Aste honetan Hegoaldeko zine aretoetan estreinatzen diren filmen artean, “White God“ hungariarra gomendatu nahi dizuet. Hortaz gain Tom Hardy protagonista duen “El Niño 44” thriller historikoa, Walt Disneyren azkena eta komedia erromantiko espainiarra ditugu karteldegian.
Iaz Cannesen gehien harritu ninduen pelikula izan zen. Neu eta epaimahaia. Horregatik “Un Certain Régard” saileko saria jaso zuen “Feher isten” (White God) film hungariarrak. Filma hasten denean Disney modukoa dirudi, txakur maitagarri baten filma dirudi. Baina segituan bira ematen du izu zinemaren uretan murgiltzeko. Canneseko eta Sevillako zinemaldietan ohikoa bilakatu den Kornél Mundruczók zuzentzen du intolerantziaz eta mendekuaz aritzen den film hau.
Aurrekoa ez da Disney faktoriakoa. Baina animazio erregeen produkturik ez zaigu faltako aste honetako karteldegian. Peter Pan liburuko maitagarria, Campanilla, hainbat filmeren protagonista izan omen da. Urrezko hautsa botatzen duen pertsonaia berriz pantailaratzen zaigu “Campanilla y la leyenda de la bestia“ film berriarekin. NeverBeast deituko duten animaliarekin adisketasun istorioa kontatuko digu Steve Loter zuzendari estatubatuarrak. Jada oporretan dauden haurrak entretenitzeko aukera paregabea da.
Aste honetako blockbusterra “El Niño 44“ da. Aita txiletarra baina Suedian jaiotako Daniel Espinosak zuzendu du Stalin garaiko krimen batzuk aztertuko dituen militar ohi baten kasua. Sobiet Batasunean ez dute onartu nahi umeen hiltzaileak daudenik. Horregatik ume batzuk hil dituen lagun bat ikertzen hasten denean Leo Demidov polizia militarra kaleratuko dute. Emaztearen laguntza izango du bakarrik. Tom Rob Smith idazleak egindako trilogian oinarrituta dago eta Estatu Batuak, Britania Haundia, Errumania eta Txekiar Errepublikaren arteko koprodukzioa da. Aktoreen artean egun modan dauden Tom Hardy eta Noomi Rapace daude.
Modan ere “8 apellidos vascos”eko protagonistak: Dani Rovira eta Clara Lago. Biak Maria Valverderekin ikusiko ditugu ezkontza baten inguruko pasadizioak gai dituen komedia berri batean. “Ahora o nunca“ filmean ikusiko dugun ezkontza ez da nolanahiko ezteia. Eva (María Valverde) eta Álex (Dani Rovira) ezagutu ziren lekuan ezkondu nahi dira: Ingalaterrako landan. Aire kontroladoreen greba batek dena nahastuko du. Zinema katalanaren sari nagusiena, Gaudi saria, irabazi ondoren, Maria Ripoll zuzendariak beste erregistro batekin dator.
Please comment with your real name using good manners.