Italia nagusi izango da otsaileko FAS zineklubaren egitarauan. Federico Fellini eta zendu berri den Ettore Scolarengana hurbiltzeko aukera emango digute, Brasilgo hondartzak eta Karim Aïnouz ezagutzeko, hori bai Laurent Canteten eskutik Habanatik itzulia egin ondoren. Eta ohi bezala ez da faltako euskal film laburrei eskainitako tartea.
Asteartean, “La Classe” filmarekin Canneseko Urrezko Palmondoa irabazi zuen Laurent Cantet frantziarraren azken lana ikusteko aukera izango dugu. Habanan, kubatar aktore sendoekin errodatuta zuen “Regreso a Ítaca“ filma. Habanako terraza batean 16 urtez kanpoan bizi izan den lagunari agurra egiten dio lagun talde batek. Une onak gogoratzeko beta dago, baina baita ihes egin izana aurpegiratzeko. Kritika erdibitu zuen Venezian estrenatutako pelikula honek. Aurretik Kimuak hautatu duten eta FAS Zinebi saria jasotako “I said I would never talks about politics“, Aitor Oñederraren film laburra jarriko dute. Saioa aurkezten Oskar Belautegui kazetaria egongo da.
84 urte zituen Ettore Scola zuzendari erromatarra urtarrilaren 19an hil zenean. FAS zineklubak egitarauan jada jarrita zuen Scolaren azken lana: “¡Qué extraño llamarse Federico!“. 2013an Veneziako zinemaldian aurkeztu zuen Federico Felliniren erretratu hau. Maitasunez egindakoa, Fellini laguna bait zuen Scolak. Datorren asteartean ikusteko aukera izango dugu Scolak 82 urte zituela egindako omenaldi hau. Aurretik Tucker Dávilaren “Duellum“ film laburra, KortEN sailaren barruan jarritako film laburra eskainiko dute eta Dávila izango dute saioko gonbidatua.
Ettore Scolaren filma aurrekari ederra izango da otsailaren 16ko saiorako. Egun horretan Bilboko zinemaldiak Federico Fellini beraren maisu lan bat eskainiko bait du. Surrealismo printzak dituen zuzendariaren “Otto e mezzo“ (Zorti terdi) ikusiko da Bilboko zineklubean. 1963an Federico Fellinik filmatutako pelikulak bi Oscar sariak irabazi zituen: ingelesez errodatu ez den film onenarena eta jantziteria onenarena. Marcello Mastroiani, Anouk Aimée, Claudia Cardinale eta beste batzuk agertzen dira “zinea zinean” den film honetan.
Otsaila bukatzeko, duela bi urte Berlinalen aurkeztu eta Donostia Zinemaldian Latinoamerikako Sebastiane saria irabazi zuen filma eskainiko dute. Karim Aïnouz zuzendaria brasildarrak jaioterrian, Fortalezan, girotu du “Praia do Futuro“. Bertako hondartzetan salbamendutako langile batek, Donatok Konrad mutil alemana ezagutu eta harremana hasiko dute. Donatok Konrad Alemaniara jarraituko du. ZINEGOAK zinemaldiarekin batera antolatu dute saioa, Karim Aïnouz zuzendaria gonbidatu izango dutela.
Please comment with your real name using good manners.