Asteburuan DocumentaMadrid zinemaldiaz disfrutatu dugu. Sail Ofizialean beste nazioarteko zinemaldietan estreinatu eta saritu diren hainbat lan jarraitzeko aukera izan dugu. Eta euretan gaiari dagokionez bi lerro nagusi: demokrazia eta askatasunaren ingurukoak eta gerra eta baldintza gogorrenetan bizirauteko ahalegina.
Asteburuan ikusitakoen artean gehien gustatutakoen artean “A Good American“ izan da. Friedrich Moser austriarrak jada duela lau urte Matthieu Lietaert frantziarrarekin “The Brussels Business” thriller-dokua egin zuen, Europa ustez kontrolatzen duten lobbyen inguruan. Orain Ameriketako Estabu Batuen zerbitzu sekretuen, NSA agentziaren, kode hausle azkarrenaren istorioa dakarkigu. Bill Binney, NSAko zuzendari teknikoa izandakoak munduko harreman guztiak erregistratu eta aztertu ondoren, helburuak aurkitzeko sistema sortu zuen. Hori bai, bere kezka sisteman gordetako datuak babestea, hiritarren pribatasuna gordetzeko, AEBko konstituzioak eta demokraziak eskatzen duen modura. Sistema hori agentziako buruek atzera bota zuten, enpresa pribatu baten esku jartzeko. Hain justu, Irailak 11 gertatu baina hiru aste lehenago. Kopenageko CPH-DOC Zinemaldian estrenatu zen film honek AEBtako dokumentalen faktura du baina erritmo horrekin fondoak hartzen du nagusitasuna: erakusten digu ustelkeria eta etika falta hain labainkorrak diren norberaren pribatasuna eta indarkeriaren borrokan. Irudi aldetik, Moserrek onartu du “1960 hamarkadatik 2007ra ibilbidea kontatzen duenez, hainbat errekreazio erabili genituen Binneyren lehen urteak kontatzeko“. Eta aldi berean, argi du zein plano mota nahi zituen. “Emozioak harrapatzeko plano laburrak edo oso laburrak nahiago ditut” esan zigun. “Gero plano oso zabalak, erdiko planoak ez ditut maite” onartu zigun.

Estatuaren kontrola ere azalaratzen du “V paprscích slunce“, (Under The Sun – ingelesezko bertsioan) dokumentalak. Jada bi sari jasota dator Vitaly Manskiy dokumentagile errusiarraren azkena. Ipar Korean grabatutako dokumentala da. Neskato bat ikusiko dugu, familia ezin hobe batekoa, ikastetxe ezin hobean ikasten duena. Hiriburu erdian etxe ezin hobean bizi dena. Propaganda filma dirudi, baina filma zirrikituetatik ikusten denean zentratzen da: alegia, ipar korearrek egin behar dituzten ahaleginak sistema ezin hobea sostengatzeko. Zuzendariak Madrilen kontatu digunez kontrol zorrotz baten erdian egin du filma. “Kamara adostutako lekuraino eramaten ziguten, hara iritsi baino lehen ezin genuen kotxetik atera. Zaintzaileek bisoretik begiratzen zuten eta zer eta nola enfokatu esan” dio. “Gainera egunero grabatzen genituen txartelak eurei eman behar genien, eta maite ez zutena ezabatzen zuten” gehitzen du. Baina filmatutako ehuneko 70 edo salbatzea lortu zuten. “Gure zaintzaileak ez ziren oso trebeak teknologian. Ez zekiten kamarek bi txartel zituztela eta ondorioz, bat eman eta bestea ezkutatzen genien” esan zigun. Horrela filma osatzea lortu zuten “ez Ipar Koreari buruzko film bat, askatasunari eta askatasun faltan bizitzeari buruzko filma“.
Oso baldintza konplikatuetan burutu du Pieter-Jan De Pue belgikarrak “The Land Of The Enlightened“ dokumentala. Irudi eta narrazio poetikoa, basati bihurtutako ume eta lur bat irudikatzeko. Mendietan bizi den Afganistaneko ume taldea jarraitu du. Sobietarrak edota Estatubatuarrak utzitako armak eta minak jasotzen, karabanak erasotzen eta lapislazuli harri bitxiak ateratzen dirua lortzen duten humezurtzak. Estatubatuarrak lurra noiz utziko zain daude, euren ametsak burutzeko. Ipuin bat bezala kontatuta dago. Aintzinako zine formatuetan, super 16 mm eta 35 mmtan errodatu zuen “egoeraren gogortasuna azpimarratzeko“. Horrek eta umeak profesionalak ez izateak baldintzatu zuen errodajea, zuzendariak kontatu digunez. “Film bobinak mendira igotzeko Belgikako armadaren jeepak erabili genituen puntu bateraino. Baina gero mandoz edo oinez igo behar ziren“dio De Puek. Ondorioz 28 ordu filmatu zituen. Oso argi zuen zer nahi zuen eta hartunaldi bakarra edo bi egin zituen. Sundancen estrenatu zen filma.
