoetara joan da, sotoetan dituzten bitxikeriak eta ezkutuko bizitza azalaratzea. Juan Zapaterrek aurkeztuko du film hori, dokumentalista bitxi honen inguruko datuak emanez. Aurretik KORTenN!-ekin batera, Ilune Díazen “Impulso” film laburra emango dute.
Hilabetea bukatzeko Armenian 1968an egindako filma emango dute. Cannesek klasikoak berreskuratzeko lanean, Sergei Paradjanovek “Sayat Nova“ (Mingranaren kolorea) berriztatu zuen 2014ean. 18. mendean Georgian bizi izan zen poeta armeniar baten bizitza jasotzen omen du. Margo taulen modura dago eraikita, irudi preziosista batekin. Ander Parody zinegile bilbotarrak egingo du aurkezpena. Filmaren aurretik KORTeN!-ekin batera “Villa Mnemósine“, Rubén Salazarren film laburra emango dute.
Abenduaren 13an «Mugarik gabeko Ekonomialariak» eta «Ekonomisten Euskal Elkargoa»-rekin elkarlanean saioan, Bilbon estrenatuko dute “Merci Patron“ dokumentala. François Ruffin zuzendariak Serge eta Jocelyne Klur senar-emazteak aurkeztuko digu. Miserian bizi dira. Urteetan munduan luxuzko talde sendonerako lan egin ondoren, enpresa Poloniara eraman zutenean, lanik gabe geratu ziren. Langabezi saria bukatu dute eta egun 400 eurorekin bizi dira. “Nola bizi daiteke egunean 3 eurorekin?” galdetzen die Ruffinek, dokumentalaren zati batean. “Askotan ez dugu jaten” dio bikoteak. Drama hau Michael Mooren estiloan errodatu du Ruffinek.
Iazko Canneseko “Quinzaine de Réalisateurs” aparta izan zen. Besteak beste, abenduaren 20ean, FAS Zineklubak proiektatuko duen “El Abrazo de la Serpiente“ (Sugearen Besarkada) eman zuten. Ciro Guerra kolonbiarraren hirugarren filma bidai hipnotiko bat da. Amazoniako xaman bat, tribuko azken kidea, isolaturik bizi da basoan. Oroitzeko ahalmena galdu egin du. Evans botanikoa etorriko zaio bila, amesten lagutzen duen landarearen bila. Elkarrekin egingo dute bidaiari esker, xamana oroitzen hasiko da. Kolonbiak Oscar sarietara aurkeztu zuen zuri beltzean errodatutako film hau. Aurretik “KORTeN!” film laburren lehiaketako irabazlea emango da eta Iñaki Zabalak egingo du saioaren aurkezpena.
Please comment with your real name using good manners.