KRISTINA ZORITA Cannes
Akreditatuko ia 5.000 kazetariekin, Cannesen hainbat filmen emakizunetara sartzea ez da batere erreza. Batzutan ordubetez itxaron dezakezu errekan, azkenean “salle comblée” (aretoa beteta) entzuteko eta ezin barrura sartzeko. Horregatik agian goizeko 8:30ko emankizunetarako, Sail Ofizialeko eguneko filmeko emankizunetarako, zinemaldian dagoen areto handiena betetzen denean, duela 8 urte zabaldutako aretoa gehitzen zaio. Bertan sartzen gaituzte, beste aretoan sartu ez direnak, berandu iritsitakoak eta merkatuan aritzen direnak. Emakizun ofiziala baina beranduagoa hasten da hemengoa. Horrela gertatu zait ostiral goizean Yorgos Lanthimos greziarraren filma ikusteko.

Zinemaldiko buruetako batek, Thierry Frémauxek berak, esaten badu pelikula bat ez dela guztiz ulertzen, zer ikusiko ote duzun beldurrarekin hurbiltzen zara aretora. 2009an, “Canino” filmarekin, Un Certain Regard saria jaso zuen Yorgos Lanthimos ez da erraza, noski. Greziako krisiak akuilatuta surrealismoa eta imaginazioa indartu duen belaunaldiaren ordezkari nagusia da. Eta Canneseko zinemaldiak dioenez “The Lobster“ (Otarraina) filmarekin, Sail Ofizialean lehiatzen den filmarekin, heldutasunera iritsi da. Greziarrak estreinekoz ingelesez filmatu du, Irlandan eta nazioarteko antzeztalde batekin. Besteak beste, Colin Farrell irlandarra, Rachel Weisz britaniarra eta Léa Seydoux frantziarra izan ditu aktore.

Premisa erakargarria du: etorkizun hurbil batean ezkongabeak atxilotzen dituzte, hotel batera bidali eta 45 egunen buruan bikotekidea aurkitzera behartu. Ez badute lortzen animali bihurtuko dituzte. Hotelean dauden arau batzuek parregura sortu digute. Baita ere arau horien aurka, basoan libre, bikotekidea bilatu gabe, daudenen arauek. Internet bidez bikotea lortzeko metodoen oihartzuna dago. Edo antolatutako ziteena. Azken batean maitasuna bilatzaren inguruko fabula burutu du Lanthimosek. Zuzendariaren hitzetan “maitasun ez konbentzional baten inguruko istorioa da “The Lobster”, bakardadearen ondorio gaiztoen ingurukoa, bakarrik hiltzearen beldurraz eta beste batekin bizitzearen zoriontasunaz hitzegiten duena“. Niretzat ederra, oraingoz ikusi dudan ederrenetakoa, eta hasieratik bukaeraino maite dudan horietakoa.
Ostiralean lehian zegoen lehen filma zaila bazen, bigarrena gogorra. Naziek Auschwitzeko konzentrazio eremua martxan jarri zutela 75 urte beteko dira bost egun barru. Hori gogoan edo, holokaustoaren drama kontatzen digun pelikula ikusteko aukera izan da gaur Sail Ofizialean. “Saul Fia” (Saulen semea) beste juduen hilketa laguntzera behartutako judutarren mundura hurbiltzen gaitu. Beste presoetatik desberdinduak, gas ganbarak kudeatzen zituzten, hilabete gutxira eurak ere akabatzen zituztela. Filmak heriotz eremu horren egunerokatasuna ekarriko digu.
Saul beste juduen heriotzean laguntzera behartutako judua da. Akabatu dituztenen artean semea aurkitu duela uste du. Eta pelikula osoan bereak eta bik egingo du, gorpuari ganoraz lur emateko. 38 urteko Laszlo Nemes hungarriak idatzi eta zuzendu du. Bere lehen luzea da. Nemes Béla Tarr zuzendariaren laguntzaile izan zen. Tarr oso maitatua izan da Cannesen eta askok uste izan dute horregatik hautatu dutela Sail Ofizialean lehiatzeko. Baina meritua onartu behar zaio Nemesi berari. Oso plano itxiekin, ohiko holokaustoko irudia sahiestu du, drama zein punturaino zein eta utzitako trauma zein zaila den errealismoz kontatuko digu. Klaustrofobikoa izan daiteke. Une gordin baina eder batzuekin. Hego Euskal Herrian ikusteko aukera izango dugu, “Avalon” banatzaileak zinemaldia aurretik erosi baitzuen. Eta litekeena da Donostiako zinemaldian ere izatea.
Osteguna japoniarra izan genuen. Sail Ofizialean Kore-Eda eta Un Certain Regard zabalduz Kawase lehiatzen baziren. Ostiralean ordea juduen eguna ematen du. Sail Ofizialeko “Saul Fia”az gain, Natalie Portman aktoreak zuzendaritzan egin duen saiakera ikusteko aukera izan dugu. Saio berezia bezala programatu dute Portamen lehen luzea. Amos Oz idazle israeldarraren haurtzaroa kontatzen digu “Tale of Love and Darkness“ (Maitasun eta Goibeltasun Ipuina) filmak. Hain zuzen Israelgo Estatu sortu zen garaian kokatua dagoena. Aurten 70 urte sortu zen estatua. Kontatzen digu ondoren sortutako gerrak nola desorekatu zuen guztiz idazlearen amaren buru osasuna. Gerra aurretik ipuinak eta pasadizioak kontatzen zion amak, ondoren bakardadean isolatu zen. Amarena egiten du, zuzentzeaz gain, Portmanek berak. Ez du goian aipatutako filmen maisutasuna. Baina egia esan gustora ikusten den horietako da, istoria sendo baten oinarrituta dagoela argi geratuz.

Amaren irudia berriz izango dugu larunbatean. Sail Ofizialean “Mia Madre” (Ama) izenburua duen Nanni Moretti italiarraren azkena. Eta bihar Gus Van Santen azkena, Matthew McConaughey suiziden baso batean, sartuko da lehian.
Please comment with your real name using good manners.