Biarritzera pozik itzuli da Silvia Munt zuzendari katalana. Lapurdiko kostaldean, etorkinen begirada zen “Mar de Plástico” telebistarako pelikula aurkeztu zuen 2011ko FIPAn. Aurten ikusentzunezko jaialdirara bueltatu da “La Granja del Pas“, Espainian etxegabetzearen errealitateak kontatzen duen dokumentala aurkezteko.
Valladoliden Semincin dokumental onenaren, “Tiempo de Historia” sailean lehen saria jaso zuen Munten azken lanak. “Amsterdamgo IDFAn jarri zuten, Al Jaazerak erosi nahi du, baina ni ez nintzen IDFAn izan, eta hau litzateke dokumentalaren nazioarteko estrenaldia da” digu zuzendariak Biarritzeko merkatuaren parean dagoen hotelean. Eta Lapurdiko hirian jasotako iritziak ustekabean harrapatu du Munt. “Sineztezina izan da“, dio. “Batetik hemengo jendeak ez zuen ulertzen Espainian gertatzen dena, alegia etxea galdu eta oraindik zorretan geratzea. Ezbaian asko esplikatu behar izan dut. Entzun dute Espainia nola dagoen baina ez dira ohartu nola izan da krisia, nola hondoratu duen klase ertaina eta nola diren bankuak Espainian” dio. Eta gaineratzen du, “emakume batzuk etorri dira hau iraultzailea dela esanez, hau politika da“. Irripartsu dio “jakina politika dela, dena da politika“.
2008tik Espainia larri mindu duen krisiaren erretratua egin nahi zuen Silvia Muntek. “Gertatzen denaren lekukotza eman nahi nuen, bihotz pittin batekin testigantza ematea. Baina era berean, ona daukagunean fokoa jarri nahi nuen” esaten digu adoretsu. “Gizakiaren erreakzio indartsu hor, ormen eta harresien aurka joateko duen gaitasun hori. Poza ematen duen erreakzioa” dio. Sabadellgo PAH, etxegabetze plataformak lortutakoa marrazten du. “Niri jende hau oso barrura sartu zait eta jendeari gauza bera gertatzen zaio“.
Izan ere dokumentalako une askotan etxea galdu dutenekin negar egingo du ikusleak. Baina aldi berean pozez hartuko du lagun horiek elkartuta borrokatzeko agertzen duten nahiarekin. Agian horregatik ez dira kasuala dokumentalaren lehen irudiak. Gauean ikusten ditugu, “La Granja del Pas”, Sabadelleko PAHren egoitza eta etxebizitza bat. Baina iluntasunetik argira, itxaropenera bidaia egingo dute gure protagonistek eta guk eurekin. “Oso gogorra da asteartero eta asteazkenero, urte luze batez, bilera horietara joatea” dio Muntek. “Han esan ziguten ikusiko duzue nola aldatzen den jendea eta gu zalantzakor” digu. “Baina mirari hori gertatzen dela ikusten duzunean, hau da, jendeak gainetik erruaren sama kentzen duela eta adorea hartu eta ahalduntzen dela, bere ikuspuntua aldatzen duela, pertsona hobeagoa eta alaiagoa bilakatzen dela“, dio aurpegia argituz.

Zuzendariari aurpegia argitzen zaio dokumentalean agertzen diren pertsonaiak aipatzerakoan. Gure elkarrizketa eurek esandako esaldiak aipatuz aberasten du. Hain zuzen pertsonaien hautua aipatzen diogu. Apropos aukeratutako pertsonaiak direla esaten diogu. “Jakina” erantzuten digu “arazo hau ez da bakarrik klase baxuenen arazoa, ez da marginalen, etorkinen arazoa. Denei tokatu zaie” azpimarratzen du. “Langile arruntei, taberna bat zuten lagunei. Nuria esaterako ekonomista zen, bat batean, lanik gabe geratu, gizona gaixotu eta beste aldean zaude jada“, ematen digu adibide modura. Eta berresten digu zegoen intentzionalitatea “ikusleek pertsonaietan islada izatea nahi nuen, konturatzea edonorri gerta dakiokela“.

Elkar laguntzaren beharraz eta indarraz hitzegiten duen dokumentala hasieran telebistarako pelikula bat izan behar zuen. “Krisia gertatu zenenean poztu ninduen albiste bat izan zen Dionisio Moreno abokatuarena“, magrebtar bat defendatuz Europako Auzitegiak Espainiako hipoteka legea atzera botatzea lortu zuen abokatuaren historioa. “Abokatu pobre bat zen, Luxenburgera bere diruarekin iritsi zena, berandu, toga maileguan hartuta eta aurrean epaile ezkertiar bat tokatzen zaiona” dio Muntek pelikula baten elementu deigarriak aipatuz. “Baina TVEk esan zigun ez zela gai honetan sartuko eta TV3ko fikzioak ere ez. Ekoizleak atzera egin eta dokumentalean aurrekontua txikiagoa denez, nire diruz finantzeko prest negoen“. Azkenean TV3ko dokumentalen sailaren babesa izan dute. Eta ikusi den zinemaldietan publikoan zirrara sortu. “Begira, azkenean ematen du dokumentala izan behar zela” dio atzean aktore izandako aroa utzi duen zuzendariak.
Please comment with your real name using good manners.