Pier Paolo Pasolini maisua Ostiako hondartzan, Erromako portuko hondartzan, hilda agertu zela 40 urte beteko dira azaroaren 2an. Idazle, gidoilari eta zinegile iraultzaileak bere hiria bihurtu zuen Erromarekin zuen erlazioa jasotzen duen erakusketa du zabalik Donostiako San Telmo Museoak. Benetan erakusketa interesgarria. Horri lotuta, gaur hasi eta udan zehar Pasolinik zuzendutako hiru pelikula eta egileari buruzko film bat emango dituzte.
Filmak zuzentzeari ekin baino lehen Felliniren “La Dolce Vita” eta “Le Notti di Cabiria” filmeen gidoian parte hartu zuen Pasolinik. 1961an zuzendu zuen lehen filma “Accatone”. Gaur, eguraldiak laguntzen badu, San Telmoko patioan, Pasolinik zuzendu zuen bigarrena, “Mamma Roma“(1962) emango dute. Jatorrizko bertsioan, euskarazko azpitituluekin. Erromatar ezagun batek, Anna Magnanik prostituta baten papera jokatzen du. Urtetan diru aurreztu ondoren, pisua erosi eta senide batzuekin dagoen semea ekarri araziko du. Baina erretiro barea izan behar duena konplikatuko zaio.
Lau urte beranduagoa, 1966an filmatu zuen “Uccellacci e uccellini“ (Pajaritos y pajarracos) Pasolinik. Gizon batek eta honen semeak hitzaldi marxista duen bele batekin topo egingo dute. Berehala 750 urte historian atzera jauzi egingo dute. Beste hegazti batzuk kristautatu beharko dituzte Frantzisko Deunak eskatuta. Film honetan Pier Paolo Pasoliniren mutil laguna, Ninetto Davolik, semearena egingo du eta Italiako zine izarra zen Totók aitarena. San Telmok uztailaren 30an emango du, jatorrizko bertsioan, gaztelaniako azpitituluekin.
1968an Veneziako zinemaldian parte hartu zuen Pasolinik zuzendutako “Teorema” filmak. Laura Bettik aktorearen onenaren saria jaso zuen. Terence Stampek gorpuztu zuen gizon eder bat familia aberats batera helduko da. Han neskamea, emaztea, semea, alaba eta aita seduzituko ditu, desagertu aurretik.Besteak beste, Silvana Mangano dago antzeztaldean. Abuztuaren 6an emango dute jatorrizko bertsioan.
Eta emanaldiak bukatzeko, abuztuaren bukaeran, iaz Abel Ferrarak zuzendutako “Pasolini“ filma emango dute. Ferrarak italiar intelektualaren azken egunak fabulatu ditu. Willem Dafoe oso sineskor dago Pasoliniren paperean. Abuztuaren 27an eskeiniko da, besteak bezala, gaueko 22:00tan eta doan, museoan bertan lortu daitezken gonbidapeen truke.
Please comment with your real name using good manners.