Ama etorkinak, ama ezkongabeak, ama ez den eta ezkondu ez den emakumea … Erretratu guzti horiek margotu dituzte DocumentaMadriden asteburu honetan proiektatu Espainiar dokumentalen Panoraman izan diren film batzuetan. Horiekin batera errebindikaziorako eta irudi hipnotikoetarako tartea egon da.
Jordi Esteva argazkilari eta idazleak txikitatik Socrotara joan nahi izan zuen. Yemengo uharte hori Simbaden irla da, mirra arbolen uhartea. Duela bost urte “Socrota, la isla de los genios” liburua argitaratu zuen uhartean egindako irudiekin. Izenburu berarekin dokumentala sortu du orain. Malagako Espainiar Zinemaldian estrenatu zuenez, lehiaz kanpo dago zuribeltzean errodatutako dokumental eder hau. “Uharteko jendearen memoria arakatu nahi nuen, oraindik kobazuloetan bizi eta sua makiltxoekin egiten dutenen memoria. National Geographic moduko kolore biziko irudi ederratatik ihes egin nahi nuen. Horregatik zuribeltzean” dio Estevek.
Lehiaz kanpo ere dago “Tarajal: Desmontando La Impunidad En La Frontera Sur“ dokumentala. Cinetecan ere egiten den Artículo 31 Giza Eskubideen Zinemaldian estrenatu ondoren eta Donostiakoan eman ondoren ezin zuen Documentan lehiatu. Baina “Ciutat Morta” dokumentala egin zuen taldearen luze berria aski erakargarria egin zaio Zinemaldi honi. Zeutan, Tarajaleko hondartzan, 2014ko otsailean 15 etorkin hil ziren igeri egiten Espainian sartzen saiatu zirenean eta Goardia Zibilek gomazko pelotak bota zietenean. Nahita hil zituztela ematen dute aditzera. Dokumentalaren zati garrantzitsua poliziaren webgunean jarritako irudiak osatzen dituzte. “Propio manipulatutako irudiak” dio Xavier Artigas, filmeko zuzendarietako batek. Besteak, Xapo Ortegak, dio Barne Ministerioarekin hainbat elkarrizketa eskatu zituztela baina uko egin zuela partehartzea.
Ceutako harresiaren bestaldean, Marokon, errodatu du Lorenzo Benítezek “Madres Invisibles” bere lehen dokumentala. Tangerren dokumental sorkuntza tailerrak egiten ari zela Marokon ama ezkongabeek pairatu behar duten diskriminazioa jakin zuen Benitezek. Aintzinean Espainian bezala, Marokoko famili kodeak ama ezkongabeak eta euren seme-alabak estimagtizatzen ditu: haurrak sasikotzat jotzen ditu eta amek ezin diote aitari pentsioa eskatu. Emakume horiek duindu nahi zuen dokumentala sortzeko ideia izan zuen hori jakiterakoan. Telebistan eta zine dokumentaleetan ekoizle eta dokumentagile bezala eskarmentua duen Benitezek arazo asko izan zituen Tangerren filmatzeko. “Lehendabizi atxilotu eta hiru egunez kamara harrapatu ziguten. Bigarrenez joan ginenean, turista ginela esan genuen” esan du Madrilen. Baina onartzen du presio gehiena protagonistak izan zituztela. “Tangerren prostituten auzoan daude batzuk eta prostituta modura tratatzen dituzte. Giza kontrola oso handi da” adierazi du. Maitasunez hurbildu da emakumeei hauengana Benitez, emakumeon ausardia azpimarratuz.

“Cuidadores” lanarekin Semincin saria jaso ondoren, Oskar Tejedor legazpiarraren hurrengo luzeak, “En Tránsito” dokumentalak, DocumentaMadriden izan du estrenaldia. Latinoamerikan seme-alabak utzita Espainiara lanera etorritako emakumeak eta jatorriko herrian geratzen direnak erretratatzen ditu. Goiko argazkian ikusten den modura, telefonora edo skypera pegatuta dauden bi ertzak. Amarik gabe, senideekin hazi diren seme-alabak baina baita emakume bezala hazi diren emakumeak. Euren herrietan tituluak dituzten emakumeak gurean haurrak edo adinetuen zaintzaile direnak. Bidez Bide elkartearekin lankidetza proiektu batetik, Europan etorri nahi zuten emakumeak hezitzeko bide bezala sortutako dokumentalak aurkikuntza txalogarriak ditu. Esaterako amak Europan dituztelako galduta sentitzen diren seme-alabekin lan egiten duen Nachita sikologoa. Edo une onirikoak marrazkien bidez azpimarratzen dituztenean. Eta nola ez, Tejedorren marka den hori, kamara inbasiboa izan beharrean, bizitza aurretik pasatzen uzten duen kamara posizio hori.
Espainiar dokumentalen Panorama sailean lehian egon da asteburu honetan duela urte batzuk sareetan birala bihurtu zen historia. Paula Schargorodsky zinegile argentinarrak bere “amonaren maitasun historio bat dokumentalean eman nahi nuen eta dokumentatzen hasi nintzenean nire eguneroko filmikoa egiten hasi nintzen“. Proiektua zinemaldietatik zinemaldietara eramaten zuela batean “eguneroko horretan material oso ona nuela esan zidaten eta ez nuela amonaren istorioa kontatu nahi nerea baizik” eta horrela “35andsingle” film laburra sortu zuen. New York Timeseko orrian jarri eta mundu osotik milaka ikustaldiak izan zituen. Hura orain aurkeztu duen “35 años y soltera” luzearen ataria izan zen. Filmean bere bikote ohiak elkarrizketatzen ditu eta bere nahiak eta ametsak irudikatu. Besteak beste, Indiara guru bat bisitatzera doanean – ustez bere hurrengo dokumentalaren gaia. Dokumental pertsonalistak maite dituztenentzat aproposa.
Please comment with your real name using good manners.