Duela gutxi blog lagun bati Donostiako zinemaldiako zuzendariak, Jose Luis Rebordinosek esan zion “aurtengoa urteetan izan den Horizontes Latinos onenetakoa izango da“. Hori berresteko edo, hainbat zinemaldietan parte hartu eta saritu dituzten harribitxiak ekarri ditu. Horietako batzuk ikusi ondoren, Rebordinesek arrazoi duela iritzi diot. Aurten oso uzta oparoa ekarri digute Horizontes Latinos sailera.
Berlinaletik lau film eskuratu ditu zituen Rebordinosen taldeak. Askok Txileko egungo zuzendari nagusienetakoa jotzen dute Pablo Larrain. Bere azken filma “El Club“ Bibliako Genesiaren aipu batekin eta egusenti aurreko uneekin hasten da. Horrek girotzen du salaketa film honen gaia. Horizontes Latinos saila zabalduko duen filmak Berlinen Epaimahaiaren Sari Nagusiaren Zilarrezko Hartza eskuratu zuen. Filma gordina, aulkian mugitzera eramaten diguten horietakoa, ezbaia sortuko duena. Txundituta utzi ninduena. Txundiduta ere Berlinen lehiatu zen Txileko bigarren filmarekin. Sail Ofizialean zegoen dokumental bakarra: “El botón de nacar“. Berau Patricio Guzman dokumentalista handiaren azkena. Aurreko lanaren, “Nostalgía de la Luz” dokumentalaren bigarren atala litzateke. Patagonian desagertutako tribuak eta Txileko diktadurak desagertazi zituen milaka lagun fin, oso fin, uztartu ditu Guzmanek. Hain fin, poetikoa, non Gidoi Onenaren Zilarrezko Hartza jaso zuen. Galdu ezin den horietako da.
Ustakabe ona hartu nuen ere “Ixcanul“ filmarekin. Iaz Donostiako Zinema Eraikitzen sailean aipamena jaso zuen Jayro Bustamanteren lehen lan honek. Guatemalak Berlineko Sail Ofizilean sartu duen estreineko filmak sumendi baten pean neska indigena baten bizitza eta etorkizuna kontatuko digu. Film sendoa eta ederrak Berlinen film berritzaileei ematen zaien Alfred Bauer saria eskuratu zuen. Eta Berlineko Paronama sailean Lehen Lan Onenari saria eskuratu zuen Gabriel Ripstein ekoizleak zuzendutako “600 millas“ filmak. Arturo Ripsteinen semeak Estatu Batuetako eta Mexikoko mugaldeko arma trafikoa erakutsi nahi izan du. Tim Roth dago besteak beste antzeztaldean.
Aktore estatubatuarra mexikar zuzendari batek zuzenduta ikusteko beste aukera bat “Chronic“ filmean. Canneseko Sail Ofizialean parte hartu zuen. Hiltzorian dauden gaixoak zaintzen duen erizain bakarti baten istorioa dakar. Michel Franco ekoizle eta zuzendari mexikarrak ingelesez filmatzen zuen lehen filma. Tenpus geldoa du, ezinegona sortzen duen horietakoa, askok txalotu zuten eta Cannesen gidoi onenaren saria eskuratu zuen.
Cannesetik beste lau film ekarri dituzte. Beste sail paralelo batzuetan lehiatu eta sariok konkistatu zituztenak. Kritikarien Asteko FIPRESCI saria jaso zuen Santiago Mitre argentinarraren “Paulina“ pelikulak. Abokatu lana utzita Argentinako eskualde txiro batean irakasle joango da Paulina, giroari eta familia eta laguneei aurre eginez. Guztiz harrapatu ez baninduen ere, film gomendagarria da. Ez nuen “La Tierra y la Sombra“ ikusteko aukera izan. Baina César Augusto Acevedo kolonbiarrak Urrezko Kamara eskuratu zuen bere lehen film honekin. Ikusitako askok txalotu zuten familia baten harreman hauskorrak konpontzeaz aritzen den pelikula hau. Baina kritikoak gehien txunditu zituen filmak beste kolonbiar batek sinatu du. Amazoniasen sartu da Ciro Guerra bere “El Abrazo de la Serpiente“ osatzeko. Txuri beltzean, Amazoniaseko xaman baten istoria eta amets egin ezin duen txuri baten istorioa kontatuko digu.
Horiek nire gomendioak, baina gogoratu 14 izenburuk osatzen dutela saila.
Please comment with your real name using good manners.