Bestelako hautaketa egin zuten Estephan Wagner eta Moritz Siebert zuzendari alemaniarrek. “Les Sauteurs“ osatzeko Melillara pasa nahiez, Marokoko mendi batean zegoen Abou Bakar Sidibé afrikarrari kamara merke bat eman eta kontratatu mendi horretan dagoen etorkinen kanpamentu ilegaleko bizitza grabatzeko. “80 euro kostatzen den Canon bat eman genion Abouri. Hori puskatu zenenean, salneurri beretsua zuen Nikon kamara bat eman genion. Soldata eskeini genion kamara saldu ez zezan” onartzen du. Lehen irudiak oso mugituak badira ere, azkenean “Abou maitemindu zen filmatzearekin eta oso irudi poetikoak eskaini zizkigun” esan zuen Estephan Wagnerrek. “Guk filmatu beharrean berari kamara emanez pentsatu ezin ez genuen uneak grabatu zituen” onartu du Wagnerrek. Abouren kamara pean etorkinen ametsak, antolamendua eta nola hesia gainditzeko ahalegin baten ondoren etorkinek eurek hildako baten familiari deitzen dioten berria emateko jasotzen da. Eta errepresioa “Marokoko poliziek tarteka kanpamentua eraso eta dena erretzen dute. Filmatutako gordetzeko Abouk txartelak lurperatzen zituen” dio Wagnerrek. Berlinen “Forum” sailean parte hartu zuen eta bertan Sari Ekumenikala irabazi.
Eta Berlineko sail beran izan zen “Tempestad“ mexikarra. Tatiana Huezoren bigarren film luzea gehiegikeri batean du oinarri. Inmigrazioan lan egiten duen emakume bat atxilotzen dute eta bere etxetik 2.000 kilometroara preso sartzen dute. Familiak eta lagunek ez dute beraren berri. Filmak libre geratzen denean iparraldetik bere etxera, Tulumera, egiten duen bidaia dokumentatzen du. “Marian duela 20 urte ezagutu nuen. Lagun honi gertatutako jakin nuenean, bere historia kontatu behar zela erabaki nuen” aitortu digu Huezok. Horri lotuta Mexikon desagertuta daudenen senide bat filmatu nahi zuen. Eta horrela Adela indartsuarekin topo egin zuen. Zirkoan lan egiten duen emakume honek “alaba desagertuta du, baina egunero aurpegia margotzen du, pailazo bihurtu eta umeak farrez lehertzen jarri” argitzen digu. Road movie forman kontatua, autobus bidaian zehar kanpoan ikusitakoak ere garrantzia hartzen du. Mexikok bizi duen gerra egoera islatzen baitu. Berlinalen estrenatu aurretik bi egun bukatutako filma niretzat Berlinalen ikusitakoen artean zoragarrienetakoa da. Horregatik elkarrizketa eskatu eta gutxira izango duzue hemen.
Eta gomendatu baziguten programazioan talka bategatik ez genuen “Plaza de La Soledad“ dokumentala ikusteko aukera izan. Sundancen estreinatu zen Maya Goded argazkilari mexikar famatuak osatuko lehen filma. Argazkilariak 20 urtez Mexikoko Zentro Historikoan lan egiten duten prostitutak dokumentatu ditu, euren bizitza dokumentatu. Orain irudi finkotik mugimendura pasa da. Martha Sosa ekoizleak esan zuen bezala “emakumeak erretratu aurretik Maya euren laguna egin zen eta horrek lagundu du“. Filmak Carmen, Lety, Raquel eta Esther filmatu ditu. Lau emakume indartsu, baldintza txarretan, duintasuna eta pozari eusten diotenak. Goded zuzendariak gogoratzen duenez “emakume hauek oso erlazio berezia dute euren gorputzarekin“. Horregatik filma estreinatu aurretik, banan banan erakutsi zieten.
Astea bukatu arte, DocumentaMadrideko beste proposamen artean, Mapplethorpe argazkilariaren erretratu bat, 20 urtez sekta bat jarraitu zuen gazte baten barne begirada eta Chernobyleko emakume adoretsu baten istorioa azpimarratu daitezke. Hona hemen egitaraua:
http://www.documentamadrid.com/es/programa/tipo/fecha
Please comment with your real name using good manners.