Ez dira oso ohikoak gure Euskal Herri euritsu honetan horrelako ekimenak. Ausardiagatik txalotu beharrekoa da guztiz. Udako gauak beroagoak eta lehorragoak izango direlaren itxaropenez azken urteetan Donostiako Cristina Enea parkean aire libreko zine saioak jarri dituzte martxan. Tabakalerak eta Cristina Enea Fundazioak elkarlanean egiten duten egitasmoaren ardatz aurten parkean ikusgai dagoen “Botanikarte” erakusketa da. Horrekin erlazionatutako lau filme emango dira, hasi Naturaren marrazki zientifikoetatik lurralde berrien aurkikundeen espedizioetara.
Iaz euriaren erruz, saio gehienak bertan behera geratu ziren. Baina eguraldi gizon-emakumeei kasu eginez, aurtengo lehena egiteko moduan izango da. Ostiral honetan José Luis Cuerda zinegile espainarrak 1987an errodatu zuen “El Bosque Animado” emango dute. Film fantastikoa da, botere magiko batek lagun batzuk baso batera eramango ditu eta bertan euren istorioak gurutzatuko dira. Alfredo Landa antzeztaldearen buru da. Jatorrizko bertsioan, gazteleraz emango da. Uztailaren 3an berriz “Arrietty y el mundo de los diminutos“, duela 4 urte Hiromasa Yonebayashi japoniarrak egindako pelikula pantailaratuko dute, eguraldiak lagun. Beste familia baten etxean, etxeko tresnak “lapurtuz” bizi den familia baten nondik norakoak kontatuko digu animaziozko film honek. Istorioa abiatuko da nanoen familia horretako alaba “aurkitzen” dutenean. Jatorrizko bertsioan euskarazko azpitituluekin emango da.
Parkean, arbolen erdian, kanpin aulkitan edo estalki baten gainean, agian pik-nik moduko bat lagun, uztailaren 10ean aukera berria. Duela bi urte kaleratutako “Under the Skin“. Johathan Glazer britaniarrak Scarlett Johansson zuzendu zuen zientzia fikziozko pelikula honetan. Johansson Eskozian arratsetan gizonak seduzitzen dituen emakumea da. Joko honen bitartez bere burua ezagutuko du. Eta zikloa bukatzeko uztailaren 17an “La Tienda de los Horrores“, 1986an Frank Oz estatubatuarrak zuzendu zuen musikala. 1960an egindakoaren bertsioan. Antzeztalde zabalan, besteak beste, James Belushi, Steve Martin eta Bill Murray aurkituko ditugu.
Orain prebisioek dioten moduan uda lehor baten zain.
Please comment with your real name using good manners.