Iaz Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren “Loreak” filmak Donostiako Zinemaldian historia egin ondoren – euskaraz osorik filmatutako Sail Ofizialean lehiatzen zen lehen pelikula izaki-, aurten Zinemaldiak hartutako ildoa errepikatuko du. Asier Altunak filmatutako “Amama“ Donostiako Zinemaldian Sail Ofizialean lehiatuko da. Horrekin batera Imanol Uriberen azkena “Lejos del Mar“ izango da Sail Ofizialeko emanaldi berezi batean, eta Alex de la Iglesiasen “Mi Gran Noche”, lehiaketatik kanpo parte hartuko du.
Ez da Asier Altuna Sail Ofizialean dagoen lehen aldia. Duela 4 urte “Bertsolari” lehiaz kanpo aurkeztu zuen. Zuzendari Berrien sailean lehiatu zen eta Gazteriaren saria jaso zuen. Baina aurten, Sail Ofizialean lehiatuko du. Asierrek pozik aitortu digun bezala “festibaleko puntu gorenean“. Eskaparate ona deritzo eta gainera ilusio berezia ematen dio “Donostian, etxean lehiatzea” Bergaran jaiotako zuzendariari. Nekazal munduaren gainbehera islatzen duen “Amama” Asier Altunaren oso proiektu pertsonala da, berak ezagututako errealitatetik ateratakoa. “Saiatu naiz pelikula eder bat egiten, ongi kontatuta, oso barrukoa“, adierazi digu. Gure “Pantaila Handian” jada Asier Altunarekin izan ginen pelikula hau filmatzen ari zenean. Hemen duzue elkarrizketa horren esteka. https://blogak.eitb.eus/zinemakoestreinaldiak/2014/11/28/asier-altuna-amama-hiltzorian-dagoen-mundu-baten-filma/

1984ean “Tras la muerte de Mikel“ eta 1994ean “Días Contados“ filmatu ondoren, ETAren munduaren inguruko trilogia itxiko du Imanol Uribek “Lejos del mar“ pelikula berriarekin. Parot doktrinari esker Eduard Fernandez gorpuzten duen ETA kide bat Almeriara, gartzelan ezagutu eta oso gaixo dagoen lagun bat ikustera doa. Bertan laguna sendatzen duen medikuarekin, Elena Anayak antzezten duen medikuarekin maiteminduko da. Hortaz gain, ETAk hildako lagun baten alaba da Anaya. Erbestean, Salvadorren jaiotako Imanol Uribe beste behin lehiatzen da Donostian 1994n “Días Contados” eta 1996ean “Bwana” pelikularekin Urrezko Maskorra lortu ondoren. Lehiaz kanpo aurkeztu du Alex de la Iglesias bilbotarrak “Mi Gran Noche“, Raphael abeslaria protagonista duen komedia korala.

Hori jakitera eman da gaur Espainiako Zine Akademian Zinemaldian egongo diren espainiar pelikulak aurkezteko urtero egiten den prentsaurrekoan. Hauez gain Donostiako Zinemaldiko 63.garren edizioko Sail Ofizialean, lehiaan Marc Recha, Agustí Villaronga eta Cesc Gay katalanak izango dira. Eta Espainiako koprodukzioarekin filmatu duten Federico Veiroj uruguaiarra eta Pablo Agüero argentinarra.

“Un día perfecte per volar“ filmean Rechak Roc semea eta Sergi López aktorea dantzan jarri ditu aita-semea bezala naturaren erdi-erdian. “En La Ciudad” zoragarriaren egilea, Gayk Ricardo Darín eta Javier Cámara aktoreak zuzendu ditu Truman“ pelikulan lagunen arteko harreman bat kontatzeko. Balear Uhartean jaiotako Agustí Villaronga bigarrenez lehiatuko da Donostian, 2010an “Pa Negre” arrakastatsua Sail Ofizialean aurkeztu ondoren. Pelikula berrian, “El Rey de la Habana“ Pedro Juan Gutiérrezen eleberria egokitu du. Kubako “aro bereziaren” erdian bizitzaren egunerokotasunari aurre egiten dakien pikaro baten pasadizoak kontatzen du pelikula.

Zuzendari Berrien sailean lehiatuko da Ben Sharrock zuzendari eskoziarra Arratian, euskaraz, filmatutako “Pikadero“ pelikularekin. Besteak beste, Barbara Goenaga, Joseba Usabiaga, Itziar Lazkano eta Lander Otaola aktoreak dituen filmak dirurik ez duen bikote baten arazoak kontatzen digu. Horrez gain aurtengo Kimuak uztaren barruan dagoen Tucker Dávila Wood bilbotarraren “Duellum“ film laburra Zabaltegin izango da.
Please comment with your real name using good manners.