Beldurrik ez. 2016ri ez diote zertan beldurrik izan behar Bilboko FAS zineklubekoek. Eta horrela urtea hasteko film arriskutsu bat, Donostiako Zinemaldian Sail Ofizilean lehiatzen zen film arriskutsuena programatu dute astearte honetarako. Askok ez zuten ulertu Marc Recharen azken proposamena “Un día perfecte per volar“ film laburra, familiartekoa. Horregatik alboratu zuten. Marc Recha (L’Hospitalet de LLobregat, 1970) zuzendariak semea jarri du lanean, aita batekin, Sergi Lopezek egiten duen aitarekin semeak duen jai egun bateko harremana adierazteko. Askok ez zuten gustuko izan, baina Recharen azkenak zaleak ditu. Recha bera aurkezle izango dugu El Carmen aretoan, Indautxuko plazan. Filmak 70 minutu dituenez, honen aurretik KortEN! erakustaldian programatutako “Lost Village“ film laburra eskeiniko da. George Todriák zuzenduta.
Eta ur arriskutsuetatik atera gabe, Pablo Marte (Cádiz 1975) artistak eta ikerlariak egindako “Imperial Eyes“ aurkeztuko dute urtarrilaren 19an. Martek muntaia erabiliz diskurtsoa nola artikulatzen den aztertu ohi ditu. Donostiako Tabakaleran eta Artiumen lan egin du, eta FASek erakutsiko duen filma Bilboko “Pantalla Fantasma” erakustaldiaren 5. edizioaren barruan sartu dute. Mundu mailako estrenaldi honetarako Pablo Marte eta Jorge Nuñez aurkeztera gonbidatu dituzte. Aurretik Jon Zurimendiren “El ángulo recto no existe“ eskainiko dute, KortEN! ekimenaren barruan.
Urtarrila bukatzeko, azken asteartean, iazko Berlinalen ustekabea sortu zuen “Victoria“ filma emango dute. “Hiri bat, gau bat, plano bat” zioen publizitateak eta Sebastian Schipper (Hannover, 1968) aktoreak zuzendutako laugarren luzeak hori betetzen du guztiz. Laia Costa aktore katalana filmean Berlinen Madrileko neska gazte bat da. Denda txiki batean lan egiten du eta gau batean hiru mutilen eskaintza onartuko du, eurekin Berlinen zehar gaua pasatzeko. Laiaren aktore lanak eta plano bakarrean filmatu izanak aho zabalik utzi zituen kritikoak. Alemaniako Zine Akademiaren 6 sari eskuratu zituen eta Sturla Brandth Grøvlen argazki zuzendaritza ere saritu zuten Berlinalen.
Please comment with your real name using good manners.