Beste behin aurten euskal ekoizpen bat izango da Donostiako Zinemaldiko “Zuzendari Berriak” sailean. Euskaraz filmatuta oraingoan. “Pikadero“ filmearen arduradunentzat, Ben Sharrock zuzendariarentzat eta Irune Gurtubai ekoizlearentzat, bete den ametsa da. “Pelikula egiten ari ginen bitartean Donostiako Zinemaldian egotea genuen helburu” aitortu digu Sharrockek. “Munduan dagoen nagusienetako da Donostia. Eta gainera euskaraz filmatuta egonik eta Euskal Herrian girotuta, bere toki naturala zen ” onartu digu.

Ben eskoziarrak eta Irune bizkaitarrak duela lau urte Edinburghen egin zuten topo. Ben zuzendaritza masterra egiten ari zen, Irune ekoizpena. Elkarlanean proiektuekin hasi eta maitemindu ziren. Egun Igorren bizi eta hemendik lan egiten dute. “Pikadero”, euren lehen film luzearen ideia Sharrocki etorri zitzaion euskal ingurua behatuz. “Hizkuntzetan inteses handia dut – arabiera eta politika ikasi nuen” dio. “Eta euskaraz, gutxiengo hizkuntza batean egin nahi nuen filma“. Horri bere egiteko modua, estiloa, lotu behar zaio. “Gehien gustatzen zaidana da gai serioen inguruan hitzegitea umore puntu batekin“, azpimarratu du zuzendariak. “Europako Hegoaldeak bizi duen krisi ekonomikoaz, batez ere gazteria kolpatzen ari den krisi ekonomikoaz hitzegin nahi nuen, baina umore puntu batekin” dio Sharrockek.

Horrela filmaren protagonistak Ane eta Gorka bi euskal gazte dira. Ezagutzen hasiberriak. Etxerik eta dirurik gabe, larrutik kostatuko zaie txortan egitea, erlazio jaioberria kolokan jarriz. Horren inguruan sortutako pasarteak kontatzen dira “Pikadero”n. Umore printzeei dagokionez “gure umorea, britaniarren umorea bezala, zuena, euskal umorea oso lehorra da, zuek gu bezala isilak zarete” dio. Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak “Pikadero”n agertzen den umorea sailkatu du. “8 Apedillos Vascos”etik urrun, umore nordikoa, Aki Kaurismakiren pelikuleetan ikusten den modukoa omen da. Zuzendari finlandiarrarekin konparazio hori “komplimendu da niretzat, Kaurismaki inspirazio haundia izan bait da” dio Sharrockek.
Ane eta Gorkaren paperean Barbara Goenaga eta Joseba Usabiagahautatu zituzten. Ekoizlearen laguntza izan zuen honetan. “Gidoia irakurtzen hasi orduko bien aurpegiak etorri zitzaizkidan burura“, dio Gurtubaik. “Liburu bat irakurtzen duzunean bezala, aurpegi batzuk jartzen dituzula, horrela ikusi nituen biak Ane eta Gorka bezala“, azpimarratu du. Aktoreek berehala onartu zuten proiektuan parte hartzea. “Aktuatzeko, kamara aurrean jartzeko modu eta umorea desberdina denez hasieratik maite izan zuten proiektua” dio Gurtubaik. Zorion Egileor, Lander Otaola eta Itziar Lazkano dira beste aktore batzuk.
Diru laguntza publikorik gabe egin dute. Eskozian eta Euskal Herrian pribatuki lortutako diruari esker. Orain filma izan dezakeen ibilbidearen zain. Hasteko teaser-ra, filmaren aurkezpentxoa izan behar zen istorioa film labur batean garatu zuten eta Britania Haundiko sari nagusienetan, BAFTA sarietan, bi ikur eskuratu zituen: talentu berrien artean idazle onenaren eta drama onenaren BAFTA. “Hori jakin genuen pelikula filmatzen ari ginela eta sekulako bultzada izan zen” dio Gurtubai ekoizleak. Beste sari baten atari izango?
Please comment with your real name using good manners.