Lan ikaragarria jarraitzen dute egiten Kresalako zineklubekoek. Boluntario talde batek hilabetero bestelako zinema hurbiltzen digute Trueba zine aretoetara. Klasikotik, egungo edo eta hurbileko gaietara. Denetatik dugu otsaileko programazioan. Gehientsuena 5 euroren truke.
Eta hilabetea hasteko astelehen honetan, klasikoen artean klasiko bat: “Nosferatu“, 1922an F.W. Murnauk zuzendutako filma. Izu expresionistaren adibidetzat jotzen dena eta askoren esanetan, film onenen artean dagoen altxorra da. Hutter gaztea Transilvaniara bidaltzen dute Orlo kondearekin negozioak egitera. Hurrengo goizean, Hutterrek lepoan bi marka txiki ditu. Ustez eltxo-ziztadak. Baina kontratua sinatu ondoren, Orlo kondea banpiro bat delaz jabetzen da. Drakula kontearen bertsio filmiko honen proiekzioa Reykjavik 606 bikotearen zuzeneko emanaldiarekin egingo dute. Begoña del Teso zine kritikariak egin du aurkezpena eta ondorengo debatea zuzenduko du.

Hurrengo astelehenean “Io sto con la sposa“ dokumental arrakastatsua pantailaratuko dute. Duela bi urte Veneziako zinemaldian lehiaketaz kanpo estrenatu ondoren, Amsterdamgo IDFA eta hainbat dokumental jaialdietan parte hartu zuen desobedientzia adibide honek. Milanen, poeta palestinar batek eta kazetari italiar batek bost etorkin palestinar eta siriar ezagutuko dituzte. Suediara joan nahi dute. Laguntzeko prest daude poeta eta kazetaria baina giza trafikatzaile modura tratatuko dituztelaren beldur, gezurrezko ezkontza bat antolatzen dute. Italiar eta siriar taldetxoak Europa erdia gurutzatuko du lau eguneko eta 3.000 kilometroko bidai batean. Saio hau doan izango da, Donostiako udalaren laguntzarekin. Jaldia Abubakra giza eskubideen aktibistarekin hitzegiteko aukera izango da ondoren.
Juan Miguel Gutierrez Errenteriako dokumentalista geldiezina da. Bere azken lana, “Urak Dakarrena“ otsailaren 22an emango dute Kresala Zineklubean. Dokumentalean Donostiako Txomin Enea auzoa aztertzen du Gutierrezek. Urumea ibaiaren ertzean eta desagertzear dagoen auzo horretako sei kolektiboen istorioa kontatzen digu dokumentalak. Gutierrez bera izango da Kresalaren gonbidatu otsailaren 22an.
Otsaila bukatzeko, aurten extra dugun egun horretan, film esperimental batzuk. Hasteko “In Between Days. Correspondencia: Isaki Lacuesta – Naomi Kawase“ mediometraia programatu dute. Bartzelonako CCCBk eskatuta zuzendari katalanak eta japoniarrak elkarri eskutitz filmikoak bidali zioten. Urtebetez euren bizitzaren zatitxoak igorriko dizkiote elkarri eta aldi berean ikusleari. Bizitza-zatitxoen bilduma ederraren ondoren, Oskar Alegria zinegile irundarraren azken lanaren zatiak ikusteko aukera izango dugu. Iaz Jon Maya dantzaria grabatu zuen, oinez zazpi margo tindatu zituenean. Zazpi obra horiek zazpi erantzun dira, bai eta zazpi galdera berri ere. “Margodantza“ ondoren 15 minutuko beste dokumental bat, “Galtzerdi Berdeak“ jarriko dute. Filipe Oyhamburu koreografo, musikari eta irrati gizona da. Oldarra, Olaeta eta Etorki dantza talde eta abesbatzen antotzailea izan da. 94 urte dituela oraindik ia egunero igeri egiten eta euskarazko eskolak ematen jarraitzen du. Isaki Lacuesta eta Oskar Alegria zuzendariak izango dira Trueban, euren filmak esplikatzen.
Martxoan Tommy Lee Jones zuzendariaren azken lana eta Ettore Scola gogoratzeko aukera izango da.
Please comment with your real name using good manners.