Maiatzean Donostiako Kresalaren egitaraua mehetzen da baina programatu dituzten bi pelikulak sendoak dira. Bilboko FAS zineklubak berriz ohiko modura lau film zerrendatu ditu. Tartean FANT zinemaldiarekin duten elkar saioa.
Besteak beste, “Senderos de Gloria” filmaren zuzendariak, Stanley Kubrickek, gai belikoa hartu zuen bere lehen fikziozko filma errodatzeko. Osabari esker bildutako ia 40.000 dolarrekin egin zuen 1953an “Fear and Desire“ pelikula existentzialista. Gerra batean lau soldadu arerioaren lurrean agertzen dira. Aktoreen artean gero zuzendari ibilbidea izan zuen Paul Mazursky bera zegoen. Duela bi urte berreskuratu zuten eta gaur Kresalak pantailaratuko du Donostian.
Maiatzaren 18an zendu berri den Manoel de Oliveira zinegile portugaldarra omenduko dute. 106 urte zituen hil zenean, zinea mutua zela hasi zuen lanean. Kresalan 2003an errodatu zuen “Una pelicula hablada“ jarriko dute. Kruzero batean Lisboatik irteten da emakume bat alabarekin, Indian senarrarekin biltzera. Aurretik Mediterraneo itsasoan egingo duten bidaian Catherine Deneuvek antzezten duen emakume frantziar bat, Stephanie Sandrellik jokatzen duen italiarra eta Irene Papasek gorpuztutako greziarra ezagutzen ditu. Afariak elkarrekin egiten dituzte, John Malkovichek jokazen duen kapitainarekin, bakoitzak bere hizkuntzan hitzegin baina elkar ulertzen dira.
Bilboko zineklubak zinemaldietan sariak jaso eta jaso ari den “Güeros“ mexikarrarekin ekingo diote hilabeteari. Berlinen lehen film onenaren saria eta Donostian Horizontes saria jaso zuen Alonso Ruiz Palaciosek zuzendutako filmak. Diru gutxirekin bizi den gazte bati anai gaztea bidaliko diote. Elkarrekin musiko baten bila bidaia ekingo diote. Asteartean emango dute FAS zineklubean. Hurrengo astean berriz, FANT saioa egingo dute, zinemaldiarekin bat eginez, GOLEM ALHONDIGA zinemetan.
Maiatzaren hirugarren astean, hilabete honetako bigarren film latinoamerikarra pantailaratu du FAS-ek. Sari potoloak irabazi dituen “Jauja“ argentinarra emango dute. Kultozkoko zuzendaria da Lisandro Alonso. Jauja betidanik lur mitologiko, aberastasun iturria izan da. Baina euren bila doazenak erotu dituena. Hemen Viggo Mortensen alabarekin Danimarkatik basamortuan dagoen lurrera joango da. Pelikula honen aurretik “Betiko“ film laburra emango dute, Arantza Ibarrak zuzendutako filma.
Hilabetea bukatzeko iazko euskal ekoizpen haundienetakoa emango dute. Donostiako zinemaldian, Sail Ofizialean baina lehiaz kanpo aurkeztu ondoren, maiatzaren 25an “Lasa eta Zabala“ pelikula emango dute Bilbon. Desagertutako ETAkide horien azken orduak zeintzuk izan zitezken fikzionatzen du pelikulak, kasuaren sumariotik tiraka. Pelikularen zuzendaria bera, Pablo Malo, eta gidoilaria Joanes Urkixo izango dira pelikula aurkezten.
Please comment with your real name using good manners.