Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 63. edizioaren atzera kontuan gaude. Ez da hilabete falta eta ia egitarau guztia kaleratu dute. Sail gehientsuenetan izango diren filmak argitaratu dituzte. Gauzak horrela eta askok zer ikusi galdetzen didazuenez egun hauetan sail gehienak zerrendatuko ditugu sarrerak salgai jartzen dituztenerako argibideren bat edo beste edukitzeko.
Sail batzuen kasuan erreza izango dut – izan beste zinemaldietan ikusi dudalako edo zuzendarien ibilbidea ezagutzen dudalako. Zuzendari Berriak sailaren kasuan hori zailagoa da. Izenburuak aditzera ematen duenez, zuzendarien lehen edo bigarren filma lehiatzen bait da sail honetan. Horrela da lehiatuko diren 14 filmetatik ia guztietan, batean ezik. Duela hiru urte lehiatu zen sail honetan Scott Graham eskoziarra “Shell” gordina baina sendoarekin. Berriro “Iona” dramarekin datorkigu. Gaztaroan gorrotatzen zuen jaioterrira, irlara, itzuli beharko da Iona krimen baten andiron. Nerabea duen semea eraman behar du berarekin. Ionak ihes egin zuen bizitza egitera behartuko du semea eta berak atzean utzitakoa itzultzen ikusiko.
Eskoziarra da baita Ben Sharrock baina Euskal Herrian eta euskaraz egin du bere lehen filma. “Pikadero“ filmarekin,Hegoaldeko Europan batez ere gazteek sufritzen duten krisi ekonomikoa islatu izan nahi du Sharrockek, umore puntu batez. Berarekin eta Irune Gurtubai ekoizlearekin egindako elkarrizketa egunotan izango duzue. Umorea barra-barra, Zinemaldiko zuzendariaren esanetan, Rudi Rosenberg frantziarrak egindako “Le Nouveau” (Berria) filmean. Nekazal giro batetik hirira, eskola berri batera, joandako hamalau urteko mutiko baten piurak kontatzen ditu. Rosenbergerrek eskarmentua du publizitate munduan eta aurretik egindako film laburrek antzezlan sariak jaso dituzte. Etorkizuneko aktore belaunaldia izan daitekena ekarriko digu filmak.

Gaztetxoak dira “Zuzendari Berriak” saileko pelikula askoren protagonistak. Krisi ekonomikoa baina baita balioen krisia nola bizi dute nerabeek eta euren familiek dute aitzaki film askok. Esaterako Tsotsorkova Svetla emakume aktore bulgariarrak zuzendutako “Jajda“ (Egarri) lehen filma. Iaz “Urok” filmak irabazi ondoren, ia ezezaguna zaigun bulgariar zinema ikusteko beste parada. Film honek sail honek azken urteetan duen beste ezagurrietako baten adibide da. Lehiatzen diren 14 filmeetatik 10 europearrak edo Europako herri batekin koprodukzioak dira.

Europaz kanpo egindako filmeen artean, aipatzekoa “After Eden“ filma. Hans Christian Berger kanadiarrak benetako aktore porno bat protagonista bilakatu du. Unibertsitate ikasle bakarti batek gehien maite duen aktore pornoa jarraituko du, errealitaten ezagutzeko adorea duen arte. Edo neskato baten maitasun loraldia, maitasun lesbikoa, “Barash“ filmean, Michal Vinik emakume israeldarrak zuzenduta. Suedia eta Danimarkaren ekoizpena du “Granny’s Dancing on the Table“ pelikulak. Hanna Skold zuzendariak crowfunding-a erabili zuen aitak mundutik babestuta hezi duen neskato baten istorioa kontatzeko. Egun ohikoa bihurtzen ari den transmedia proiektu da gainera, jokoa eta guzti atera dutela.

Azken bat gomendatu nahiko nizueke. Valéry Rosier belgiarrak egin duen “Parasol“ filma. Mediterraneon, oporretan, girotutako hiru istorio. Inoiz izan zen iragan baten nostalgia. Majorkan eta aktore amateurrekin egin du. Rosierren aurreko filmak, “Silence Radio” dokumentalak txundituta utzi gintuen Biarritzeko FIPA zinemaldian. Télérama sari irabazi zuen Belgikako nekazal herri batean irrati txiki batek egiten zuen konpainia erakusten zuen harribitxi horrek. Horrelakoa bada bere lehen fikzioa, Zinemaldian ikusiko dugun “Parasol” filmak txalo asko jaso ditzake.
Please comment with your real name using good manners.