Azken boladan ikusmin gehien sortutako estrenaldiak ditugu aste honetan Hego Euskal Herriko zine aretoetan. Fernando León de Aranoak gehien maite dituen gaiei buelta berria eman die baina honetan, estreinekoz, ingelesez lan egin du. Jonathan Demmek kantari baten bizitza dakarkigu mito batek gorpuztuta, Meryl Streepek gorpuztuta.
19 aldiz Oscar sarietarako izendatutako eta 3 aldiz irabazitako Meryl Streep berriz dugu pantailetan. Oraingoan larruzko galtzak jantzi ditu rock kantari bat jokatzeko “Ricki“ filmean. Rock abeslari izateko atzean gauza asko utzi ditu: tartean hiru seme alabak. Horiek laguntzera etxera itzuliko da. Rickiren alaba jokatzeko ekoizleek Meryl Streepen benetako alaba, Mamie Gummer, hartu dute. Streep ez da Oscar iruditxoa duen bakarra. “El Silencio de los Corderos” filmagatik eskuratu zuen berea Jonathan Demme zuzendariak. “Juno” filmagatik aldiz Diablo Cody gidoilariak.
Oscar bana dute aste honetan estreinatzen den beste pelikula baten protagonistak. Tim Robbins eta Benicio del Toro Balkanetara joan dira. Giza laguntzaile bi dira “Un Día Perfecto“ filmean. Horretarako Fernando León de Aranoa zuzendari espainiarraren agindupean jarri dira. León de Aranoak hain maite dituen gai sozio-politikoa landuko du beste behin, baina orain ingelesez. Bosniako gerran giza laguntzaile izan zen Paula Farías eta hori “Dejarse llover” liburuan laburbildu zuen. Hori oinarri hartu du León de Aranoak filma egiteko. Umorez, komedia puntuekin, arindu du gogorra den gaia. Cannesen aurkeztu zuten Errealizadoreen Astean. Gustura ikusi nuen, baina ez du León de Aranoaren beste filmeen indarra. Giza laguntzaren erretatu nahiko zehatza da baina. Donostian jatorrizko bertsioan entzuteko parada izango da.
Eta datozen asteko animaziozko filma izango da ezbairik gabe “Atrapa la bandera“ film espainiarra. Tadeo Jonesen sortzaileek oso estatubatuarra den gai kontatuko digute filmean. Bandera harrapatzea omen da ume estatubatuarrek egiten ohi duten joko bat. Gure protagonistak, 12 urteko Mike Goldwingek, Ilargian jarritako bandera jeitsi nahi du. Bere lagunen laguntzaz lortuko du. Espainolez dagoen bertsioan Dani Rovirak (“8 apellidos vascos”) eta Michelle Jennerrek (“Isabel”) jarri dituzte ahotsak.
Eta frantziar komediaren adibide berria da “Las Sillas Musicales“ filma. Komedia zoragarriak egin dituen eta Zinemaldian, sail ofizialean, ikusiko dugun Isabelle Carré Perrine da 40 urte betetzear dagoen ume festetako animatzailea. Gizon bat koman utziko du eta gutxinaka gizon horren bizitzaren inguruan murgilduko da. Carmen Maura ere aktore duen filma uztailaren bukaeran estreinatu zen Frantzian. Hiri handietan dagoen bakardadearen eta 30 hamarkadan dauden helduen krisi sentimentalaren erretratu hau Marie Belhommek zuzendu duen lehen film luzea da. Iruñean jatorrizko bertsioan ikusteko aukera izango da.
Please comment with your real name using good manners.