Goya eta Forqué sarietarako hautatze lekua bilakatuz dator CORTADA

Iaz adin-nagusitasunera iritsi zen Gasteizko Film Laburren zinemaldia. Bihar hasi eta larunbata bitartean egingo den CORTADAren 19. edizioa oraindik hazten ari den zinemaldia dela froga da. Aurten 102 film labur emango dira, iaz 80 izan baziren. 2014ean, unibertsitate eta zine eskoleetako ikasleen lanei saila eskaini bazieten, aurten beste berritasun bat sartu da: Goya eta Forque sarietarako arrantzu lekua bilakatu da CORTADA.

Aurreko edizioetan zuten atal informatiboa kendu eta parte hartzen duten film labur guztiak lehiatuko dira. Sail Ofizialean animazioa, dokumentala eta fikzioa desberdintzen dira eta lehen bi sail horiek bakoitzak sari propioa izango dute. Lehiakideen artean, izen ezagunak: animazioan lan asko egindako Isabel Herguera, zine munduan eskarmentua duen Arantxa Echevarria, Berlinalen lehiakide izan den David Muñoz, edota Javier Fresser eta Gaizka Urresti Goya saridunak daude. Zinemaldia Espainian egiten den film laburren ekoizpenari zabalik dago. “Aurten 600-700 jaso ditugu” digu Kepa Sojo, zinemaldiaren zuzendariak. “Zinemaldia nazioartekora zabaltzea inoiz pentsatu da, baina orduan, 600 ordez, 3.000 jasoko genituzke. Batetik ez dugu horiek ikusteko jende nahikorik. Gainera ez genuke diru nahikorik euskaraz eta gazteleraz azpititulatzeko kanpotik jasotakoak“, laburbiltzen digu.

Iaz arrakastaz sartutako saila errepikatzen dute aurten ere: zine eskoleetan eta ikusentzunezko ikasketak dituzten unibertsitateetan egiten diren lanei saila eskeini diote. “EHUren diru laguntza dugunez, ikasleen lanei lekua egitea okurritu zitzaigun eta egia esan aurten lan gehiago jaso ditugu” esan digu. Horrela EHUko ikasleek egindako lanen artean Lekeitioko amateurren sari nagusia jaso duen Fishura, Yago Mateoren film berria lehiatuko da. Zinemaldia hastearekin batera, asteartean emango dira EHULABUR, EHUko ikasleen saila eta UNILABUR, beste unibertsitate eta zine eskoletako laburren saila.

Ostegunean euskal zinemaren ekoizpen berriari egingo zaio tokia. GUREAK sailean lehiatuko dira aurten KIMUAK bilduma osatzen duten gehientsuenak edota Aitor Mazo protagonista duen azken laburra, David P. Sañudoren Artificial filma. Larunbatean HEMENGOAK sailean, Araban ekoiztutako filmak emango dira eta publikoaren saria jasotzearren hainbat film lehiatuko dira FREAKY GAUA deritzan sailean. Besteak beste, Hugo Silva aktore gazteak hainbat aurpegi ezagunekin eta ezezagunekin osatutako Supercool flashmob-a izango da bertan.

Aurten beste zinemaldiekin talka ez egitearren zinemaldiaren datak aldatu dire eta Sojoren arabera “horiek izango dira hemendik aurrera ere“. Zinemaldiaren zuzendaria oso pozik dago aurtengo berritasunarekin. “Cortadan irabazten duen filmak datorren urteko otsailean emango diren Goya sarietarako lehen hautagaitzan sartu daiteke eta gauza bera, film laburrak ere saritzen hasiko den Forque Sariak, ekoizleen sariak“, baieztatu digu Sojok. Beraz Cortada Goyetarako eta Forqué sarietarako sailkatzailea izango da. “Espainian 30 bat zinemaldik ematen dute aukera hori: Aguilar de Campoo, Medina del Campo eta Zinebik esaterako. Orain gureak ere” dio harro Sojok.

Article written by

Kristina Zorita Arratibel

Please comment with your real name using good manners.

Leave a Reply

Confianza online