Pisuergaren ertzetan dagoen hiriko zinemaldiarekin harreman luzea du Leire Apellaniz galdakaorrak. Semincin tekniko ibili ondoren, bertan egin du bere lehen film luzearen espainiar estrenaldia. Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga ere iaz izan ziren “Loreak” aurkezten eta aurten “Renovables“ film laburraren estrenaldia ekarri dute. Iñaki Arteta bilbotarra ere ohikoa da Semincin. Lehen Eusko Jaurlaritza sortu zela 80 urte betetzen denean, jada ETBn eman den dokumentala ere jarri dute Valladolideko Zinemaldian.
Uruguain, Buenos Airesen eta Karlovy Varyko zinemaldian aurkeztu ondoren, Leire Apellaniz galdakoarrak zuzendutako lehen film dokumental luzea, “El Último Verano“k Valladoliden izan du Espainiako estrenaldia. Beste 15 dokumentalekin “Tiempo de Historia” sailean, dokumentalak saritzen duen sailean, lehiatu da. Apellanizek Miguel Angel Rodriguez udan zinea jartzen duen enpresari bat jarraituko du digitalera saltoa egiten saiatzen ari denean. Egiteko era baten garai bukaeran erretratua baina zuzendariak dioen bezala “nostalgiarik gabe“. Enkoadrearen maisutasunez, umoreak une garratzak gaindituz, 35 mm-tako aparailuei begirada maitakorra botaz, Apellanizek karakter itzel baten gainean (Miguel Angel Rodriguez) filma osatu du.
Saioaren ondoren publikoarekin egindako hizketan, Apellanizek kontatu du “12.000 eurorekin egin dugu filma. Txintxua Filmak erabili ditugun bi kameratako bat utzi digu guk gure furgoneta trukean utzi ondoren. Rec Films ere koprodukzioan sartu zen postprodukzioa lana egiteko“. Eta nola ez, Javi Agirre kamara lagunaren, Artiz Moreno bazkidearen eta beste batzuen laguntzaz, eta gurasoek eta mutilak utzitako euroekin. “Bi udan jarraitu genuen Miguel Angel. 2013ean izan behar zen itzalketa analogikoa. Baina azkenean 2014ra luzatu zen” gogoratzen du Leirek. Horrek filma osatzen lagundu zien. Eta berak azpimarratzen duen modura, hiru bukaera ditu filmak: “Rodriguezek duen erronka eta hartuko duen erabakiaren bukaera irekia. Beste bat organikoa: zer izan den makina horiei buruz galdetzen duena. Eta azkena, epikoa: 35 mm-tan errodatua“. Hiruak ederrak.
Kimuak katalogoan sartu ondoren, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak “Renovables“ film laburra Semincin estrenatu dute. Espainiar gauan, film laburren erakustaldian, aurkeztu gainera. Garaño “Aundiya”ren muntaian kateatua, Goenaga etorri da Valladolidera publikoari esplikatzera. Goenagak zuzendu eta hainbat sari jaso zituen “Sintonía” aurreko filmaren segida dela gogoratu du. “Duela 11 urte Tania de Santiago eta Josean Bengoetxea izan genituen protagonista“, kotxe batean, irratia entzuten irudikatzen zuen filmean. “Taniak berak komentatu zigun ea segida ematen genion horri, berak film luze batekin pentsatzen bazuen ere” esan dio publikoari Goenagak. Eta hor energia enpresa baten eskaintza etorri zen. “Film labur baterako dirua eskaintzen zigun” argitu du. Eta horrela sortu zen energia berriztagarrien kongresu batean girotutako “Renovables” film labur hau.
Laugarren aldiz lehiatzen da Iñaki Arteta bilbotarra Seminciko “Tiempo de Historia”. Hirugarrenez ETAren biktimen inguruko dokumental batekin. “Contra la impunidad“ honetan epaitu gabeko ETAren ekintzen 300 kasu azalaratu nahi ditu. Ez nuen ikusteko aukera izan. Ezta Antonio Cristobalek duela bi urte filmatutako “El Gobierno vasco en el exilio: crónica de una esperanza“ dokumentala. Jada ETBn eman den filma lehiaz kanpo aurkeztu da Valladoliden, Gerra Zibila eztanda egin zuelaren 60. urteurrenean.
Please comment with your real name using good manners.