CANNES 68: epokako zinea vs zine soziala

KRISTINA ZORITA Cannes

Goizean negua iritsi zaigu Cannesera. Euriartean, aterkia eskutan, egin dugu Croissetteko bidea. Triste agertzen ziren hotelek eta zinemaldiko hainbat sailek hondartzan dituzten kafetegi prefrabikatuak. Triste gu ere bai egunotan Europa hartu duten tenperatura jaitsierak eta eguraldi goibelak harrapatu gaituelako. Azkenean. Triste gaur goizean aurrean genuen gaia, Sail Ofizialean Jacques Audiard zuzendariak eta Thomas Bidegain gidoilariak prestatu gaituzten gaia ikusita.

Duela urte batzuk Canneseko Epaimahaiaren saria jaso ondoren “Un Prophet” filmagatik eta berriz kritika txunditu ondoren “De rouille et d’os” pelikugatik, Jacques Audiard berriz lehian da. Eta oraingoan Sri Lankako Tamil gerlari bat, Tigre gerlari bat, Frantzira etorkin modura etorritakoaren istorioa ekarriko digu. Porrotari eta gerrari ihesi, Dheepan etorkinak bizitza berriari ekingo dio Parisen. Gezurrezko emazte berria eta alaba berria eramango ditu, lehenik, Pariseko aterpe batetik bestera, gero Paris kanpokaldean egoten ohi diren babes ofizialeko auzoetako batera. Etorkinez beteriko auzo honetan zaintzaile eta garbitzaile gisa lana lortuko dute. Bizitza berrira, familia berrira egokitzen ikasi beharko dute. Baina iragana ez da errez atzean uzten. Gutxinaka auzoko indarkeriak harrapatuko ditu.

Jesuthasan Anthonythasan eta Claudine Vinasithamby

Dheepanen papera egiten duen Jesuthasan Antonythasan benetako Tigre gerlaria izan zen Sri Lankan. Behartuta. 1993an Frantziara iritsi zen eta hainbat lan txiki egin zituen. Eleberria idatzi zuen 2001an eta beste bat ateratzear du. Aktore modura oso lan gutxi eginda da, baina, agian gertutik bizitako esperientzia izan delako, oso sineskorra gertatzen da pelikula honeta. Sineskorrak ere emaztearen egiten duen Kalieaswari Srinivasan aktore indiarra eta alabera egiten duen Claudine Vinasithamby. Eta zer esan 30 film baino gehiago gainean dituen Vincent Rottiers frantziarri buruz. Aitortu behar dizuet Audiarden zalea naizela. Hau ere pelikula sendoa iruditu zait. Ederki eramaten dituena migrazioaren eta Pariseko hainbat auzo txiroetan bizi dena. Askok bezala ez dut bukaera atsegin baina testuinguruan ulertzen saiatu naiz eta zentzua ateratzen.

Eguerdirako argia eta kolorea itzuli da Cannesera. Kolore asko eguneko bigarrenean, lehen eskenak zuribeltzean badaude ere. 1980 hamarkadako izen handia izan zen Hou Hsiao-Hsien zuzendari txinatarra. Garai horretan egin zituen hamar filmetatik zazpik saria lortu zuten Venezian, Berlinen eta beste hainbat zinemaldietan. Orain “epoka”ko pelikula dakar Canneseko Sail Ofizialera. XI. mendean girotuta dago Nie Yinniang (Hiltzailea) filma. Zinegilearen haurtzaroko bizilekua izan zen Taiwaneko arte martzialak irudikatzen dira. Arte hori menperatuko ditu hiltzailea den emakumeak. Lehengusua, iraganean ezkondu behar zuen lehengusua, hiltzeko agindua jasoko duen arte.

Pelikula izugarri ederra da. Estetika deigarria, traje zoragarriak, paisai txundigarriak. Saritzeko moduko zinematografia. Lehen eskenek, txuribeltzeko eskenek serio harrapatu naute. Kritiko askoren esanetan, maisu lana. Itxaroten genuen lana. Somatzen dut sariren bat edo beste irabaziko dituela. Baina orduan, zergaitik aspertu naiz? Agian gaia zein zen ulertzen ez nuelako? Urrunegia zitzaidalako? Ez dakit. Prentsa aretoan batek zera gomendatu dit: ez da ulertu behar, sentitu besterik ez.

Corneliu Porumboiu zuzendari errumaniarraren lanetako bat iaz Donostiako Zinemaldiak Ekialdeko Europatik etorritako zinemari eskeinitako zikloan ikusi genuen. “12:08 East of Bucharest” asko gustatu zitzaidan. Umorez beteriko film hori buruan ekin dio Porumboiuren azkenekoa Comoara (Altxorra) ikusteari. Pelikula minimalista. Espainian bezala Errumanian krisia ekonomikoak astintzen du. Bankuari negurrigabeko hipoteka ordaindu behar dion gizon batek semeari Basoetako Robinen istorioa kontatzen dion bizilaguna konbentzituko du. Aitonak lurperatu zuen altxor bat bilatuko dute. Metaforaz beteriko pelikula txikia da. Ipuin txikia.

Comoara (Altxorra) iraganean oihartzuna duen egungo Errumania

Bihar lehian dugun latinoamerika bakarra, ingelesez errodatu duen Michel Franco mexikarra eta azken frantziarra, Guillaume Nicloux.

Article written by

Kristina Zorita Arratibel

Please comment with your real name using good manners.

Leave a Reply

Confianza online