Azken urteetako euskal zinemaren ekoizpenak txundituta gaitu. Eta askotan aurreko belaunaldiak ahazten ditugu. Nemesio Manuel Sobrevila bilbotarraren izena galdu diren horietakoa da. Baina berau XX. mendearen bueltan espainiako abangoardiako zinegile garrantzitsua izan zen. Berau gogoratuz hasiko da FAS zineklubaren hilabete honetako egitaraua. Gero “Loreak” ikusteko parada izango da. Hilabetea bukatzeko Ukrainia eta Suediara egingo dute salto.

Bartzelonan eta Parisen arkitektura ikasi ondoren, ogibide horretan aritu zen Bilbon 1889an jaiotako Nemesio Manuel Sobrevila. Baina aldi berean abangoardiako filmak egiten zituen 1926tik aurrera. Euzkadiko Gobernuaren enkarguz, 1937an Gernika film dokumentala egin zuen. Horrek Frankismoaren zigorra ekarri zion. Erbestean ibili ondoren, Donostian 1969an hil zen. Sobrevilaren bigarren filma, “El Sexto Sentido“ emango dute asteartea honetan. Ricardo Baroja margolaria aktore duela 1927an egin zuen. Film luzearen aurretik “Las maravillosas curas del doctor Asuero“ 1929an filmatu zuen laburra emango dute. Eta Rob Stonek & María Pilar Rodríguezek idatzi duten “Cine vasco. Una historia política y cultural” liburua aurkeztuko dute.
Datorren astean Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendariak eta Aitor Agirre gidoilari eta ekoizlea izango dira gonbidatuak. Izan ere, iazko euskal ekoizpen arrakastatsuena, “Loreak“ emango dute PreZINEBI saioaren barnean, Campos aretoan. Menopausia atarian dagoen Ane lore sortak jasotzen hasten da. Ez daki nork bidaliak. Ustez lankide batek igorri dizkio, desagertu aurretik. Horrek Ane eta lankidearen ama eta emaztearen arteko harreman dantza eraginduko du. Espainiak Oscar sarietara bidali duen pelikula ikusteko aukera.
Iazko beste irabazleetako bat izan zen “Uso Bat Adar Baten Gainean Eserita Existentziari Buruzko Gogoeta Eginez“ suediarra. Venezian Sari Nagusia, Urrezko Lehoia irabazi zuen Roy Anderssonen azkenak. Karrera laburra baina sendoa du zuzendari suediarrak. Zazpi urte pasa zituen hau egiten. Planoa gutziekin, kamara geldituta, komikien antzera pertsonaiak kamara aurretik pasatzen aurkeztuko ditu. Suediak Oscarretara bidaltzen duen pelikula da. Horrela laugarren aldiz bidaltzen dute Andersson. Film hau aurkezteko Javier Agirre filosofoa izango da aretoan. Aurretik Gregorio Muro eta Mikel Muro zuzendariek “Tiempo Inverso“ film laburra aurkeztuko dute.
Iazko film arriskutsuena izan zen ezbairik gabe. Miroslav Slaboshpitsky ukrainiarrak gormutuen ikastetxe bat filmatu zuen bere estreineko film luzean, “The Tribe“ pelikulan. Eta gormutuak izaki ez dago hitz bat ere film osoan. Ez da behar. Ederki ulertzen da pasatzen dena. Ikastetxean dagoen mafia, jazarpena eta maitasuna. Cannesen “Kritikarien Astea”ren lehen saria lortu zuen eta gerora hainbat zinemaldietan eman zuten. Europako sarietan ere Aurkikuntza Saria eskuratu zuen. Pelikula gordia, deserosoa baina guztiz beharrezkoa. Disfrutau zinemaz betetako azaro hau.
Please comment with your real name using good manners.