Gaztelan, Valladoliden 1956an sortutako zine asteak, Semincik, 60 urteurrena ospatzen du aurten. Eta ospatu gainera euren ezaugarri nagusitzat jotzen duten “autore zinea” goraipatuz. Horrela Sail Nagusian, zinemaldi desberdinetan ikusi diren pelikulak eta estrenaldiak nahastuko dira. Semincin estreinatu eta egun ezagunak diren 14 emakumezko zuzendarien edo eta 50 urte baino gutxiago duten dozena bat zuzendari esanguratsuen lehen obrak, Espainian estreinatu gabe diren lehen filmak ikusteko aukera izango da. Francis Ford Coppolari eta “El acorazado Potekim” eta “La Batalla de Chile” filmeei omenaldiak egingo diete. Gaurtik datorren larunbaterarte Gaztelako hiri hau zinemaren hiria bilakatuko da.
“A maila” duten zinemaldiek sufritzen duten esklabutzatik libratuz, Semincik aukera du bere Sail Ofizialean beste zinemaldietatik pasatako hainbat film emateko. Horrela Canneseko film onenaren saria, Urrezko Palmondoa, eskuratu zuen “Deephan“ film frantsesak zabalduko du zine astea eta Berlinale zabaldu zuen Isabel Coixeten “Nadie Quiere La Noche“ filmak itxiko du astea. Gainera Seminciko sari nagusia, Urrezko Galburua, eskuratzeko lehian arituko dira Berlinen saritu zuten “45 Years” britaniarra eta Cannesen sail desberdinetan lehiatutako “Rams“ (Carneros) islandiarra edo “Mustang“ lau herritako koprodukzioa. Azken biak gainera Islandia eta Frantziatik Oscarretarako “Loreak” filmaren lehiakideak dira. Semincin lehenago aritutako Margaretha Von Trotta alemana, Mika Kaurismaki finlandiarra, Deepa Mehta indiarra, Naowi Kawase japoniarra eta Tudor Giurgiu errumaniarrarekin batera, “El Hundimiento” filmaren zuzendariaren, Olivier Hirschbiegel alemaniarraren azkena ikusteko aukera izango da. Sail Nagusia osatuz, Espainia, Islandia edo Israelgo zuzendari batzuen azken lanak ere lehian. Eta horiek epaitzen hirutan Urrezko Galburua lortu duen Goran Paskaljevic zuzendari serbiarra buru duen epaimahai bat arituko da.
Sail Nagusiaz gain, “Punto de Encuentro” deritzan sailean lehen edo bigarren film bat egin duten zinegileak lehiatzen dira. Lauren kasuan euren bigarrena aurkezten dute Valladoliden, beste hamarren kasuan, zuzendu duten fikziozko lehen film luzea. Esaterako Thomas Bidegain gidoigile zuberotarrak Cannesen aurkeztu zuen “Les Cowboys“ filma izango da lehiakide. Aipatzekoa ere Semincik dokumentalen lehiaketa duela. “Tiempo de Historia” deritzan sailean 18 dokumental eskainiko dira, 7 lehiaz kanpo. Eta duela gutxi sortutako beste lehiaketa bat: film laburrena.

Iragana eta etorkizuna uztartzeko eta 60. urteurrena ospatzeko bi ziklo deigarriak programatu dituzte. Batetik 50 urte beherako hamar zuzendarien, oraingo zinea moldatzen ari diren hamar zuzendarien lehen lanak, Espainian ikusi ez diren lanak emango dituzte. Besteak beste, Cristian Mungiu errumaniarra, Apichatpong Weerasethakul tailandiarra edota Asghar Farhadi irandarren lehen lanak emango dira “Talentos del s. XXI” izenburupean. Eta bestetik Semincin estrenatu ziren 14 zuzendari emakumeen lanak ere ikusiko dira “Femenino singular” zikloaren barruan.

Aipatzekoa urteurren honetan beste urteurren batzuk gogoan izan nahi izan dituztela. 90 urte berri ditu zinemaren historian mugarri den “El Acorazado Potenkim“ filmak. Serguei Eisensteinen lan hori datorren ostiralean emango dute. Gaur berriz 40 urte bete berri dituen “La Batalla de Chile“, Patricio Guzmanek Allenderen gobernu eta jasandako estatu kolpea gertutik jarraitu zuen dokumentala emango dute. Saio berezien kasuan, “Asturiaseko printzesa” saria jaso berri duen Francis Ford Coppolaren filmografia guztia eman zuten atzo.
Filmen emankizunez gain, omenaldiak ere izango dira. 60. urteurren honetan zinemaldi hau goimailara eraman zuen Fernando Lara kazetari eta Semincirenzuzendari ohia omenduko da. Ohorezko Galburua hartuko du gaur, Juan Diego aktorearekin batera. Asteartean Fernando Trueba zine zuzendariak eta Juan Mariné argazkilaritza zuzendariak jasoko dute sari bera. Itxiera galan, datorren larunbatean, Ohorezko Urrezko Galburua hartuko du Juliette Binoche aktore frantzesak.
Please comment with your real name using good manners.