KRISTINA ZORITA Cannes
Nekea nabaritzen da. Canneseko zinemaldiaren zortzigarren egunean sartu gara eta gero eta gehiago kostatzen da goizeko 7tan jeikitzea zine areto batera sartzeko. Eguneko lehian dagoen lehena 8:30tan ematen dute eta denboraz aretora sartzeko ahalegin hori egin behar da. Asko kostatzen da batez ere bezperan 22:-00tan hasten zen pelikula ikusi behar duzulako, eta bi ordu luze irauten duenez ordu txikitan oheratzen zarelako. Biak baina Sail Ofizialekoak eta biak printzipioz izen haundiek errodatuak.
Duela bi urte Canneseko kritikariak erdibanatu ondoren, lehian da berriz Paolo Sorrentino, filmagatik Oscar saria jasotako zuzendari italiarrak. Cannesen lehiatuko zirenen zerrenda eman zutenean bere film berria, “Youth“, gehien itxoitzen zirenen artean zegoen. Sorrentinok ingelesez errodatu duen bigarrena da. Aurretik “Il Divo” ere zuzendu zuen zinegilearen lan berriaren irrikitan ginen gainera antzeztalde zorigarria bait du: besteak beste, Michael Caine, Harvey Keitel eta Rachel Weisz.
Suitzako hotel-bainuetxe batean egonaldia egingo dute erretiroa emanda dagoen musika konpositore eta orkestra zuzendari batek (Caine) eta zinegile batek (Keitel). Gaztetik lagunak dira. Prostata eta osasun arazoak elkarri kontatzen dizkiote eta bizitakoaz erreflexionatu. Tartean zine papera prestatzen ari den aktore estatubatuarrak (Paul Dano) adi begiratzen ditu. Rachel Weisz orkestra zuzendariaren alaba eta laguntzailea da. Eta Jane Fondak divarena egiten du – Keitel eta Fondaren zimurdura guztiak aurkezten duen lehen planoa itzela da. Caine, Dano, Keitel eta Fonda izugarri daude. Filmak une zoragarriak ditu – Maradonaren itxura duen berezoarena esaterako. Txundituta bezala egon naiz filma ikusi dudan bitartean, hunkituta, estetika miresten. Baina atera naizenean zerbait falta zitzaidan. “La Grande Belleza” filmak zuen txinparta faltan bota dut. Hori bai irudi propioa duela aitortu behar zaio Sorrentinori.
Gaur lehiatzen den zuzendaria duela bi urte ere izan zen Sail Ofizilean. Veneziako zinemaldian hasi zen bere pelikulak aurkezten Zhangke Jia zuzendari txinarrak. Egun Cannesen egiten du eta duela bi urte “Un Toque de Violencia” bere filmak gidoi onenaren saria jaso zuen frantziar zinemaldian.Tao Zhao azken urteetako musa eta orain emaztea du aktore nagusi “Shan he gu ren“ (Mendiek alde egin dezakete) lehian dagoen film honetan. Herri bateko neska bat da, 1990an filma hasten den unean, bi mutilen artean erabaki behar duen neska alai eta adoretsua. Dirua egiten ari den mutikoarekin ezkonduko da eta bestea Mongoliara joango da, mehategietan lan egiteko. Pelikula hiru ataletan dago egituratuta. 1990an lehena, gero 2014an kokatzen da -emakumea dibortziatu da eta gizona semearen hezkuntzaz arduratuko da- eta azkena 2025an, Australian hazi da semea.
Filma hasteko Pet Shop Boys taldearen “Go West” abestiaren koreografia egingo du Tao Zhao aktorearen izen bera duen protagonistak. Abesti horrek ematen du pelikularen gaia. Txinak azken hamarkadeetan bizitako eradalketaren metafora da Taoren familiaren kontakizun hau. Mendebaldearen ohiturak hartzen ari den gizartea erretratu nahi du Zhangke Jia zuzendariak. Metafora oso politak ditu, ondo eramanda baina hori bai, batzutan kulebroi kutsua du, agian azken urteetako Txinan egiten den zinemaren islada.
Aurten Turkiak armeniar genozidioari ekin ziola 100 urte betetzen direnean, jatorri armeniarra duen Robert Guediguian zuzendari frantziarrak gaia jorratzen duen filma estrenatu nahi zuen. Berak esaten duen moduan, “behartuta negoen“. Marsellan, Cannesetik oso gertu bizi den zuzendariak “Une Histoire de Fou“ estrenatu du zinemaldian. Saio Berezi batean. Genozidioa armeniarra gogoratu nahi du, horren mendekua hartzeko mende hasieran egondako mugimendu armatua kontatuko digu eta gero 1970eneko hamarkadan berrindartu ziren erasoen berri eman. Azken parte honetan, lagungarri izan du, armeniar talde armatu batek Madrilen egindako eraso baten ondorioz erdi elbarri geratu zen Jose Guriarran kazetariaren liburu bat. Zaila zela onartu zigun Guediguian berak Donostian Giza Eskubideen Saria jaso zuenean. Eta bai, onartu zaio zaila gertatu zaiola. Gehien gustatu zaidan planoa 1970eneko hamarkadako borroka armatuan izandako eraldaketa – nola hilketa bakarretik berezi gabeko bonba erasoetara pasa zirenekoa. Garai hartan zeuden hainbat mugimendu armatu ere agertzen dira. Erraza da gainera paralelismoak egitea.
Bihar lehian dagoen hirugarren asiarra, Hou Hsiao-Hsien korearra, eta entzute haundia duen Jacques Audiard frantziarra.
Please comment with your real name using good manners.