Cannesen kritikoak txundituta utzi ondoren, azken asteetan gehien itxoiten nuen estrenaldia zen. Nik eta PIXAR etxearen ekoizpenak maite dituzten askok. “UP”, “Toy Story” eta “Wall-E” maisu-lanen ondoren, argi dago helduen animazioan errege direla. Eta Canneseko zinemaldian aurkeztu zuten “Inside Out” filma horren froga nagusia da. Euskadi eta Nafarroako zinemetan “Del revés“ izenburuarekin gaur estreinatzen den pelikularen ideia okurritu omen zitzaion Peter Docter gidoilari eta zuzendariari alabaren jarrera emozionala bat batean aldatu zenean. Estatu Batuetako erdialdetik San Frantziskora bizitzera joaten den neskato bat da protagonista. Bere bost emozio nagusien arteko lehia sortuko da: poza, beldurra, gorrotoa, haserrea eta goibeltasuna. “Up” eta “Toy Story” pelikulen zuzendariaren proposamen berriak ez du hutsegingo.
Eta karteldegian, aste honetan, dauden estrenaldi askoren artean, Canneseko zinemaldian prentsaren txaloak jasotako “Amy“ dokumentala aurkituko dugu. Kantariaren, Amy Winehousen inguruko dokumentala da. Bertan zorigaiztoko abeslaria, honen aita eta inguruan izandako hainbat lagun agertzen dira, publikatu gabe zeuden artxibo irudietan. Abeslaria bizirik zegoela kaleratu gabeko hainbat kanta ere ezagutzera ematen ditu dokumentalak. Zuzendaria, Asif Kapadia, ezaguna da paisaiak ederki erretatzeagatik baina duela gutxi BAFTA saria jaso zuen Ayrton Sennaren inguruko dokumental zoragarria egiteagatik. Donostian eta Iruñean jatorrizko bertsioan ematen dute “Amy” dokumentala.
Eta zinemaldietaz eta abeslarien inguruko dokumentalez ari garenez, aipatu gabe utzi ezin den “Kurt Cobain: Montage of heck“. Nirvanaren buru zorigaiztokoari buruzko dokumentala asko gustatu zen Berlingo eta Sundanceko zinemaldietan. Brett Morgen zuzendariak haurtzarotik jarraituko du inguruarekin amorratuta zegoen musikoaren bizitza. Dokumentala Courtney Love alargunaren babesa izan du baina musikoaren gaztetako lagun askok kritikatu dute. Nork duen arrazoi erabakitzeko, Iruñean eta Bilbon duzue filma ikusgai jatorrizko bertsioan.
Hau ere Sundance eta Berlineko zinemaldietatik pasa zen. “Blind“ pelikula norvegiarrak gidoi onenaren saria jaso zuen Utaheko neguko hiri horretako zinemaldian. Eta beste sari batzuk eskuratu ditu beste zinemaldi batzuetan. Ikusmena galdu duen Ingriden istorioa kontatzen digu. Ezagutzen zuen munduaz oraindik oroitzen da baina irudia gero eta lausoagoa da. Morten senarra batzutan etxean geratzen delaren susmoa du, bera begiratzen. Gizonaren lagun mina, Einar, onlineko pornoaren zalea amorratua bilakatu da. Lagunik ez duen Eilin bizilagunaren zelatan egoten da. Eskil Vogt zuzendariaren lehen luzea da eta Eskandinavian egun izena egiten ari den antzeztalde bat zuzendu du. Donostian, Iruñean eta Bilbon jatorrizko bertsioan emango dute.
Eta aitortu behar dizuet. Orain aipatu behar dudan pelikularekin kuriositatea dut. Errodajean izandako gorabeherak direla medio eta Juanma Bajo Ulloa eta Karra Elejalde bikotea denbora pasatzeko txartel ona bait da. “El Rey Gitano“ filmean krisian dauden bi detektibe erretratzen dira. Espainiar biren ordezkariak dira. Krisian daude, ijitu batek erret misio bat ematen dieten arte. Bajo Ulloa gasteiztarraren zuzendaritzapean, eta Elejalderekin batera, antzeztaldean orain arrakastatsu den Maria León eta aspaldi ikusten ez genuen Charo López daude besteak beste.
Eta mediterraniar komedia bat ez da falta gure pantailetan. Ziurrenik arrakasta handi izango du “Mi familia italiana“, Cristina Comencini zuzendari italiarrak filmatutako pelikulak. Matrikula italiarra du filmak baina espainiar kutsu garrantzitsua antzeztaldean. Italiar zinemaren galan handiena izandakoaren heriotzaren hamargarren urteurrena ospatzekotan daude aktorearen bi emazteak, Virna Lisi italiarrak eta Marisa Paderes espainolak eta munduan barreiatuko bost alabek. Lluis Homarrek gorpuzten duen aktorearen ordezkoa agertu arte. Hainbat aktore italiarrekin, Jordi Mollá eta Candela Peña ere aurkitzen ditugu. Aitaren oinordeko fina, Luigi Comenciniren alabak komedia dibertigarria egin du.
Please comment with your real name using good manners.